INFO

«Iceta Legea» ez babesteko eskatu diete euskal alderdiei ELAk eta Interinok Taldeak

ELA sindikatuak eta Interinok Taldeak hainbat mobilizazio deitu dituzte astearte honetan euskal alderdi politikoek Iceta ministroaren Aldi Baterako Lege Dekretua atzera bota dezaten eskatzeko. ELAko idazkari nagusiak salatu du Dekretuak «adminsitrazioan EEE bat egitea planteatzen duela».

ELAk eta Interinok Taldeak Lakuan antolatutako mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

ELAk eta Interinok Taldeak hainbat mobilizazio deitu dituzte astearte honetan Lakuan, astelehenean egin bezala, Miquel Iceta espainiar ministroak sustatutako Enplegu Publikoaren Errege Lege Dekretuaren aurka. Dekretu horrek EAEn milaka langile publiko kaleratzea eragin dezakeela salatu du sindikatuak. Mobilizazio horiekin, ELAk dekretu hori atzera botatzeko eskatu die euskal alderdi politikoei.

ELAren iritziz, Enplegu Publikoari buruzko Lege Dekretua oso larria da, euskal autogobernuaren ahalmenean esku-hartze larria izateaz gain, sektore publikoko milaka langile kaleratzea ekar dezakeelako.

Azaldu duenez, ELAk ezetz esan dio dekretu honi, «langile publikoen birjartze-tasak ezartzen baititu», «EAEko behin-behineko 60.000 langile kaleratzeko atea irekitzen du, urte luzez gure herrialdean zerbitzu publikoak aurrera atera dituztenak», «behin-behinekotasunaren abusua jasan duten langile horiei ez baitzaie benetan bermatzen poltsetan sartzea, ezta urteko 20 eguneko kalte ordaina ere», «ez baita proposatzen benetako neurririk etorkizunean egungo aldi baterako enplegu-tasak, enplegu suntsipena eta arlo publikoaren pribatizazioa berriro gerta ez daitezen saihesteko» eta «Gobernuak gabezia demokratiko larriak dituen salbuespenezko bide batetik jo nahi baitu Errege-Lege Dekretuaren bidez».

«70.000 langile behin-behinean»

Bere aldetik, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak deitoratu egin du Madrilgo Diputatuen Kongresura iristear den enplegu publikoaren Errege Dekretua. Hala adierazi du gaur Radio Popular irratian: «Hego Euskal Herrian 70.000 langile daude behin-behinean. Egoera hori administrazioak berak behartutakoa da. Beraz, langileak ez dira egoera horren erantzule». Horregatik, bide bakarra kontsolidazioa dela azpimarratu du, eta ez Miquel Iceta ministroak bultzatutako dekretua, milaka lanpostu jokoan jartzen dituelako. «Adminsitrazioan EEE bat egitea planteatzen du».

Era berean, grebarekin aurrera jarraitzeko Tubacexeko komiteak hartutako erabakia txalotu du Lakuntzak: «Borroka eredugarria da». Azkenean, ziurtatu du epaitegiek argi utzi dutela ez dagoela kaleratzeak eta EEEa bera justifikatzeko argudiorik. Horregatik, enpresak sententziak esandakoa bete beharko lukeela dio.