Atsu, Baionan hazitako igerilaria, estilo libreko 200 metroetako probatik at geratu da
Jonathan Atsu igerilariak ezin izan du estilo libreko 200 metroetan finalerdietarako txartela lortu. Bere multzoan azkena izan da 1:47.75 denborarekin eta orotara, 28. postuan bukatu du sailkapen fasea. Baionan hazitako igerilariak taldeko errelebo proban ere parte-hartuko du.
Estilo libreko 200 metroetako txapelketa bukatu da Jonathan Atsurentzat. Hasi bezain pronto, Olinpiar Joko batzuetan debuta egin bezain pronto. Bere txandan, hirugarrenean, azken sailkatua izan da 1:47.75 denborarekin eta 39 parte-hartzaileen artean, 28.ena izan da Baionan hazitako igerilari gaztea, lehen sailkatua baino hiru segundo eta hamairu ehunen geldoago izanda.
Oraindik ere, taldekako errelebo proban parte-hartzea geratzen zaio 25 urteko igerilariari; beraz, lasterketa hau ez da izan Tokioko azkena. Asteartean, 4x200 metroetako errelebo saioan parte hartuko du Jonathan Atsuk, Euskal Herriko 12.54etatik aurrera.
Estatu frantseseko txapelketa nagusian, estilo libreko 200 metroetan bigarren egin ostean sailkatu zen Jonathan Atsu Olinpiar Jokoetara. Pothain-ek irabazi zuen finala 1:46.83 denborarekin, Atsu baino hamalau ehunen azkarragoa izanik eta egungo Frantziako txapelduna 20.ena izan da sailkapen fasean eta hau ere txapelketatik at geratu da.
Atsu Bretainiako Carhaix-Plouguer herrian jaio zen baina Baionan hazi zen igerilari moduan, 7 urte zituela. Bere «adopzio-herritzat» dauka Lapurdiko hiriburua, alegia. Orduan zituen bizkarreko minak arintzeko hasi zen igeri egiten eta 25 urterekin Olinpiar Jokoetan lehiatu da lehen aldiz.