Basterrak gol pase bat eman du Espainiak Japoniari irabazi dion norgehiagokan
Jose Basterra hockey jokalari bizkaitarrak minutu batzuk jokatu ditu –eta jaurtiketa bat egin du– Espainiak Japoniari irabazi dion norgehiagokan (1-4). Garaipen honekin, Espainiak oraindik aukerak ditu final-laurdenetarako txartela lortzeko. Ostegunean Australiaren aurka dena izango du jokoan.
Azken neurketan deialditik at geratu ostean –Espainiak Indiaren aurka 0-3 galdu zuen partidan–, asteazken honetan minutuak jokatu ditu Jose Basterrak bizkaitarrak Espainiaren txapelketako lehen garaipena eskuratzen lagunduz.
Ez du golik egin Basterrak baina bai eman du gol pase bat David Alegrek markagailuan aldea handitu zezan, 1-3ko gola eginez. Gol garrantzitsua izan da, nolabaiteko lasaitasuna eman baitio Fred Soyezek entrenatutako taldeari.
Neurketa hau erabakigarria zen bi taldeentzat, Olinpiar Jokoetako txapelketan aurrera jarraitzeko aukerak bizirik jarrai zezaten eta beraz, urduritasuna ere nabaria izan da. Hala, hasi bezain pronto, etxekoek penalti stroke bat izan dute alde, Pep Romeuk Kenta Tanakari eginiko falta baten ondorioz. Hirotaka Zendanak ez du hutsik egin eta 1-0 aurreratu da Japonia.
Abantailak, baina, ez dio asko iraun. Espainiak, minutu baten buruan, hiru penalti korner bota ditu jarraian eta hirugarrean asmatu egin du Xabi Lleonartek, markagailuan banakoa ezarrita.
Berdinketaren gola egin geroztik, Espainia gehiago izan zen. Gehiagotan iritsi zen aurkariaren ate ingurura, erasoan min gehiago ari zen ematen. Nolanahi ere, bigarren laurdenera arte ez du lortu markagailua erabat iraultzea, orduan ere penalti korner baten bitartez, Quemada golegile izan dela.
Japonia bat gutxiagorekin ari zela –Masaki Ohashik txartel berdea ikusi du– abantaila handitzeko aukera probestu du Fred Soyezen taldeak, aipatu Basterraren pasea eta Alegreren golarekin.
Hirugarren laurdena golik gabe amaitu zen, nahiz eta Espainiak aukerak izan zituen neurketa erabat erabakita uzteko. Laugarren laurdenean Lleonartek bere eguneko bigarren gola egin zuen penalti stroke batean, txapelketako lehen garaipena erabat lotzeko.
Ostegun honetan, Australiaren aurka jokatuko du benetan erabakigarria izango den neurketa. Final-laurdenetarako txartela egongo da borrokan.