INFO

Nortasun handiko agur beroa izan du Ibai Zabalak bere agurrean

Festa giroan eta lagunez inguratuta eman dio amaiera berriztarrak 13 urte eta 500 partidatik gorako profesional ibilbideari

Oso egun hunkigarria izan du Ibai Zabalak Zornotzan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Txapel askorik irabazi ez badu ere, bere zintzotasuna, apaltasuna, koherentzia eta nortasunagatik gogoratua izango den pilotaria izango da Ibai Zabala eta gaur eman dio, Zornotzan, amaiera bere 13 urteko ibilbideari. Oinatz Bengoetxea adiskidea lagun zuela, ezin izan du garaipenik lortu Ezkurdia-Tolosaren aurka, 20-22, baina hori izan da gutxienekoa egun bete betean.

Ezustekoz jositako agurrean ere, berriztarraren izaera nabarmendu da frontoian eta baita handik kanpo ere, lagunek goizetik hasi baitute festa, bere baserrira pankarta eta guzti gerturatuz. Emozioa, esker onak, dantzak, kantak –Basque Street Boys-eko abeslaria ere bada eta kantuan eman dizkie eskerrak bertaratutakoei– euskara... Ibai Zabala bere osotasunean agurtu zen frontoitik.

Mastersa Tafalla eta Zeberion

Urte hauetan guztietan alboan izan dituen zenbait kidek ezin izan dute Ibai Zabalaren agurrean egon, gaur bertan Masterseko beste bi partida ere jokatu baitira Zeberio eta Tafallan. Ereta pilotalekuan, Peio Etxeberria eta Jon Ander Albisuk erraz xamar, 11-22 irabazi diete partidari hotz xamar ekin dioten Elezkano II.a eta Jon Mariezkurrenaren aurka.

Zeberion oso bestelakoa izan da partida eta 778 pilotakadaren ostean, tanto bakarraren aldearekin, 21-22 lortu dute euren lehen puntua Peña II.ak eta Rezustak. Aparteko ezer berezirik egin gabe baina zuzen jokatuz, Urrutikoetxea-Martija 15-9 aurreratu dira, hein handi batean tolosarrak pilatutako hutsei esker, baina Binakako finalistak bere ibilbidea zuzendu eta partida iraultzea lortu dute.