Nerbioiko itsasadarrak ezberdintasun txikienak ere nabarmenduko ditu biharko estropadan
Bilboko gizonezkoen XII. Bandera eta emakumezkoen III. Bandera erlojupeko formatuan jokatuko da eta Santurtziko XLII. Ikurrinak ere ibilbide xelebrea izango du arraunlarientzat. Joan den astean covid-19a dela eta lehiatu ezinik geratu ostean, Zierbena ostera ere uretara itzuliko da.
Bilbo eta Santurtzi izango dira asteburu honetako eszenatokiak, bai Eusko Label Ligan nola Euskotren Ligan ere. Kasu bietan, erreka eremua Nerbioi itsasadarrean murgilduta dago, bai Bizkaiko hiriburutik igarotzen delako, bai Santurtzin itsasoratzen delako. Gainera, asteburu honetan jokatuko diren bi estropadak bereziak izango dira, bat bera ere ez baita ohiko formatuan jokatuko. Bilboko kasuan, erlojupeko formatuan jokatuko da, eta Santurtzin, hamabi ziaboga izango dira estropada eremuan. Hala, itsasadarra bera bihurtuko da hein handi batean asteburuko epaile. Bestalde, asteburuko estropada hauekin, Eusko Label eta Euskotren ligen lehenengo hilabetea bukatuko da.
Esan behar asteburu honetan Zierbena berriz ere lehiara itzuliko dela. Joan den astean ezin izan zuen arraunean egin, bere batez besteko puntuaketari jaramon eginez puntuak pilatu bazituen ere. Covid-19 kasu bat konfirmatu zuten «galipoek», baina zorionez buelta eman diote, eta ez da positibo berririk izan. Hala, ostera ere hamabi lehiakide izango dira asteburuon Eusko Label Ligan.
Larunbat arratsaldeko estropada, Bilboko gizonezkoen XII. Bandera eta emakumezkoen III. Bandera erlojupeko formatuan jokatuko da, eta taldeak sailkapen nagusiaren kontrako ordenean irtengo dira. Euskotren Ligako jardunaldia 17.55an hasiko da Hondarribia izango da aurrena irteten, eta ondoren gainerako taldeak –Donostoarra, Orio eta Arraun Lagunak, hurrenez hurren– minutu bateko aldearekin irtengo dute traineru bakoitzaren artean.
Ondoren, gizonezkoen traineruen txanda izango da, lau traineruko hiru txandatan aterako dira, emakumezkoen ibilbidearen bikoitza eginez, ohikoa den moduan. Hala Zubizuri eta Guggenheim Bilbao Museotik igaroko dira eskifaiak, udaletxetik hasita Deusturaino.
Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko Itxaso Erroteta zinegotziak aurkezpen ekitaldian esandakoari so eginez gero, larunbatekoa «urteko ekitaldirik handienetakoa» izango da. Bere hitzetan, «lau protagonista» izango ei dira ibaian. «Kirola, emozioa, tradizioa eta erantzukizuna». Covid-19a transmititzea eragozteko, zinegotziak gogorarazi zuen ezinbestekoa dela indarrean dagoen araudia betetzea eta «jendea itsasadarraren ertzetan ez pilatzea».
Estropada are bereziagoa
Zapatuko erlojupekoa ezberdina eta kuriosoa irudituz gero, zer esan domekako probari buruz, Santurtziko XLII. Ikurrina. Adibidez, Euskotren Ligako tripulazioen kasuan, lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte, ohi baino metro batzuk gehiago eginez, eta Eusko Label Ligako lau luzeek ere ez dute denek distantzia berbera izango.
Emakumeen lehian, Portugaleteko igerilekuen aurrean jarritako balizetatik hasi eta Benediktara joango dira arraunean, bertan aurkituko baitituzte ziabogak. Distantzia hori –832,03 metro– lau aldiz egingo dute emakumezkoen kasuan, 3328,12 metroko distantzia osatuz, ohiko 2.778 metroak egin ordez.
Gizonezkoen errekaren kasuan, 832 metroak Portugaleteko atoiontzietan dauden balizetarantz bete ondoren, Santurtzi barruko portuko Abra inguruan dauden kanpoko balizetara joango dira –1.945,97 metroko luzea–. Azken ziaboga emateko atoiontzien gunera itzuli ondoren, ontziek azken luzera lerrokatuko dute helmugara iristeko irteera hartu duten lekuan dauden balizetan (832,03 metro), ohiko 5557 metroak nolabait osatuz.
Ohikoa den legez, Eusko Label Ligako estropadaren kasuan, txandak azken bezperako sailkapenaren arabera osatuko dira.