13/13 sumarioaren epaiketa salatzeko mobilizazioak egin dituzte Bilbon eta Donostian
Astelehenean, uztailak 12, Auzitegi Nazional espainiarrean hasiko den 13/13 sumarioaren epaiketa salatzeko mobilizazio jendetsuak egin dituzte Bilbon eta Donostian. Estatuko eragile boteretsuek presoen eskubideen aldeko lana kriminalizatzen segitzen dutela salatu dute.
Mobilizazio jendetsuak egin dituzte larunbat eguerdi honetan Bilbon eta Donostian Auzitegi Nazional espainiarrak uztailaren 12an abiatuko duen 13/13 sumarioaren epaiketa salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko.
Fiskaltzak 77 urteko kartzela-zigorra eskatu du zortzi auzipetuentzat. Euskal presoen eskubideen defentsa eta abokatu lanak egiteagatik atxilotu zituzten 2010ean Arantza Zulueta, Iker sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi. Horri tiraka, Fiskaltzak hainbat delitu egotzi dizkie auzipetuei, besteak beste, ETAko «kide» izatea eta «talde armatuari laguntzea».
Beñat Luxarretak Donostian eta Ane Larrea eta Jose Moralesek Bilbon adierazpenak egin dituzte manifestazioen amaieran. «Nork esan behar zigun orain dela hamar urte, 2021ean oraindik kartzelak betetzen jarraitu behar zutela? Nork esan behar zigun Guardia Zibilak haietako batzuei eragindako tortura basatien bidez lortutako inkulpazioak erabiltzen jarraitu behar zutela? Noiz arte pairatu behar dugu indarkeria hau guztia? Herri honek bakea, elkarbizitza eta askatasuna merezi ditu», adierazi dute.
Estatuko eragile boteretsuek presoen eskubideen aldeko lana kriminalizatzen segitzen dutela salatu dute: «ETAren jarduera armatua behin betiko amaitu eta hamar urtera presoekiko elkartasuna, defentsa eta sustengua ari dira kriminalizatzen. Kartzelak hustu beharrean betetzen segitzeko, preso berriei ere salbuespeneko politika kriminalak aplikatzen jarraitzeko, eta jendarteak erakutsitako elkartasun, defentsa eta sustengua zigortzen jarraitzeko».
Horren aurrean, euskal jendarteak aurrera egiteko «determinazio irmoa» duela nabarmendu dute.
«Auzitegi Nazionalaren bermeak ez dira oso handiak»
Bilboko manifestazioaren hasieran, Alfonso Zenonek, akusatuetako batzuen abokatuak, ohar bat irakurri du, eta ohartarazi du «bakearen etsaiek bazekitela 2010ean ezker abertzalea ehuntzen ari zena: borroka armaturik gabeko eszenatokia». «Bazekiten epaituko dituzten zortzi pertsonak presoak eragile aktiboak izanik testuinguru berrira egokitzeko lanean ari zirela», azpimarratu du.
Gainera, Guardia Zibilak aurkeztutako frogak atxiloketetan eta galdeketetan auzipetuen «oinarrizko eskubideak urratuz» lortu zituela berretsi du: «Bakearen etsaiek errukirik gabe torturatu zuten erruztapenak erauzten saiatzeko». Horren adibide da duela egun batzuk bideo baten bitartez Naia Zuriarrain auziperatuak kontatu zuen bizipena.
Euren itxaropenei dagokienez, Zenonek esan du ez dutela gauza handirik espero, «Auzitegi Nazionala delako eta hango bermeak ez direlako handiak». «Gure ustez eman diren eskubide urraketa guztiak planteatzera goaz, deuseztasun guztiak, eta indar guztiekin borrokatzera akusatuak absolbituta atera daitezen», adierazi du.
Arantza Zulueta: «Indartsu baina kezkatuta»
Bilboko manifestazioaren amaieran Arantza Zuluetak ere hartu du hitza eta herritarrek emandako babesa eskertu du: «Zuen elkartasuna eta zuen maiatasuna gabe ez litzateke posible izango indartsu aurre egitea horrelako epaiketa bati».
Indartsu baina ere berean «kezkatuta» daudela adierazi du: «Badakigu salbuezpen tribunal honek herri honen kontra zenbat trikimailu eta zenbat zigor eraiki dituen. Baina oztopo guztien gainetik, esaten dizuegu herri honek konponbidean, elkarbizitzan, bakean eta demokrazian jarraituko duela lanean eta urratsak emango dituela».
«Espainiar Estatuaren errepresio politikoa»
Manifestazioetan EH Bildu eta ELA eta LAB sindikatuetako kideak izan dira ere. EH Bildutik, Julen Arzuaga legebiltzarkideak kritikatu du berriro ari direla «sumario politiko» baten aurrean; «izan ere, duela 25 urte sortutako ETAren interpretazio estrafalario hark indarrean jarraitzen du, xantaia egiteko eta abantaila politikoak lortzeko metodo gisa».
«Euskal gizarteak bakea eta bizikidetza finkatu nahi ditu, eta sumario horiek kontrako zentzuan datoz. Kartzelak militante politikoz husteko unea da, berriz bete beharrean», gaineratu du Arzuagak.
ELA sindikatutik Leire Txakartegik salatu duenez, «duela hamar urteko gertaerak epaitzen ari dira, egoera politikoa erabat aldatu denean». Halaber, «irregulartasun larriak eta asmo politikoa» dituen prozedura judizial baten aurrean daudela ohartarazi du.
«Zenbait sektorek iraganeko eskemak iraunarazi nahi dituzte, oraindik amaitu ez den herri honetako bake prozesuan urrats eraginkorrak ez emateko», ziurtatu du.
Bestalde, Garbiñe Aranburu LABeko buruak Donostiako manifestazioan parte hartu du, eta, bertan adierazi duenez, «epaiketa hau ez egiteko eta sumario berririk ez irekitzeko» eskatu nahi dute, «erabat anakronikoa» delako.
David Fernandez Kataluniako ANCko presidenteordeak ere parte hartu du Bilboko mobilizazioan, eta «espainiar Estatuak Euskal Herriaren eta Kataluniaren aurka daraman errepresio politika» salatu du. «Espainiako nazionalismoak herri ikuspegi frankista batekin dago instituzioetan», adierazi du, eta auzipetuei babesa helarazi die, «indarkeriarekin amaitzeko lanak» egin zituztelako.
Irailaren 12an mobilizazioa
Uztailaren 12an hasiko den epaiketa luzea izango da. Uztailean, zortzi eguneko iraupena izango du. irailean, beste zortzikoa. Hori dela eta, irailaren 12an, Donostiako estropadetan, beste manifestazio batean parte hartzera dei egin diete euskal jendarteari.