INFO

Brasil eta Mexikoren erakustaldia, Espainiaren sufrikarioa eta Argentinaren porrota

Ezusteko handiena Australiak eman du, Argentina mendean hartuta. Egiptok ere gogor egin dio Espainiari eta lehen puntua batu du. Mexiko eta Brasilek gol erakustaldia eman dute Alemania eta Frantziaren aurka. Zeelanda Berriak, Boli Kostak, Japoniak eta Errumaniak garaipen bana erdietsi dute. 

Mikel Merino, Egiptoko Taher Mohammed jokalariaren atzetik. (Asano IKKO / AFP)

Eurokopan ezustekoak ikusteko apur bat itxaron behar izan bazuen futbol zaleak, Olinpiar Jokoetako futbol txapelketa lehenengo egunetik abiatu da ezustekoekin. Handiak, gainera. Handiena, agian, Australiak Argentinaren aurka eskuratutako garaipena izan da. 0-2 mendean hartu du selekzio argentinarra eta australiarrek C multzoko lider moduan egingo dute lo. 

Izan ere, multzo bereko Espainia eta Egiptoren arteko norgehiagoka –zeinetan Mikel Merino, Oyarzabal, Unai Simon eta Moncayola euskaldunek jokatu duten, Zubimendi aulkian egon dela– hutsean bukatu da. Espainiako selekzioak izan ditu zenbait aukera gola egiteko baina afrikarrek ondo eutsi dute eta puntu ona erdiestea lortu dute. 

A multzoan, Mexikok Frantzia hartu du mendean erakustaldi on baten bitartez. 4-1eko emaitzarekin gainditu du selekzio frantsesa. Gignac aurrelariak 2-1ekoarekin Mexikoren aldea murriztu duen arren, neurketan azken hatsean mexikarren beste bi gol iritsi dira neurketa borobiltzeko. 

Multzo bereko beste neurketan, Japonia anfitrioiak ere garaipena eskuratu du, kasu honetan gutxigatik (1-0) Hegoafrikaren aurka. 

Goizeko beste erakustaldia –Tokion jada iluntzea izan da neurketa hasi denean– Brasilek eman du Alemaniaren aurka. "Canarinha" 4-2 gailendu zaio selekzioa alemanari Richarlisonen "hat-trick" bati esker. Alemanek markagailuan hurbiltzea lortu duten arren Amiri eta Acheren golei esker, Paulinhok egin du behin-betiko 4-2koa, Brasilek 90 minututan inposatutako nagusitasuna baieztatuz. 

D multzoko liderra da Brasil, Boli Kostarekin hiruna puntura berdinduta. Afrikarrek Saudi Arabiako selekzioa gutxigatik hartu dute mendean (2-1). 

B multzoa, bestalde, parekatuta dago oso. Zeelanda berriak zein Errumaniak gol bakarrarengatik irabazi dute Hego Korea eta Hondurasen aurkako lehia; hala, biak dira multzoko liderrak, hiruna punturekin eta gol-diferentzia berdinarekin. 

Bigarren jardunaldia igande honetan jokatuko da. Multzo bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira final laurdenetarako beraz, igandeko emaitza batzuk erabakigarriak izan daitezke.