INFO

Uliako itsas hondotik «sare fantasma» bat aterako dute operazio konplexu bati esker

Donosti Buceo, Eguzki, Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzua eta Aztiko kideek osatutako talde batek «sare fantasma» bat aterako du astearte honetan Uliako itsas hondotik, Pasaiako portutik irtetean. Sarea 25-30 metroko sakoneran dago arroketan finkatuta.

Buceo Donostiren irudia, sare zati bat atera zutenean egindakoa. (BUCEO DONOSTI)

Uliako itsas hondotik «sare fantasma» bat ateratzeko asmoa dago astearte honetan, Donosti Buceo, Eguzki, Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzua eta Azti zentro zientifiko eta teknologikoaren parte-hartzea eskatu duen operazio konplexu samar baten bitartez. Zehatz-mehatz, Mendebaldeko Bantxa aldean izango da, Pasaiako portuko bokanatik atera eta ezkerrera.

Sare hau noizbait galdu edo abandonatuta geratu zen eta, denboraren poderioz, urpeko arroketan finkatu da, 25-30 metroko sakoneran. Han, txangurro, misera, itsas aingira eta beste hainbat espezierentzako tranpa izaten jarraitzen du.

Buceo Donostiko kideek orain dela gutxi sare horren zati txiki bat ateratzea lortu zuten, baina ondorioztatu zuten gainerakoa atera ahal izateko segurtasun berme handiagoak behar zituztela.

Gauzak horrela, Eguzki talde ekologistarekin harremanetan jarri ziren eta, batzuen eta besteen artean, Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzuarekin eta Aztirekin hainbat gestio egin dituzte. Eguzkik adierazi duenez, Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzuak, legez eskumena duen erakundea izateaz gain, baliabideak ditu sarea aterako duten Buceo Donostiko hamabi bat kideren segurtasuna bermatzeko. Bai ur gainean, bai urpean, izan ere, urpeko jardueren talde bereziak (GEASek) ere parte hartuko du.

Aztik, berriz, sare mota horiei eta, oro har, plastikoei buruz egiten ari den azterlanak osatzeko aprobetxatuko du, eta, azkenean, hondakina bideratzeaz ere arduratuko da.

Honelako sare hauen izen teknikoa ALDFG da (Abandoned, lost or otherwise discarted fishing gear; «abandonatutako, galdutako edo baztertutako arrantza-arteak», ingelesez), baina izen arrunta «sare fantasmak» izaten da.

Sare hauekiko kezka gero eta handiagoa dela ohartarazi dute erakundeek. Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen (FAO) arabera, urtero 640.000 tona arrantza-arte amaitzen dira itsasoan. Handiak zein txikiak, gaur egun ia guztiak plastikozkoak dira. Ozeano Barean dagoen Zaborraren Orban Handia delako «kontinentea»ren %46 sarez osatuta dago. Baina sare fantasmekiko kezka ez da soilik ozeanoak plastikoz betetzen dituen olatuari ekarpen handia egiten diotelako, baizik eta nabigaziorako arazo bat direlako eta, batez ere, faunarentzako tranpa hilgarriak eta ekosistementzako benetako mehatxua izaten jarraitzen dutelako.