INFO

Alokairu turistikoaren inguruan neurriak hartuko ditu Elkargoak

Mediabaski eskainitako elkarrizketa batean Daniel Oltzomendi Euskal Elkargoko Turismo kontseilariak iragarri duenez, turismo plataformen bidezko alokairuen jarraipen berezia egiten ari dira. Oraingoz auzia ikuspegi juridikotik aztertzen ari dira, araudi bat aurkezteko asmoarekin.

Airbnb plataformak Baionan iragartzen zuen etxe bat okupatu zuen ekainean Alda mugimenduak. (Bob EDME)

Daniel Oltzomendi Euskal Elkargoko Turismo kontseilariak Mediabaski eskainitako elkarrizketa batean jakinarazi duenez, Airbnb bezalako plataformen bidezko alokairuek Ipar Euskal Herrian sortzen duten kezka ikusita, «uda honetan lehen jarraipen bat» egin asmo dute. Izan ere, merkatuko bi plataforma nagusiak aztertu ondoren egiaztatu dutenez, turismo alokairura urtean 120 egun baino gehiagotan bideratutako etxebizitzak 10.000 dira Ipar Euskal Herrian.

Oltzomendik nabarmendu zuenez, «pentsaezina» da lurraldeko biztanleen alokairu iraunkorra alokairu turistikoen mesedetan kaltetuta irtetea eta, horregatik, urte politiko berrian «proposamen zehatzak» izanen dira. Oraingoz auzia ikuspegi juridikotik aztertzen ari dira, araudi bat aurkeztu asmoz.

Oltzomendik aurtengo udan eragina izan beharko luketen neurriak ere hartu dituztela nabarmendu zuen. «Joan den urtean bizitakotik irakaspenak atera ditugu, batez ere landa eremuetan bizi izandakoaren harira. Euskal Elkargoak, baina baita herriek ere, desmartxak sortu dituzte jendeen joan-etorri handiak eta mendietako kodeak hobeto kudeatzen saiatzeko». Horretarako, besteak beste, mendietan «bitartekariak» jarriko dituzte, «azaltzeko, adibidez, artalde bat ez dela zeharkatu behar, txakurra sokarekin atxiki behar dugula edo zaborra era egokian kudeatu behar dela».

Azken arazo hori kostaldera ere zabaltzen da, turista ugari pilatzen baitira espazio oso txikian. Holtzarteko zubia ere izan zuen aipagai kontseilariak, Ipar Euskal Herriko leku erakargarri eta bisitatuenetako bat. Auto pilaketak ekiditeko autobusak ezarri dira aurten Atharratze eta Larraine artean eta inguruko beste bide batzuk ere proposatuko zaizkie bisitariei.

Bestetik, landa etxeen okupazioak azken asteetan izandako gorakada nabarmendu zuen Oltzomendik. «Uda honetan jendeak landa etxeetara itzuli nahi duela ikusten da. Bisitariek konfinatuak ez dauden lekuak nahi dituzte, irekiagoak direnak, familian edo lagun artean elkartzeko. Sakoneko joera da, apiriletik aurrera ere landa etxeak beterik izan zirelako. Gobernuaren iragarpenek ezeztatzeak ekarri zituzten, baina, neurriak arindu dituen mementoan, profesionalek sentitu dute erreserbek berriz ere gora egin dutela».

Oinarrizko eskubideen aldeko Alda mugimenduak «interes handiz» hartu ditu Oltzomendiren adierazpenak, atzo bertan igorritako oharrean nabarmendu bezala. «Elkarteak berak azterketa juridikoak egin ditu Euskal Elkargotik konpentsazio neurriak hartzea egingarri dela agerian jarriz».

Bereziki auzo eta herrietan gai sozialei aterabideak emateaz arduratzen den mugimenduak «urtero etxebizitza parkean sortzen den odolustea» gelditzea premiazkotzat jo du, turistei plataformen bidez alokatutako etxebizitzak tokiko biztanleen artean aberastasun gutxien dutenak aterpetzen dituztenak baitira sarri. «Milaka etxe eta apartamendu errekuperatzeko» eta «egungo etxebizitza krisia arintzeko neurriak» ere eskatu ditu Alda mugimenduak.

Bilera Elkargoarekin

Joan den uztailaren 20an Aldako ordezkaritza bat Euskal Elkargoaren egoitzan bilduta izan zen Jean-Rene Etchegaray lehendakariarekin, Daniel Oltzomendi Turismo arduradunarekin, Roland Hirigoyen Etxebizitza lehendakariordearekin, Philippe Aramendi Urruñako auzapezarekin eta zerbitzu teknikoetako zenbait arduradunekin. «Aldako ordezkariak pozik atera ziren aurkeztutako dosierrari jarritako arretagatik eta oro har eztabaiden eduki orokorrarekin».

Bilkura hitzartu aurretik, Urruñan oihal-etxeekin egindako ekintza sinbolikoa eraman zuen aurrera Aldak, Euskal Elkargoari konpentsazio neurriak hartzeko urratsa ematea eskatzeko. Horren harira egin zuten aipatu bilkura. Gisa berean, eskaera ofizial bat abian jarri zuen mugimenduak eta, atzoko oharrean azaldu zuenez, jada 2.200 lagunek eman diote babesa plazaratutako proposamenari.