INFO

Reala eta Osasuna, aurrez aurre Euskal Herria Txapela finalean, bigarren urtez jarraian

Azken denboraldiko euskal derbietan 16 puntu batu zituen talde txuri-urdinak, lau partida irabazi eta beste lau berdinduta. Osasuna izan zen bigarren onena, 13 punturekin. Hala, bigarren urtez jarraian, Euskal Herria Txapela finala jokatuko dute, denboraldi-aurreko prestaketa partida interesgarrian.

Budimir baloiarekin eta Gorosabel kendu nahian. (Iñigo URIZ / FOKU)

​Aurreko denboraldiko euskal derbietan puntu gehien lortu zituzten taldeak aurrez aurre izango dira ostiral honetan 20.30etan Iruneko Gal estadioan. Bigarrenez jarraian, Reala eta Osasuna lehiatuko dira Euskal Herria Txapelako final handian –azkena Realak irabazi zuen, Willian Joseren golarekin– eta biak ala biak, forma onean iristen dira.

Gorritxoek, esaterako, aste honetan bertan denboraldi-aurreko bosgarren garaipena eskuratu zuten UD Logroñes 2-0 mendean hartu ostean. Ez zen beraien neurketarik onena izan, baina Rober Ibañez eta Unai Garciaren golak nahikoa izan ziren itxura ona eman zuen talde errioxarrari gailentzeko.

Herbeheretan jokaturiko azken neurketa gol bategatik galdu zuen Realak eta hankak lurrean izateko ohartarazpen modura balio izan zuen. 6-1eko markagailuarekin hartu zuen mendean Huesca taldea lehendabiziko lagunartekaon, Alavesi ere irabazi egin zion (3-1), hala nola Monakori ere, honako hau gutxigatik izan bazen ere (1-0).

Osasunaren aurka indarrak neurtu aurretik, baina, Eibarren aurka jokatuko du lagunartekoa ostiralean goizeko 11.00etan Zubietan, ondoren, 9 ordu beranduago denboraldiko lehen garaikurragatik borrokatzeko. Espero da Imanol Alguacilek talde osoaren artean minutuak banatzea bi neurketa hauetan.

Talde txuri-urdinaren azken lagunarteko hitzorduak izango dira Eibar eta Osasunaren aurka jokatuko dituenak. Gorritxoek, aldiz, astelehenean jokatuko du azken prestaketa partida Liverpoolen aurka, Michael Robinson futbolari ohia omentzeko balio izango duena.

​Ligako azkena

Reala eta Osasunaren arteko derbiarekin itxi zen, hain zuzen ere, liga denboraldia Sadar estadioan. Gipuzkoarrak gailendu ziren Isakek azken unean sartutako golari esker (0-1). Denboraldi berean, Anoetako neurketan, indarrak erabat berdinduta egon ziren (1-1).
Osasuna Lehen Mailara igo zen azken alditik –2019tik– ez da gai izan Reala mendean hartzeko.

Orotara, bost neurketa jokatu dituzte (bat Kopakoa) eta gipuzkoarrak hiru aldiz gailendu dira eta beste bi neurketa berdinketarekin amaitu ziren.

Olinpiar Jokoetako finala jokatuko duten Oyarzabal, Merino, Zubimendi eta Moncayolak huts egingo dute hitzordura.

Gainontzean, Monreal eta Carlos Fernandezen baja izango du Alguacilek. Osasunan, ez zuten egin azken entrenamendu Aridane, Cote eta Ibañezek.