INFO

Epaile eta fiskalei bidali die Foro Sozialak presoei ezartzen zaizkien oztopoen txostena

Foro Sozialak preso politikoen birgizarteratzerako prozesuan ezartzen diren oztopoei buruzko txostena eragile, sozial, politiko eta sindikalen eskuetan utzi du. Honekin batera, presoen etorkizunari buruz erabakitzen duten fiskal eta epaileei ere bidali die dokumentua.

Foro Sozialaren txostena asteartean aurkeztu zuten Donostian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Donostian asteartean Foro Sozialak aurkeztu zuen preso politikoen birgizartaratzen prozesuan sortzen diren oztopoei buruzko txostena eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozial guztiei bideratu die, artean EPPK berari ere.

Honekin batera, Fernando Grande-Marlaska Barne ministro espainolari, Pilar Llop Justizia ministro berriari, Dolores Delgado Estatuko fiskal nagusiari, Concepcion Espejel Zigor arloko salako lehen sekzio presidenteari eta Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako Epaitegi Nagusiko epaileari ere bideratu die txostena.

Irailetik aurrera Nafarroa eta Gasteizko Parlamentuetako buruei eta bi arartekoei ere bideratuko die. Honekin batera, bi ganbara hauetako eta Kongreso eta Senatu espainoleko giza eskubideen batzordeetara ere igorriko.

«2020ko irailaz geroztik, Foro Sozial Iraunkorrak ohartarazi du espetxe politikaren aldaketaren aurkako lobby bat existitzen dela eta eragiteko aukera duela. Interes desberdinek bultzatuta, lobby honetan bildu dira sektore politikoak, polizialak, mediatikoak, ETAren biktimen sektore antolatuak eta espetxeetan, Fiskaltzan eta Epailetzan instalatutako beste sektore batzuk. Konponbidearen aurkako agenda bat aurrera ematen ari diren aktoreak dira eta, kasu honetan, eragin zuzena dute presoen espetxe-egoerari buruzko ebazpenetan, batez ere, Espetxe Zaintzeko Epaitegi Zentralean, Fiskaltzan eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salako Lehen Atalean. Hiru instantzia hauen eginkizuna erabakigarria da egungo lege araudia dela eta», gogoratu du Foroak ohar batean.