Torturen aitzineko isiltasuna hausteko performancea egin dute Bilboko Gobernu Zibilean
Emakume talde batek performance ekintza bat egin du Bilboko Gobernu Zibilaren eraikinaren ondoan, espainiar Auzitegi Nazionalean egiten ari diren 13/13 epaiketaren baitan entzun diren tortura testigantzen aurrean dagoen isiltasuna hausteko.
Auzitegi Nazional espainiarrak astelehen honetan abiatu duen 13/13 sumarioaren epaiketa tortura testigantza mingarria izaten ari da. Naia Zuriarrain eta Saioa Agirrek 2010ean atxilotu zituztenean sufritutako giza eskubideen urraketa horiek oroitu dituzte. Igande honetan, tortura horien inguruan dagoen «isiltasuna puskatzeko asmoz», buruan zabor poltsa bat jarrita egin dute protesta emakume batzuek Bilboko Gobernu Zibilean.
Hainbat minutuz oihukatzen egon eta gero, zakutoak xehetu eta lurrera bota dituzte. Beraien garrasiekin «sistemaren manadaren aurrean dagoen isiltasuna apurtu» nahi izan dutela adierazi dute.
Izan ere, 13/13 epaiketaren bigarren saioan, asteartekoan, Guardia Zibilak egindako tortura testigantza latzak aditu ziren Auzitegi Nazionalean. Zuriarrainek kontatu zuen Madrilera identifikaziorik gabeko kotxe batean eraman zutenean jada «gaizki pasatuko» zuela abisatu ziotela. Agertu zuenez, biluztu eta ur hotza bota zioten burutik behera, eta plastikozko poltsak jarri zizkioten buruan arnasketa eragozteko. «Itotzen nintzela sentitzen nuen».
Agirreri, aldiz, ea ama izan nahi al zuen galdetu zioten Tres Cantoseko eraikinean inkomunikatuta zutela. Ez zela izanen erran zioten, buruan poltsa jartzen zioten bitartean. Sexu umiliazioak jasan zituen galderak egiten zizkiotelarik.