INFO

Covid-19 kasu baten erruz, Zierbenak ez du asteburuan Eusko Label Ligan parte hartuko

Talde bizkaitarrak ez du parte hartuko asteburuan, ez Castro Urdialesen ezta Lekeition ere, bere taldean kasu positibo bat dagoela ezagutarazi ondoren. Traineru Kluben Elkarteko jarduera protokoloen eta osasun agintarien protokoloaren arabera, berrogeialdia egin beharko dute.

Zierbenako traineruak ezingo du asteburu honetan Eusko Label Ligako estropadetan parte hartu. (Gorka RUBIO / FOKU)

Zierbenako traineruak ez du parte hartuko asteburuko Eusko Label Ligako estropadetan bere eskifaian jazo den covid-19 kasu positibo baten ondorioz. Emaitza positiboa jakin bezain arin «galipoek» aditzera eman dute eta, hala, hilaren 24 eta 25eko estropadetan parte hartzeari uko egin behar izan diote.

Hala, orotara 11 izango dira azkenean asteburu honetako Eusko Label Ligako bi estropadetan parte hartuko duten traineruak. Castro Urdialesen eta Lekeition jokatuko diren Eusko Label Ligako estropadetan ez dira izango Zierbenako arraunlariak, aipatu covid-19 kasu positibo horren berri izan eta eman ostean. Honenbestez, ez dute parte hartuko CaixaBank Banderan ezta igandeko El Correo Ikurriñan ere.

Beraz, Traineru Kluben Elkarteko jarduera protokoloen eta osasun agintarien protokoloaren arabera, berrogeialdia egin beharko dute. Gainerako taldekideei dagozkion PCR testak egingo zaizkie, barruan positibo gehiago baztertzeko.

Horrela, eta orain arte Eusko Label Ligako sei jardunaldi hauetan lortutako batez bestekoa kontuan hartuta, Zierbena Bahias de Bizkaiak bederatzi puntu lortuko ditu parte hartzen ez duen jardunaldi bakoitzeko.