INFO

Zierbena, bigarren txandatik, eta Arraun Lagunak garaile Getxoko behe laino artean

Lehia bizia mantendu du Oriok, ohorezko txandan, haizearen kontra eta 2. txandatik aritu den Zierbenaren denbora hobetzeko eta Getxoko bandera irabazteko. Azkenean, bizkaitarrek eraman dute garaipena. Hondarribia izan da hirugarren. Nesketan, Arraun Lagunakek irabazi du estropada.

Zierbenak bigarren txandatik irabazi du Getxoko Bandera. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Getxoko inguruak behe lainoarekin ikus zitezkeen bertako bandera lehiatu den bitartean. Haizeak eragin handia izan du txanda batetik bestera. Hala, Zierbena, bigarren txandatik, eta Arraun Lagunak izan dira garaileak Eusko Label eta Euskotren Ligan, hurrenez hurren.

Gizonezkoen estropadan, haizeak behetik gora egin du eta hortxe erabaki da Getxoko bandera. Pentsa, lehen txandan haizearen abiadura 13 kilometro ordukoa zen, bigarrenean 14,6koa eta ohorezko txandan 16,1ekoa.

Oriok oso gertu izan du garaipena. Lehenik, Hondarribiarekin lehia sendoa mantendu du. “Ama Guadalupekoa” liderra izan da azken txandako lehen bi ziabogetan. Baina hortxe oriotarrek aurre hartu dute eta pixkanaka berdeak atzean utzi dituzte.

Beste lehia bat hasi da orduan Oriorentzat. Izan ere, lehen ziabogan ezin izan dute lehen txandan aritu den Ondarroaren denbora hobetu; eta bigarren eta hirugarrenean Zierbenarena ezta ere. Beraz, hortxe zegoen bandera. Azken luzean segundo bat aurretik jarri dira gipuzkoarrak, baina haizeak ez die utzi azken sprinta hobeto egiten eta 1.50 segundorengatik irabazi du Zierbenak Getxoko bandera.

Orio bigarren izan da, Hondarribiaren aurretik, eta Santurtzik laugarren postua lortu du estropadan.

Zierbenaren nagusitasuna

Zierbenak ez du ezustekorako aukerarik eman bigarren txandan, eta amaieran ikus denez, sendoena izan da denboraldiko bigarren bandera irabaziz. Oso indartsu atera dira bizkaitarrak, eta Donostiarrak, Cabok eta Lekittarrak bere itzala besterik ezin izan dute jarraitu.

Lehen ziabogan, sei segundoko aldea zuen Zierbenak Donostiarrarekiko, 18 Caborekiko eta 19 Lekittarrarekiko. Gainera, Cabok denbora gehiago galdu du maniobra ostean. Hala, txandako garaipena eskuan zuten bizkaitarrek, “Torrekua II.a” ontzi donostiarrak segundoak galtzen joan baita hurrengo ziaboga eta luzeetan.

Helmugan, Zierbenak ordurako denbora onena markatu du (19:58.31), Donostiarrari 14 segundo ateraz. Cabo hirugarren izan da, 30 segundora, eta Lekittarra, laugarren, 38 segundora.

Lehen txanda: Ondarroa indartsu

Getxoko estropada minutu batzuk beranduago hasi da ontziek irteeran haizearekin izandako arazo batzuengatik. Baina behin semaforoak irteera eman duenean, lehen lau traineruak martxan ipini dira.

Larunbatean izandako emaitza kaxkarrari buelta eman nahirik, Ondarroa lidergoan jarri da hasieratik. Duela astebete Petronor Banderako irabazleak gaur ez zuen ezustekorik nahi eta ziaboga guztietatik lehenengoa pasa da. Lehenengo biraketan zazpi segundoko aldea atera die Ares eta Zarautzi; bigarrenean 11 eta 12 segundo; eta hirugarrenean 14 eta 19. Tiran, ordea, oso atzean geratu da eta helmugan 31.91 segundo galdu ditu “Antiguako Ama” ontziarekiko.

Ondarroa eta Ares, gainera, Donostiarra eta Caboren artean sailkatu dira estropadan, eta Zarautzek Lekittarra gainditu du.

Eusko Label - Getxoko XLIII Ikurrina

1. Zierbena            19:58.20
2. Orio                  19:59.70
3. Hondarribia       20:05.30
4. Santurtzi           20:08.38
5. Donostiarra       20:12.12
6. Urdaibai           20:16.08
7. Ondarroa         20:16.54
8. Ares                20:28.24
9. Cabo               20:28.46
10. Zarautz         20:35.94
11. Lekittarra      20:36.86
12. Tiran              20:48.28

Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia

1. Santurtzi          63 puntu
2. Hondarribia      56
3. Zierbena          54
4. Orio                 49
5. Donostiarra      47
6. Urdaibai           44
7. Ondarroa         35
8. Cabo               32
9. Lekittarra        27
10. Ares              25
11. Tiran             20
12. Zarautz         16

Euskotren Liga: Arraun Lagunak garaile

Poztasun handiz ospatu dute Arraun Lagunakeko arraunlariek Getxon lortutako lehen garaipena. Eta nola ez da bada izango! Denboraldiko garaipenik 'lasaiena' izan da igande honetakoa Bizkaiko kostako itsaso zabalean. 7.32 segundoko aldea atera diote Hondarribiari.

Hasiera-hasieratik nabarmendu dira donostiarrak lidertzan. Atzetik, denboraldian zehar behetik gorantz datorren "Ama Guadalupekoak" bigarren postua ziurtatu du lehen ziabogan -hiru segundoko aldea zuen orduan Donostiarra eta Oriorekiko-, eta larunbatean etxean garaile izan zen Oriok behetik gora egin du estropadan, bigarren luzean azken postutik hirugarrenera igoz.

Azkenik, Donostiarra laugarren izan da gaurkoan, irabazlearengandik 13.93 segundora.

Euskotren Liga - Getxoko XIII Ikurrina

1. Arraun Lagunak      10:47.74
2. Hondarribia            10:55.22
3. Orio                      10:59.90
4. Donostiarra            11:01.90

Euskotren Liga - Sailkapen nagusia

1. Arraun Lagunak     19 puntu
2. Orio                      19
3. Hondarribia           11
4. Donostiarra           11

KAE1 eta KAE2: Pedreña eta Portugalete garaile

Arraunak beste bi estropada utzi ditu igande honetan Orio eta Portugaleten. KAE1 ligari dagokionez, Pedreñak irabazi du Gipuzkoako kostaldeko uretan. Hiru segundoko aldearekin gailendu zaio Kaikuri. San Pedro hirugarren izan da eta Arkotek, bigarren txandatik, ohorezko txandan aritu den Getariaren aurretik amaitu du estropada.

KAE2 Liga, aldiz, Portugaletek etxean irabazi du. Hiru segundoko aldea atera dio Deusturi, eta zortzi segundo Busturialdeari.

KAE1 - Orio Kanpiña III. Bandera

1. Pedreña          20:29.48
2. Kaiku             20:32.37
3. San Pedro      20:37.20
4. Arkote           20:46.51
5. Getaria          20:51.44
6. San Juan        20:54.00
7. Castro           21:08.66
8. Camargo       21:19.70
9. Orio              21:34.59
10. Astillero      21:41.42
11. Lapurdi         21:48.00
     . Deustu      ez du parte hartu
     . Zumaia      ez du parte hartu

KAE1 - Sailkapen nagusia

1. Getaria          11,00 puntu
2. Pedreña         10,88
3. San Pedro     10,63
4. Kaiku            10,38
5. Arkote           9,25
6. San Juan        9,00
7. Deustu           8,67
8. Zumaia           6,57
9. Orio               4,63
10. Castro           4,00
11. Camargo       3,88
12. Astillero        2,88
13. Lapurdi       1,71

KAE2 - Portugaleteko XXXIX. Bandera

1. Portugalete    21:06.75
2. Deustu         21:09.46
3. Busturialdea    21:14.20
4. Mutriku          21:17.66
5. Hibaika          21:30.09
6. Zarautz          21:39.76
7. Hondarribia    21:41.72
8. Santoña          21:58.68
9. Illunbe          22:23.20
10. Donostiarra    22:44.12

KAE2 - Sailkapen nagusia

1. Portugalete    45 puntu
2. Busturialdea    43
3. Deustu           34
4. Hondarribia    33
5. Mutriku          31
6. Donostiarra    27
7. Zarautz         25
8. Hibaika         20
9. Santoña        11
10. Illunbe       6