INFO

Euskotrenek eta TKEk emakumezkoen traineru Liga babesteko akordioa lau urtez luzatu dute

Euskotrenek bere izena daraman emakumezkoen ligaren babesle ofiziala izaten jarraituko du gutxienez 2024ra arte. «Akordio honek TKErentzat estrategikoa den lehiaketa bati beharrezko egonkortasuna ematea ahalbidetzen digu», adierazi dute.

Uñaki Arriola sailburua eta Borja Rodrigo TKEko presidentea, arraunlariez inguratuta. (EUSKO LABEL LIGA)

Euskotrenek Traineru Kluben Elkartearekin (TKE) zuen akordioa beste lau urtez luzatzea erabaki du eta, ondorioz, gutxienez 2024ra arte Euskotren Liga izena izaten jarraituko du. Akordioa ostegun honetan sinatu dute Iñaki Arriola Lakuako Gobernuko Lurralde Plangintza, Garraio eta Etxebizitza sailburuak eta Borja Rodrigo Traineru Kluben Elkarteko presidenteak.

Aipatu behar da 2009an Liga hau sortu zenetik Euskotren izan dela babesle ofiziala. Hori dela eta, Arriolak azpimarratu du «benetako harrotasuna» dela «Euskotrenen izena gehitzea, egunerokotasunean bizitzako esparru guztietan, kirolean eta garraio sektorean bezala, emakumeak sartzen ari direla erakusten duen ligari». Sailburuak arraunlari denboraldi honetako 14 estropadak jarraitzera animatu ditu herritarrak, play offetako bi estropadak barne.

Bestalde, Borja Rodrigo TKEko presidenteak azpimarratu duenez, «oso egun garrantzitsua da TKErentzat, akordio honi esker gure emakumezkoen ligaren jarraipena bermatzea lortu baitugu, eta Euskotrenek izena ematen baitio lehiaketari».

Gainera, Rodrigok azpimarratu du oso garrantzitsua dela sinadura hori etorkizunari begira: «Akordio honek, beste 4 urtez, TKErentzat estrategikoa den lehiaketa bati beharrezko egonkortasuna ematea ahalbidetzen digu; izan ere, duela 13 urte Euskotren Liga sortu eta abiaraztea erabaki genuenean egin genuen bezala, emakumeen arraunarekiko konpromisoa funtsezkoa da oraindik ere Elkartearentzat eta bere bazkideentzat».

Horregatik, «oso pozik eta eskertuta gaude Euskotren bidelagun izaten jarraitzeagatik, eta azpimarratu nahi dugu ez bakarrik garai hartan gu babesteko hartu zuen erabakia, baizik eta berdin egiten jarraitzea 13 urte geroago ere, pertsonak konektatuz eta balioak konektatuz», amaitu du.