INFO

Muruetako 66 urteko langile bat zendu da Gernikan, hilabetea hasi zenetik bosgarrena

Muruetako 66 urteko langile bat hil da bihotzekoak jota Gernikan, eraikuntza bateko aldamio batean zegoela. Guztira 33 langile hil dira dagoeneko 2021ean Euskal Herrian eta bosgarren heriotza izan da uztailean.

Uztailaren 2an Durangon izan zen lan istripu hilgarriaren aurkako elkarretaratzea. (Gorka RUBIO/FOKU)

Astelehen honetan beste lan istripu hilgarri baten berri izan du LAB sindikatuak. Muruetako 66 urteko langile bat hil da, Gernikako eraikuntza bateko aldamioan lanean zegoela, bihotzekoak jota. Bertan zendu da.

«Bihotzekoak, zirkulazio gaitz baskular bat ematen denean lanean, ez dira kasualitatez gertatzen, ezta ausaz edo zorte txarragatik ere, patronalak dioen bezala. Jakina da horrelako gertaerak lan zehatz batzuetan gertatzen direla, baldintza zehatz batzuetanpean», salatu du sindikatuak.

LABen esanetan, lanean jasotzen diren «presioa, estresa eta nagusien autoritarismoa giltzarri dira» istripu hauek gertatzeko: «Bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak dira aipatutakoak. Dagoeneko istripu ez traumatikoak, bihotzekoak eta iktusak, besteak beste, bilakatu dira lan heriotzen lehen gauzatzaileak. 2020Ean, heriotza guztien %25koak izan dira».

Aurten, dagoeneko, 7 langile hil dira arrazoi honengatik, eta LABen arabera, «lan istripuak, traumatiko, ez traumatiko eta joan etorrikoak ere, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak. Ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira».

«LAB sindikatutik argi dugu bizi eta lan duinak behar ditugula. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Odoluste honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, lan harremanen eta joku arauen aldaketatik, eredu aldaketatik, etorriko baita konponbidea. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena», gaineratu du sindikatuak.

Izan ere, orotara, 33 langile hil dira dagoeneko 2021ean Euskal Herrian, eta uztaila bereziki gogorra izaten ari da. Hilaren 9an, behargin bat hil Getariako Igarategi industrialdean izan den lan istripuan. Arratsaldeko 16.00ak ziren GI-3392 errepidean gidatzen ari zen traktorea irauli zenean.

Uztailaren 7an, Muxikan basoko lanetan ari zen 25 urteko langile bat hil zen, makina batetik irauli eta 15 metrotik erorita. LAB sindikatuak eman zituen datuen arabera, Muxikan hiru langile hil dira azken hiru urteotan basoko lanetan ari zirela.

Aurreko astean, beste bi heriotza izan ziren. Uztailaren 2an, 22 urteko langile bat Durangon eraiktzen ari ziren eraikineko bosgarren pisutik erorita eta kamioi gidari bat Erriberrin, furgoneta batek harrapatuta.