Ehundik gora lagun Euskal Herritik Kanarietara, EBko migrazio politikan aldaketak eskatzeko
Mugak Zabalduz karabana larunbatean abiatuko da Kanariar uharteetarantz. 350 pertsonek hartuko dute parte migratzaileen giza eskubideen urraketak salatzeko ekimenean. Parte-hartzaileen %30 Euskal Herrikoak dira.
Seigarren edizio honetan, Mugak Zabalduz ekimeneko 350 parte-hartzaileek Iberiar penintsulatik, Balear irletatik eta Italiatik abiatuko dute Kanariar uharteetarantz bidea. Partaideen %30 euskal herritarrak dira eta %70, emakumeak. Karabana uztailaren 17tik 24ra bitartean egingo da eta hainbat helburu barnebiltzen ditu: alde batetik, giza eskubideen urraketak zein desplazamendu behartuak salatzea; bestetik, politika migratorio, komertzial eta nazioarteko alternatiboak aldarrikatzea.
Mugak Zabalduz karabanak azaldu du azken urteetako baldintza politiko, sozial eta ekonomikoek gero eta pertsona gehiago bultzatzen dituztela proiektu migratorioak abiatzera. Gainera, pandemiaren eraginez mugak itxi behar izanak migrazio ibilbide «arriskutsuenetako» zirkulazioa «berpiztu» du. Tartean da Kanarietako ibilbidea.
Ondorioz, urtea hasi denetik, gutxienez, 1.851 pertsona hil dira Europara iritsi nahian. Mugak Zabalduz karabanak Europar Batasunari eta bere migrazio politika «hiltzaileei» egozten diete heriotza hauen errua.
Hori horrela, Europar Batasunaren Migrazio eta Asiloaren itun berria gaitzetsi dute karabanaren antolatzaileek. «Itunak itzuleran, deportazioetan, mugen kanporatzean eta mugako kontrolaren oinarrizko tresna gisa hirugarren herrialde batzuekin akordioak sinatzean jartzen du fokua», nabarmentzen du eragileak. Horrekin batera, Espainiar Estatuan dauden eta egoera administratibo irregularra duten pertsonen egoera erregulatzea eta mugimendu askatasuna opatzea eskatzen du karabanak.
Kanariar uharteak helmuga
Eragileak adierazi du, turismoaren geldialdiaren ondorioz, autonomia-erkidegoaren egoera sozioekonomikoa «sostengaezina» dela. Hortaz gain, Kanariar irlek Europara sartzeko «mugako zaindariaren» eginkizuna hartu dutela salatu dute: «Uharteak neokolonialismo estraktibistarako plataforma gisa militarizatzeaz gain, mugako guardiaren rol berri hori gehitu behar zaio, biztanleriaren iritziaren aurka, zeina, orain arte agerian geratu den bezala, gehienbat solidarioa baita migratzaileekin».
Karabanak iraungo duen zortzi egunetan zehar, ekintzak, kontzentrazioak, protestak, mahai inguruak eta debateak antolatuko dituzte Las Palmaseko eta Tenerifeko leku esanguratsuetan. Hala nola, Gobernu espainiarraren ordezkariordetzan, ‘Las Provincias’ egunkariaren erredakzio aurrean, Arguineguineko portuan eta Aguimeseko hilerrian.