Mugako neurriak zorroztuko dituela iragarri du Castex ministroak Baionan protesta artean
Uztailaren 18tik aitzina mugan neurriak zorroztuko direla iragarri du Jean Castex lehen ministro frantsesak Baionan. EH Bai alderdiak elkarretaratzea egin du eta Poliziak gas negar-eragilea erabili du manifestarien aurka.
Baionako Elkarteen Etxean ezarri zen txertaketa eremuan izan da Jean Castex lehen ministro frantsesa eta covid-19aren transmisioari aurre egiteko mugetako neurriak gogortuko dituztela iragarri du. Itzelezko polizia operatibo baten erdian lekura bertaratzen saiatu diren EH Baiko kideen kontra oldartu da Polizia eta negarra eragiteko gasa erabili du.
Orain arte azken 72 orduetan egindako PCR froga behar bazen, uztailaren 18ko gauerditik aitzina azken 24 orduetan egindako PCR froga derrigorrezkoa izango da Euskal Herria bitan zatitzen duen muga hegoaldetik iparraldera igaro ahal izateko. Txertatuak diren herritarrek, ostera, uztailaren 17tik aitzina Europa mailako froga agiria erakutsi beharko dute.
Horrez gain, «itsas konpainia eta airelineetan neurriak betearaziko dira eta lurreko muga pasabideetako kontrolak areagotuko dira», Gobernu frantsesak jakitera eman duenez.
Komunikazio kanpaina
Goizean goizetik Poliziaren presentzia oso handia izan da Baionan. CRS polizien dozenaka furgoneta ikus zitezkeen bidegurutzeetan eta Baionako Elkarteen Etxearen inguruko bide guztietan kontrolak ezarri dituzte herritarrei zein kazetariei bidea ixteko. «Soilik txertatzeko hitzordua» zutenei eta kazetari gutxi batzuei utzi diete lehen ministroa zegoen lekura hurbiltzen.
Manifestants et journalistes locaux sont tenus loin du centre de vaccination de Glain pic.twitter.com/Rkq8Jb0mmW
— Goizeder Taberna (@Taberna_G) July 17, 2021
Txertaketa eremutik 500 metro ingurura dagoen Génie zubian ezarri duten kontrola pasatzeko aukerarik ez zegoenez han bertan bildu dira EH Bai alderdiak deituta «Euskal Herrian Jean Castex ongi etorria ez dela esatera» gerturatu diren 40 herritar. Goizeko 9.00etan «mespretxurik ez!» goiburua zuen pankarta ireki bezain laster CRS polizien furgonetek eta istiluen kontrako poliziek manifestariak inguratu dituzte.
Nicolas Blain EH Baiko kideak eta Uztaritzeko hautetsiak «horrelako dispositibo bat muntatzea benetan beharrezkoa» zen galdetu du. «Ipar Euskal Herritik hainbat galdera luzatzen ditugu Parisera, euskara, irakaskuntza edo presoen inguruan, baina erantzun ordez, hor heldu dira covid garaian txertatze kanpaina indartu behar dela esateko», gogoetatu du Blainek.
Les manifestants ont été refoulés au pont du Génie pic.twitter.com/SS0Oszikll
— Goizeder Taberna (@Taberna_G) July 17, 2021
EH Baiko ordezkariaren iritziz, «hor oroitarazten digutena da nazio zapaldua garela, eta horrelako neurriak jasangaitzak dira; besteen artean, baionarrek haien ohiko merkatua ezin izango dute egin lehen ministroa heldu baita bere komunikazio kanpaina segurtatzera».
Poliziaren oldarraldia
Poliziaz inguratuak egon ostean, manifestazio labur bat abiatu da Baionako karriketara eta Amiral Jaureguiberry karrikatik berriz ere Génie zubira iritsi direnean Poliziarekin talka egin dute manifestariek. Tentsio uneak izan dira eta bultzada artean negarra eragiteko gasa bota dute poliziek manifestarien kontra.
Azken hauteskunde departamentaletan Hendaia, Urruña eta Biriatu barnebiltzen dituen kantonamenduan hautatua izan zen Iker Elizalde hautetsiari oso gertutik jaurti diote gasa aurpegira eskuko aerosol batekin eta segundo gutxiren barruan aurpegia eta lepo aldea gorritu eta handitu zaizkio.
Tentsio uneak amaituta eta txertaketa eremura iristeko aukerarik ez zegoela berretsi ostean, elkarretaratzea amaitutzat eman dute EH Bairen deiari erantzunez bildu diren herritarrek.