INFO

Azken frustrazioak atzean utzita, urrea kolkoratu du Ana Marcela Cunhak

2008an, Pekingo Olinpiar Jokoetan, igeriketako maratoian lehiatu zen igerilari gazteena izan zen Ana Marcela Cunha, 16 urte zituela. Ez zen iritsi Londresera eta Rioko frustrazioaren ostean, barea kenduta, Tokion podiumaren gorenera iritsi da Salvador de Bahiako igerilaria.

Ana Marcela Cunha, urrezko dominarekin. (Oli SCARFF / AFP)

Frustrazioak ondo kudeatzea giltzarri izan daiteke erronkak baikortasunez hartzeko, kudeaketa eskas baten ondotik hondoratzea etor daitekeelako. Auzi hau Ana Marcela Cunhak nola landu duen ez da jakina, baina nola edo hala, atzean uztea lortu du, Olinpiar Jokoetan urrea irabazi arte ekin eta ekin aritu baita. Odaibako itsas parkean lortu du hainbeste desiratutako domina 10 kilometroko lasterketa 1:59:30.8 denboran bukatuta, sekulako esprintarekin.

Ibilbide tematsu hau duela hamahiru urte abiatu zen, igerilari brasildarra 16 urte zituela lehen aldiz Olinpiar Jokoetan lehiatu zenean. Orduan, igeriketako maratoiko kirolari gazteena izan zen eta sekulako txapelketa egin zuen: bosgarren bukatu zuen, txapeldunetik soilik 9 segundora eta podiumetik 5era. Olinpiar diploma jaso zuen bere debutean. Bazirudien hor etorkizuneko txapeldun baten lehen hazia landatu zela eta beraz, Londreseko Jokoetan gertutik jarraitu beharreko igerilaria izango zela.

Ingalaterrako hiriburuan lehiatzeko aukera, baina, ez zen sekula iritsi. 2011ko Shanghaiko Munduko Txapelketan, 10 kilometroko proban, hamaikagarren postuan bukatu zuen eta soilik lehen hamar sailkatuek lortu zuten Olinpiar Jokoetarako txartela. Kolpe latza izan zen brasildarrarentzat. Nolanahi ere, kolpe horretatik altxatu eta handik egun gutxira, 25 kilometroko proban urrea irabazi zuen. Inoiz brasildar batek lortu gabeko balentria lortu zuen.

Londreseko Olinpiar Jokoetarako txartelik gabe geratu ondoren, bazirudien benetako goranzko bidea abiatu zuela Cunhak. 2012an Hego Amerikako Igeriketa Txapelketan azkarrena izan zen, bai 5 kilometroko proban eta bai 10 kilometrokoan. Urtebete beranduago, Bartzelonan egin zen Munduko Txapelketan ere urrea irabazi zuen distantzia motzenean. Horregatik, hain zuzen, 2016ko Rioko Jokoetara –etxean izateaz gain– faborito gisara iritsi zen.

Txapelketa, baina, oso oker hasi zen Ana Marcela Cunharentzat eta hasi bezala bukatu zuen: espero baino okerrago. Hain garrantzitsua izaten den ordezko likidoa galdu zuen proban zehar eta hamargarren postuan iritsi zen helmugara.

Barea erauzita hasitako zikloa

Kolpe bat bestearen atzetik, frustrazioa hainbeste desiratutako hitzordu olinpikoa iristean. Izan ere, Cunhak guztira 33 urrezko domina, 16 zilarrezko eta brontzezko 17 kolkoratu ditu Nazioarteko Igeriketa Federazioak antolatutako txapelketetan. Munduko txapelketetan ere hamaika aldiz igo da podiumera, horietariko bostetan gorenera altxatuz, azkeneko biak 2019. urtean (distantzia luze zein motzenean). Baina Olinpiar Jokoetako arantzak hor jarraitzen zuen.

Cunhak entrenatzailearekin ospatu zuen urrezko domina. (Oli SCARFF / AFP)

Porrotak gutxi ez eta Tokioko Jokoetako ziklo olinpikoa hasi bezain laster, odol plaketen ekoizpena suntsitzen duen gaixotasun autoimmunea antzeman zioten. Barea erauzi behar izan zuen, konplikazio gehiago saihesteko.

Ana Marcela Cunhak, ordea, ez zeukan etsitzeko asmorik eta azken bost urte hauetan gogor aritu da Japonian ametsa egia bihurtzeko. «Domina honek esanahi handia dauka niretzat. 2008an ez nuen irabazteko aukera errealik eduki, 2012an ez nintzen sailkatu eta 2016ko lasterketan ez nintzen aritu nire entrenatzaileak eta nik aurreikusitako moduan», laburbildu zuen Salvador da Bahiako 29 urteko kirolariak.