INFO

Hondarribia eta Arraun Lagunak Bilboko erlojupekoan nagusitu dira

Bi traineru gipuzkoarrak azkarrenak izan dira Eusko Label eta Euskotren Ligetan, hurrenez hurren. Hondarribiak bi puntu kendu dizkio sailkapen nagusian Santurtziri, hirugarren izan baitira bizkaitarrak. Arraun Lagunak nesken ontziak, gainera, estropada-eremuko errekorra hautsi du.

Hondarribiko patroi Ioseba Amunarriz, bandera pozez astintzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bilboko uretan erlojupekoan egindako estropadak proba polita utzi du bertara gerturatu diren ikusle zein turistentzat. Alde batetik, historian egin diren hamabi probetatik Hondarribiak bertan lortzen duen bosgarren garaipena ikusi ahal izan da –estropada-eremuko errekorra hausteko oso gertu aritu dira, gainera— eta lau puntura dute lidertza, Santurtzik hirugarren postua lortu baitu. Bestetik, Euskotren Ligan, Arraun Lagunakek lider sendoa izaten jarraitzen du garaipena erdietsita. Ez hori bakarrik, estropada-eremuko errekorra hautsi du 10:31.24 denborarekin.

Aipatu behar da Lekittarra ontziak ez duela arraunean egin larunbat honetan, covid-19 kasu positibo bi antzeman baititu taldean. Igande honetan jokatuko den Santurtziko Ikurrinari dagokionez, taldearen parte-hartzea airean dago, eta Osakidetzako arakatzaileek erabakitzen dutenaren araberakoa izango da.

Eusko Label Liga pilpilean jarri du Hondarribiak. Estropada hasi aurretik sei puntuko aldea zegoen Santurtzi liderra eta “Ama Guadalupekoa” ontziaren artean. Orain, laukoa da alde hori, gipuzkoarrek irabazi baitute eta bizkaitarrak hirugarren izan baitira, Zierbenaren atzetik.

Igande honetan etxean arituko dira santurtziarrak. Ikusiko da patroi aldaketa dagoen berriro, gaur Bilbon Eneko Gonzalez aritu baita Gorka Aranberri esperientzia handikoaren ordez.

Hondarribiak bigarren luzean hautsi du estropada. Egia da lehen ziabogan hiru segundoko aldea ateratzen ziola jada Santurtzi eta Oriori, eta bost Zierbenari. Baina aldeak handitzen joan dira ondoren. Bigarren biraketan zazpi segundoko aldea zuen “Sotera” eta Zierbenarekiko –Orio atzerago geratu da– eta hirugarrenean bederatzi eta zazpikoa zen, hurrenez hurren.

Hondarribiarrek ez dute garaipena aldentzen utzi eta beldurra sartu diote gorputzean Santurtziri, igande honetan bertako uretan lehiatu aurretik.

Bigarren txanda: Donostiarra oso lehiakor

Lehia bizia egon da aurtengo denboraldian bigarren txandan eta ohorezko txandan aritzen ari diren Donostiarra eta Urdaibairen artean. Cabok markatu du denbora onena helmugaratu denean eta Ondarroak Zarautzek lehen txandan egindakoa baino okerragoa egin du, baina Urdaibaik hobetu egin du helmugaratzean, eta bere atzetik Donostiarrak askoz ere hobeto egin du –hiru segundo hobeto, hain zuzen ere–.

Lehenengo eta bigarren ziabogetan, Ondarroak eta Urdaibaik denborak kopiatu dituzte elkarren arrean (4:58 lehenengoan eta 9:45 bigarrenean). Donostiarrak segundo bat gehiago behar izan du horietako bakoitzean, baina hirugarren biraketan nabarmendu da eta azken luzean dena eman du. Ioritz Orbegozok ezetz esaten zion buruarekin bere patroiari, baina gipuzkoarrek, leher eginda amaitu badute ere, ordurarteko denborarik onena egin dute.

Lehen txanda: Tiran indartsu

Indartsu eta interesgarri hasi da Eusko Label Ligako estropada, zeinetan Tiranek denbora onena markatu duen, Ares eta Zarautzen aurretik. Lekittarra ez da Bilboko uretan aritu, covid-19 kasu positibo bi antzeman baititu taldean.

Horrenbestez, orain arte Eusko Label Ligan jokatu diren 9 jardunaldietan Lekittarrak lortu dituen puntuen batez bestekoa kontuan hartuta, bizkaitarrek 4 puntu batuko dituzte gaurko jardunaldian.

Aipatzekoa da Tiranek egin duen lana. Haizeak gora egin duen momentu batean, hirugarren ziabogan arraun bat hautsi dute galiziarrek, baina aldaketa prozesua azkarra izan da eta ordurarte Zarautzek egindako debora onena hobetu dute helmugan.

Eusko Label - XII Bilboko Bandera

1. Hondarribia    19:21.74
2. Zierbena        19:29.18
3. Santurtzi       19:33.72
4. Orio              19:34.80
5. Donostiarra    19:41.92
6. Urdaibai        19:45.26
7. Cabo            19:46.32
8. Tiran           19:47.10
9. Ares            19:52.18
10. Zarautz    19:53.70
11. Ondarroa    19:54.52
    . Lekittarra    ez du parte hartu

Sailkapen nagusia

1. Santurtzi        94 puntu
2. Hondarribia    90
3. Zierbena        83
4. Orio               77
5. Donostiarra    74
6. Urdaibai         69
7. Cabo              52
8. Ondarroa        50
9. Ares               39
10.Lekittarra      39
11.Tirán            30
12. Zarautz       24

Arraun Lagunakeko patroi Andrea Astudillo taldekide bat besarkatzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Euskotren Liga: Arraun Lagunak, liderrago

Erlojupekoek berdintasun gehiago eskaintzen dute estropadetan, eta larunbat arratsalde honetan Bilbon jokatutako proban hala ikusi da. Lau traineruak 7.42 segundoko tartean sailkatu dira.

Garailea, beste behin, Arraun Lagunak izan da. Hasiera-hasieratik markatu ditu denbora onenak, aurretik abiatu diren beste hiru ontzien markak hobetuz.

Lehena abiatzen Hondarribia izan da, eta lehen ziabogan ondoren atera den Donostiarra baino denbora hobea egin du: bi segundo hobeto.

Hala ere, “Ama Guadalupekoa” ontziak behera egin du bigarren luzean. Donostiarrak gainditu egin du, azken tokira jaitsiz.

Orio eta Arraun Lagunak beste lehia batean sartu dira. Donostiako ontziak, hala ere, ez du espekulaziorako unerik utzi, eta garaipen nabarmena lortu du sailkapen nagusian beste kolpe handi bat emateko hiru estropada eta bi banderaren faltan.

Euskotren - III. Bilboko Bandera

1. Arraun Lagunak    10:31.24
2. Orio                     10:37.68
3. Donostiarra          10:37.98
4. Hondarribia          10:38.66

Sailkapen nagusia

1. Arraun Lagunak    29 puntu
2. Orio                     28
3. Donostiarra          19
4. Hondarribia          14