Garbiñe Muguruza, Olinpiar Jokoetatik at Elena Rybakinaren aurka galdu ostean
Garbiñe Muguruzaren Tokioko ibilbidea final-laurdenetan amaitu da. Galdu egin du Elena Rybakinaren aurka (7-5 eta 6-1) ordu eta erdi xume bat iraun duen neurketan eta beraz, agur esango die Olinpiar Jokoei. Asteartean Carla Suarezekin osatzen zuen binakakoan ere, kanporatua geratu zen.
Bukatu da Garbiñe Muguruzaren ibilbidea Tokioko Olinpiar Jokoetan. Asteartean binakako txapelketan, Carla Suarezek bikotea osatuz, Belinda Bencic eta Viktorija Golubic suitzen aurka galdu bazuen (3-6, 6-1 eta 11-9), asteazken honetan ezin izan du banakako ibilbidea luzatu.
Kazakhstaneko Elena Rybakinaren aurka galdu du final-laurdenetako lehian (7-5 eta 6-1), ordu eta erdi inguru iraun duen neurketan. Lehen setean gauzak estu egon dira, jokalari bakoitzak bere sakearekin puntua egitea lortu baitu. Orduan, baina, berdinketa iritsi da eta Muguruza ez da hain fin aritu.
Rybakinak alde batetik bestera mugitu du Muguruza, kolpe indartsu eta tinkoekin eta hala, seta bere aldera bereganatu du (7-5).
Beroagatik atseden apur bat hartu ostean abiatu da bigarren seta eta Kazakhstaneko tenislariaren nagusitasuna are handiagoa izan da. Pistan nagusi izan da mota guztietako kolpeekin, erraz jokatzen egongo balitz modura. Hala, 6-1eko emaitzak ederki islatzen du nola gailendu den Rybakina.
Finalerdiak jada erabakita geratzen dira. Rybakinak Belinda Bencic suitzarra izango du arerio eta beste norgehiagokan, Elina Svitolina ukrainarra eta Marketa Vondrousuva txekiarra lehiatuko dira finalean egoteko txartelarengatik.
Beroaz kexu
«Ez da beharrezkoa 37 gradurekin jokatzea», adierazi du Muguruzak Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu bezain pronto. Kexu agertu da antolakuntzarekin eta uste du bero handiko egun hauek «hobeto kudeatu» zitezkeela.
Hala, iritzi du teniseko neurketak «gauez» jokatu zitezkeela edo bestela, txapelketa bi astean zehar luzatu zitekeela, bero handiko egunetan jokatzea saihestuz. Izan ere, egunaren erdialdean jokatu dira neurketa asko, tenperatura 30 gradutik gora zegoela eta %60 baino gehiagoko hezetasunarekin. Honen harira, Paula Badosa tenislari katalanak txapelketa utzi behar izan du bero kolpe bat zela-eta.
«Orain bertan izorratuta nago, aurreko partidetan ondo sentitu naizelako. Gaur bai igarri dut neke gehiago», azaldu du tenislariak.