INFO

Baionatik Donibane Lohizunera 31 kilometro «Orain Presoak» aldarrikatzeko

Espetxean 31 urte bete dituzten Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Unai Paroten askatasuna eskatzeko 31 kilometroko ibilaldia burutu dute ehunka lagunek Baionatik Donibane Lohizunera. Bake Bidea eta Bake Artisauen mobilizazioa 600 pertsonako manifestazio batekin amaitu da.

Manifestazioaren amaieran Anaiz Funosas eta Jean-Daniel Elichiry Bake Bideako bozeramaileek hitz egin dute. Guillaume FAUVEAU

Bakearen Artisauek eta Bake Bideak egindako deiari erantzunez, goizeko 8:30etan puntuan abiatu dira 80 lagun Baionatik Donibane Lohizune aldera. Espetxean 31 urte bete dituzten Jakes Esnal, Unai Parot eta Ion Kepa Parot presoen askatasuna eskatzeko 31 kilometro egin dituzte Lapurdiko kostaldea zeharkatuz eta arratsaldeko 17:30etan 600 lagun baino gehiago bildu dituen manifestazio batekin amaitu dute ibilaldia Donibane Lohizunen.

Antolatzaileek jakin arazi dutenez aurrez 150 lagunek izena eman zuten mobilizazioan parte hartzeko, baina egunean zehar jende gehiago batu da oinezko martxara. Horrela, Bakearen Artisauen peto urdinak soinean, biderako beharrezko jaki eta edariak motxilan gordeta eta «Orain presoak» goiburua zuten banderak esku artean, Errobi ibaia lerratuz abiatu dira martxistak Angeluko Barra hondartza aldera eta hasierako indar berarekin heldu dira arratsaldean Donibane Lohizunera.

Turista artean

Baionatik Angeluko Barra hondartzara joan dira eta handik Angeluko hondartza guztiak zeharkatu ostean, Biarritzera heldu da martxa. Eremu turistikoenetatik pasa dira, hala nola, Biarrizko itsasargia, Palazio hotela, eta erdigunea zeharkatu dituzte eta etenaldi bat egin dute  Atalaian, itsas museoaren gainaldetik itsasoari begira bazkaldu eta indarrak berreskuratzeko.

Hurrengo atsedenaldia arratsaldeko 14:30ean egin dute Bidarteko plazan, eta kostaldetik jarraitu dute atsedenik ematen ez zuen eguzkiaren azpian, Uhabia hondartza, Getariako portua, Akotzeko hondartzak (Zenit, Maiarko eta Lafitenia), Erromardi hondartza eta azkenik, Donibane Lohizunera iritsi dira Santa Barbarako muinotik.

Berrehun bat lagunek txalo artean hartu dituzte martxistak eta bost minutuko atsedenaldia egiteko denbora ere eskaini diete manifestazioa hasi aitzin. «Iritsi gira azkenean», esaten zion izerditan blai zegoen neska gazte batek telefonoaren beste aldean zuenari.

Donibane Lohizuneko hondartza eta karrikak jendez lepo ziren eta bazen hondo-zarata eta mar-mar etengabea, baina ahots sakoneko gizon bat « Euskal Presoak etxera!» oihukatzen hasi den unean itzelezko isiltasuna nagusitu da. Soilik manifestarien oihuak entzun ahal izan dira une batez Donibane Lohizuneko pasealekuan. «Nortzuk dira? Zer esaten dute», errepikatzen zuten turistek harrituta.

Hitzartzea Donibane Lohizuneko plazan

Antolatzaileen arabera 600 lagun baino gehiago bildu dituen manifestazioa Luis XIV. Plazan amaitu da eta Bake Bideako ordezkariek hartu dute hitza. Parisko fiskaltza antiterroristaren jarrera salatu eta «kezka« eragiten diela jakin arazi du Jean-Daniel Elichiry bozeramaileak.

Anaiz Funosasek, ostera, «Euskal Herriak eman duen bilakaera ezin ukatuzkoa dela» aitortu arren,  duela 10 urte Aieten hasitako bidea «indartu eta egonkortu» egin behar dela azpimarratu du. Zentzu horretan, Emmanuel Macron presidente frantsesak 2019ko maiatzean Biarritzen esan zituen hitzak ekarri ditu gogora: «Niretzat euskal gatazka egiazko gai bat da, Euskal Herria gatazka konponbide eta armagabetze adibide eredugarria da. Estatuaren eginkizuna da mugimendu hori laguntzea. Ez dezagun utz historia errepikatzea. Lagun dezagun».

Amaitzeko, Parot anaien zein Esnalen kasuan, Frederik Haranbururekin bezala, kalera ateratzea beste irtenbiderik ez dutela «onartuko» ohartarazi dute Bake Bideako bozeramaileek. «Jon, Jakes, Unai gurekin!» oihukatu du Funosasek ozen, eta txalo zaparrada batekin erantzun diote entzuleek. «Euskal Presoak etxera» oihuen artean amaitu da Lapurdiko kostaldea zeharkatu duen mobilizazioa.


Ezinbesteko etapa

Goizean, Baionako Roland Barthes plazan bildu diren lagunen artean Jean-René Etchegary auzapezaren alderdiko ordezkariak ere izan dira. Modu horretan,  Demokraten eta independenteen Batasuna alderdiko Olivier Alleman eta Loïc Corrégé hautetsiek sostengua erakutsi nahi izan diete oinezko martxan parte hartzeko bildu direnei.

Martxa hasi aitzin Emilie Martin bozeramaileak hitzartze labur bat egin du mobilizazioren zergatia azaldu eta arratsaldean Donibane Lohizunen egingo duten manifestaziorako deia luzatzeko. «Iraganaren irakurketak zor ditzakeen desberdintasunez harago, militante hauen askatasuna ezinbestekoa den zerbait bilakatu da lurralde mailan, ezinbesteko etapa bat», nabarmendu du Martinek.

Pasa den apirilean espetxean 31 urte bete zituzten Jon Esnal, Ion Kepa Parot eta Unai Paroten egoera ekarri dute gogora antolatzaileek, eta, azaroaren 24an baldintzapeko askatasunean kaleratua izan ostean,  Frederik “Xistor” Haranburu zaintza elektronikoarekin dagoela oroitarazi dute.

«Eztabaida ezin daiteke burdin barren gibeletik egin, Euskal Herriko jendarteak bilakaera erradikal bat espero du euskal presoen gaiaren inguruan», eman du aditzera Martinek, eta zera zehaztu du,  «euskal jendartea prest da urrats guztiak laguntzeko eztabaidaren bidean eta ondotik, gatazkaren biktima guztien inguruan eta justizia trantsizionalaren inguruan».

Hitzartze laburraren ostean, argazki bat atera dute parte hartzaileek eta sirena hots batekin hasiera eman diote martxari. «Hor fite abiatuko gara eta hitzordua ematen dugu arratsaldeko 5etan Donibanen Lohizunen manifestaldia egiteko zaldien digatik», errepikatu dute antolatzaileek martxan jarri aitzin.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.