INFO

Odei Jainaga, sorbalda minduta zuela, sailkapen fasean kanporatua izan da

Odei Jainaga xabalina jaurtitzaileak ezin izan du sailkapen fasea gainditu bere estreinako Olinpiar Jokoetan. Eibartarrak sorbalda minduta zuela egin du debuta Tokion eta 73,11 metroko jaurtiketa egin du. 

Odei Jainaga, Olinpiar Jokoetako debutean. (Andres ISAKOVIC / AFP)

Odei Jainagak asteazken honetan hasi eta bukatu du Tokioko Olinpiar Jokoetako ibilbidea. Eibartarrak ezin izan du sailkapen fasea gainditu 73,11 metroko jaurtiketarekin. Aspalditik daukan sorbaldako lesioak gerra asko eman dio azken hilabeteetan eta Olinpiar Jokoetako debuta ere minduta egin du. 

Sorbaldan daukan lesio tendinosoaren ondotik, eremua anestesiatuta lehiatu behar izaten du eta entrenamenduetan jaurtiketak egitea saihesten zebilen azken hilabeteetan. Nolanahi ere, Tokion egotea irabazi zuen eibartarrak eta beraz, debuta egiteko gogotsu zebilen. 

Azkenean, ordea, 29. postuan bukatu du sailkapen fasea. Aurrera egiteko 83,50 metroko jaurtiketa egin behar zuen –berez, berak ezarritako Espainiako errekorra baino kasik metro eta erdi gutxiagokoa– baina egin dituen bi saiakeretan ezin izan du 80 metroetatik gorako jaurtiketa egin. Lehenengoan egin 73,11 metroko jaurtiketa eta bigarrenean, kaskarragoa egin du (70,77), ziur sorbaldako minak eraginda. 

Orain arte, soilik euskaldun bat sailkatu da xabalina jaurtiketako finalera, Pedro Apellanizek lortu zuen Londres 1948an 54,64 metroko jaurtiketa batekin. 

Jainagaren hurrengo helburua, lesiotik osatzeaz gain, Paris 2024 Olinpiar Jokoetara sailkatzea izango da. Oraingoz, Tokioko Olinpiar hiribilduan herrialde ezberdinetako pin gehien batu dituen kirolarietariko bat izateko ohorea dauka.