San Marinok bere historiako lehen domina irabazi du Perilli jaurtitzailearen eskutik
Alessandra Perilli jaurtitzaileak brontzezko domina irabazi du tiro olinpikoa disziplinan eta hala, San Marinoren historiako lehenengo domina eskuratu du.
San Marino 34.000 biztanleko herrialdea da eta ostegun honetan Olinpiar Jokoetan hitz larriz agertu da. Alessandra Perilli jaurtitzaileak herrialdearen lehenengo domina eskuratu du tiro olinpikoa disziplinan. Brontzezko domina kolkoratu du kirolariak, finalean Zuzana Stefecekova eslovakiarraren eta Kayle Browning estatubatuarraren atzetik geratu ostean.
Brontzezko domina horrek esanahai handia dauka. San Marino baita Olinpiar Jokoetan domina bat irabazten duen biztanle gutxien daukan herrialdea.
Egunotan, beste herrialde txiki batek ere lortu du marka berria. Bermudasek, 63.000 bizntaleko herrialdeak, bere lehenengo urrezko domina olinpikoa lortu zuen. Triatloian izan zen, Flora Duffy aurkari guztiei gailendu baitzitzaien.
Duffy, Munduko txapelduna izan zen 2016 eta 2017an, eta bere laugarren Olinpiar Jokoak izan dira Tokiokoak. Urrea irabaztea ez ezik, aurkari zuzenei atera zien aldea ere nabarmentzekoa izan zen. Bigarren sailkatu Taylor Brown britainiarrari minutu bat eta 14 segundoko abantaila atera zion eta hirugarrenari, Zaferes estatubatuarrari, ia minutu eta erdiko aldea.
Balentria hau nahikoa izan zen Bermudaseko lehen ministroa David Burten aitortza jasotzeko. «Ez dago hitzik deskriba dezaketenik atleta handi honek egingiko ikaragarrizko esfortzua», adierazi zuen, besteak beste, Burtek.