INFO
Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga usurbildarrak. (Gorka RUBIO/FOKU)
Elkarrizketa
Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga
Preso ohiak

«Hiru urte pasatzen dituzu umearekin espetxean 24 orduz eta bat-batean erauzi egiten dizute»


Aske dira Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga usurbildarrak, 12 urteko espetxealdia atzean utzita. Xua eta Maddi alabak kartzelan izan zituzten eta Xua amarengandik banandu zuten hiru urte zituela. Amatasunaren eta aitatasunaren bestelako kontakizuna dakarte.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

2009ra egingo dugu jauzi. Urte asko dira, baina zuek oso ondo gogoratuko duzue urte hartako San Juan bezpera.

Patxi URANGA: Ezusteko bisita izan genuen.

Olatz LASAGABASTER: Goizeko ordu bietan atea bota zuten eta bai, berezia izan zen.

Uranga: Euskal Herriko etxe askotan, urte askotan bezala…

Lasagabaster: Orduko hartan guri tokatu zitzaigun.

Nola gogoratzen duzue atxiloketaren unea?

Lasagabaster: Afaldu genuen, ohera joan ginen eta goizeko ordu bietan beheko atean soinua entzun nuen eta Patxi esnatu nuen. Leihora atera ginen zer zen jakiteko. Bagenekien gure bila zetozela. Dena inguratuta zegoen eta atera bezain pronto ‘¡manos a la cabeza!’, ‘¡no se muevan!’ entzun genuen.

Uranga: Puntu gorriz josita aurkitu ginen.

Lasagabaster: Hor hasi zen 12 urte hauetako ibilbidea.

Zer pasatu zen momentu horretan zuen buruetatik?

Uranga: Nik daukaten oroitzapena [Baltasar] Garzonena da. Zer tipo erridikulua, zer tipo eskasa, dezepzionatu ninduen. Nik espero nuen ez superheroi bat, baina bai tipo inponenteago bat. Gure atxiloketa erakundeak hiru egun lehenago egindako ekintza potolo bati erantzuna izan zen. Horrek min egin zieten.

Garzonengana iritsi zineten, baina bost egun komisaldegian pasatuta. Tratu txarrak eta torturak salatu zenituzten.

Lasagabaster: Torturak baino tratu txarrak jasan genituen guk, batez ere hemendik Madrilerako bidean. Baina komisaldegian bakean utzi gintuzten. Espetxealdia iritsi zen gero.

Tratu txarrak jasan dituzten askoren artean entzun izan dugu espetxealdia nolabaiteko lasaitasuna izan zela. Zuen kasuan horrela izan zen? Kontuan izanda bikotea zaretela, gainera, espetxeak banandu egin zintuzten.

Lasagabaster: Nahiz eta komisaldegian bakean utzi, tentsioan zaude, ea noiz hasiko den festa. Orduan, niretzako Sotora iristea lasaigarria izan zen. Soton egon ginen bitartean bitan-edo ikusi ginen. Gizonak eta emakumeak elkarrekin ateratzen dira isolamenduan eta elkarrekin ateratzeko aukera izan genuen, baina berehala komunikazioak eskatu genituen gure artean eta 15 egunetara banatu gintuzten. Patxi Valdemorora eraman zuten eta ni Avilara.

Uranga: Erakundeak su-eten definitiboa eman zuen eta kalean jendea oso baikor zegoen. Esan ziguten izateko baikorrak, dena aldatu zela. Guk ez genuen errealitate hori bizi. Amaiera definitiboa eman eta automatikoki estutu gintuzten, oraindik gehiago. Sentsazio arraro bat zen: jendea baikortasuna eskatzen zegoen eta guk kontrakoa bizi genuen. Gure kasuan oso mingarria zen, zeren bageneramatzan bi urte t’erdi bananduta. Berriro urte eta erdi banandu gintuzten eta, horrela, lau urte t’erdira arte.

«Guraso izan arte, espetxean liskarrak-edo baldin bazeuden, edo funtzionarioekin, bost axola. Baina Xua izan genuenean, edozein arazoren aurrean ezin genuen lehen bezala jokatu, zeren ondorioak kaltegarriak izan zitezkeen umearentzat, ez guretzako bakarrik»

Erabaki zenuten guraso izateko urratsa ematea; bi alaba dituzue. Espetxeak zein neurritan baldintzatzen du horrelako erabaki bat hartzerakoan?

Lasagabaster: Niretzako erabat. Kalean egonda ere pentsatzen genuen, bagenekielako agian egunen batean atxilotuko gintuztela. Nik Patxiri esaten nion bertigo handia ematen zidala espetxean ama izateak. Baina bizitzan egoera bat bizi arte ez dakizu nola moldatuko zaren eta zer erabaki hartuko duzun. Espetxeratu gintuztenean eta Patxik esan zidanean berak aurrera egingo lukeela, esan nuen, bale. Badakizu zailtasun pila bat izango dituzula espetxean, eta umeari ere eragingo diela. Nik beti esaten dut niretzako espetxea askoz espetxeago bihurtu zela ama izan nintzenean.

Uranga: Zaurgarriago bihurtu ginen. Guraso izan arte, espetxean liskarrak-edo baldin bazeuden, edo funtzionarioekin, bost axola. Baina Xua izan genuenean, esaten nuen, egin iezadazue nahi duzuena, irribarrea ez didazue kenduko, amets bat bete dugu jada. Baina, era berean, edozein arazoren aurrean ezin genuen lehen bezala jokatu, zeren ondorioak kaltegarriak izan zitezkeen umearentzat, ez guretzako bakarrik.

Olatz, esaldi esanguratsu bat aipatu duzu. Espetxea espetxeago bihurtu zela ama izan zinenetik. Kartzelak ez daude amatasunera egokituta, ezta?

Lasagabaster: Hasteko, kartzelak gizonentzat prestatuta daude. Emakumeak beti baldintza okerragoetan gaude, alderdi guztietan. Presoaren irudia edo erakundeko militantearen irudia beti gizonezkoarena da. Erreferentzia beti gizona da. Jendeak pentsatzen du gizonen moduluetan askoz liskar gehiago daudela, askoz bortitzagoa dela hango bizimodua, eta inondik inora. Horretaz aparte, emakumearen kasuan, emakumea berriro hezi beharra dago. Gizonak, bere testosteronarekin, badu legeak eta arauak apurtzeko eskubidea-edo, baina legea errespetatzen ez duen emakume bat berriro bere bidera sartu behar da nolabait. Espetxeak badu hori emakumeekiko. Ama izaten zarenean, oso jarrera paternalista dago, badirudi han egote hutsagatik ez zarela gai zure seme edo alaba behar den bezala hezteko. Eta eguneroko traba guzti horiek, zuri eragiten dizkizuenak, eragina daukate zure seme edo alabarengan. Horregatik diot espetxeago bihurtzen dela. Lotuago zaudelako. Edozein gauza egin ezkero, umea kentzeko mehatxua gainean duzu.

Nola gogoratzen dituzu haurdunaldia eta erditzearen prozesuan bikotea ondoan ez izatea?

Lasagabaster: Haurdunaldia eta erditzea, eta gero heziera, bakarrik pasatzen duzu. Baina niretzako prozesu guztia oso polita izan da. Hau agian jendeak ez du ulertuko, baina uste dut kartzelan egonda eguneko 24 orduak zuretzako eta zure burua zaintzeko edukitzea, modu batean luxu bat dela. Oso modu kontzientean bizi dut prozesu guztia. Beste gauza batzuk ez dituzunean daukazun horri eusten diozu eta saiatzen zara ahalik eta ondoen bizitzen. Oso oroitzapen politak ditut, nahiz eta momentu gogorrak ere bizi ditudan. Maddirekin ez zidan hainbesterako denbora eman, hiru hilabete eta erdi zituenean atera ginelako; Xuaren kasuan hiru urte izan ziren eta momentu askotan gaizki pasatzen duzu oso bakarrik sentitzen zarelako.

«Ama izaten zarenean, oso jarrera paternalista dago, badirudi han egote hutsagatik ez zarela gai zure seme edo alaba behar den bezala hezteko»

Ez dakit kontakizuna bestelakoa den zure kasuan, Patxi. Nola bizi izan zenuen?

Uranga: Bizi nuen intentsitatez, ilusioz, kezkaz; ez dakit, ez nuke jakingo hitz batekin esaten. Inpotentziarekin ere bai. Zain eta zain. Momentu askotan sentitzen nuen ez nintzela kontziente aita izatera nindoala; ez nuen ikusten, ez nuen ukitzen. Xua ezagutu nuen jada hiru aste zituela, zeren Olatz erditu zenean ni Fontcalent-en nengoen. Umea lehenengo aldiz ikusi nuen, hamar minutuz, eta ostras! Nire alaba da, gure alaba da. Orduan hasi nintzen pixka bat kontziente izaten.

Arg.: Gorka RUBIO

Gerora zenbatero ikusten zenuen Xua?

Uranga: Astearte eta ostiraletan. Astearteetan ia ordubete eta ostiralean senideekin, beste ordubetez. Eta hilabeteroko bisean bisekoa. Olatzek kalkulu bat egin zuen bere garaian eta nik urte osoko bisitak eta bisak behar nituen Olatzek Xuarekin pasatzen zuen aste bat osatzeko. Bestalde, Olatzek esan du espetxea maskulinoa dela eta erabat ados nago. Emakumeak zuzendu behar dituzte, bide onetik eraman, gizarteak beraiengandik espero duenarekin bete. Baina beste atal bat ere badago, aita diren presoena. Ez gara existitzen. Ardura guztia amarena da, aitak ez du ezer kontatzen. Olatz joaten bada ospitalera edo abokatuengana, moduluko kide batekin utzi behar du haurra.

Lasagabaster: Tokatu zait Xua preso arrunt batekin utzi behar izatea.

Xuak 3 urte beteko zituen eguna, 2020ko urtarrilaren 19a, egutegian ondo markatuta izango zenuten. Legeak dioenaren arabera, Xuak espetxean eman behar zuen azken eguna.

Lasagabaster: Hiru urte pasatzen dituzu umearekin espetxean, kalea ateratzen den tarte horiek kenduta, 24 orduz. Eta bat-batean erauzi egiten dizute. Oso gogorra da. Eta saiatzen zara, hiru urte pasatzen dituzu mentalizatzen, badakizu momentua iritsiko dela. Baina ailegatzen denean, uf!. 2020ko urtarrilaren 19a nire bizitzako egunik okerrenetako bat izan zen. Guk zortea izan genuen, bagenekielako 17 hilabetera aterako ginela.

Uranga: Xuaren kasuak oihartzun mediatikoa izan du, baina badira kasu okerragoak. Xuak lagundu du azaleratzen motxiladun haurren egoera. Baina zentzu batean gu pribilegiatu batzuk izan gara. Gogorra bazen ere, 17 hilabeteetako kontua izan zen.

«Saiatzen zara, hiru urte pasatzen dituzu mentalizatzen, badakizu momentua iritsiko dela. Baina ailegatzen denean, uf!. 2020ko urtarrilaren 19a nire bizitzako egunik okerrenetako bat izan zen»

2020ko urtarrilean iritsi zen Xua Usurbilera. Pandemia etorri zen gutxira; horrek areago zaildu zizuten alabarekin egoteko aukera.

Lasagabaster: Atera zenetik gu azaroaren 6an atera ginen arte, bisean biseko bakarra egin genuen otsailean Aranjuezen. Maddi jaio zenean utzi zioten amarekin batera ospitalera sartzen ordu erdiz eta hurrengo egunean hamar minutuz. Ia hamar hilabeteetan, Patxik behin ikusi zuen eta nik hirutan; Patxik ordu eta erdiz eta nik bi orduz.

Urtarrilean atzean utzi beharko ditu gurasoak Izadi txikiak. Zuen bizipenetik, guraso haientzako zein izango litzateke mezua?

Lasagabaster: Oso zaila egiten zait mezu bat helaraztea. Hain da momentu gogorra eta hain da pertsonala; zer esan behar diozu egoera horretan dagoen pertsonari? Animo esan behar diozu? Motzegi da, hotzegi. Ez du balio. Ez dago mezurik eta ez dago hitzik.

Uranga: Izadi urtarrilak 23an jaio zen orain dela bi urte. 2022ko urtarrilaren 23an, bere aitari, Iñigori, faltako zaizkio sei hilabete ateratzeko. Amari, Mariari, faltako zaizkio urte batzuk, baina aipatu behar da bere kausa-kidea hirugarren graduan dagoela, zigor berdinarekin. Borondate kontua da.

Zein izan daiteke irtenbidea zuek bizi izan zenuten esperientzia beste inork ez bizitzeko? Familia-moduluen aukera aipatu izan da.

Lasagabaster: Niretzako familia-moduluak oinarria izan beharko lirateke, bikotea espetxea dagoen kasuetan umearekin egoteko aukera izateko. Kontua da legeak oso zorrotz esaten duela umeak hiru urte betetzean espetxetik atera behar duela. Badago beste aukera bat; zaintzapeko pisuak, espetxeak kudeatzen dituenak. Bertan, umeak sei urte bete arte egon daitezke. Baina, noski, zigor luzea daukaten amen kasuan, horrek ere ez du balio. Umea denbora gehiagoz espetxean edukitzea ere, niretzako ez da batere erraza. Sei urtera arte, pisu horretan egonda, kalera ateratzen dira eta baimenak dituzte astebururo. Desberdina da. Baina espetxean egonda, uste dut hiru urterekin jada espetxea oso txiki geratzen zaiela. Xuarekin konturatu nintzen espazio hori itogarria egiten zitzaiola. Igande edo astelehenetan espetxera bueltatzen zenean, asteburua kalean pasatu eta gero, asteazken gauean jada esaten hasten zen kalera atera nahi zuela. Uste dut espetxea ez dela inorentzako tokia eta ume batentzat gutxiago. Irtenbidea zaila da. Irtenbidea litzake amei kalerako irteerak erraztea.

«Kartzelan egonda eguneko 24 orduak zuretzako eta zure burua zaintzeko edukitzea, modu batean luxu bat dela. Oso modu kontzientean bizi dut prozesu guztia».

2020ko azaroan etorri zitzaizuen ezusteko albistea. Hirugarren graduaren onarpena eta Aranjuezetik Martutenerako bidea.

Uranga: Ni akordatzen naiz bazkaltzen ari nintzela deitu zidatela segurtasuneko zuzendariordearen partez orri bat sinatzeko, banindoala hiru-lau eguneko baimenarekin kalera. Baina Madrilen kalera etxekoek ezer jakin gabe? Pikutara bidali nituen. Azkenean, Fontcalent-etik ezagutzen nuen funtzionario batek deitu zidan eta esan zidan ‘ez, Patxi, jaso dena, zeren ez dute esatea nahi baina ez zatoz hona bueltan, Martutenera zoaz. Ez zoaz lau egunetarako, Euskal Herrira zoaz’. Baina Aranjuezen gezurretan ibili ziren azken momentura arte.

Azken hilabeteak mugimendu askokoak izaten ari dira presoak lekualdatzeari dagokionez. Nola ikusten duzue?

Uranga: Gure ustez harago joan beharko litzateke. Gure nahia? Espetxeak apurtzea. Baina errealistak izanda, eta onartzea kosta zaigun arren, ez zaigu beste biderik geratzen. Arazoa izan da azken urteetan egon den inmobilismoak sortu duen ezina eta nekea. Orain ari gara mugimendu batzuk ikusten eta bada arnasa senideentzat. Baina ez da nahikoa.