INFO

«Utzikeria» egotzi dio EH Bilduk Lakuari, Onkologikoarekin duen hitzarmena ez betetzeagatik

Koalizio abertzaleak uste du Lakuako Osasun sailak Onkologikoarekin duen atxikimendu hitzarmena ez betetzea «onartezina» dela. Osakidetza eta Osasun Sailari egotzi die eskura dituzten osasun profesional eta baliabideak ez erabiltzea eta «utzikeriaz jokatzea».

EH Bilduko Rebeka Uberak eta Juan Karlos Izagirrek egin dute agerraldia Onkologikoaren atarian. (Jon URBE/FOKU)

Lakuako Osasun saila ez da betetzen ari Onkologikoarekin duen atxikimendu hitzarmena, 217/2018 dekretuaren bidez zehaztua, EH Bilduk salatu duenez. Koalizio subiranista dio «onartezina» dela Osakidetzak eta Osasun Sailak eskura dituzten osasun profesional eta baliabideak ez erabiltzea eta «utzikeriaz jokatzea», areago «agerian geratu denean osasun profesional eta azpiegitura gabeziak daudela osasungintzan». Hala azaldu dute Rebeka Uberak eta Juan Karlos Izagirrek prentsaren aurrean. 

Lakuako Gobernuak eta Kutxaren Gizarte Ekintzak Onkologikoa Osakidetzako sare publikoan integratzeko sinatu zuten hiru urteko hitzarmena 2021eko abenduan iraungiko da, langileek hainbatetan ohartarazi dutenez. Salatu izan dute, gainera, minbiziaren prebentzioan espezializatutako zentroa ez dela aprobetxatzen ari Lakua.

«Diru publikoarekin egiten den inbertsioa, urtero 23 milioikoa, zakarrera botatzen ditu [Lakuak], eta atxikimendu loturan jasotako konpromisoak ez ditu betetzen», agertu du EH Bilduk.

Joan den ekainean, Onkologikoko langileek Osasun sailak Onkologikoko fundazioaren lotura dekretuaren betetze mailaren nondik norakoak azaldu zituzten Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldian.

Azalpenak «kezkagarriak» izan zirela dio EH Bilduk, «agerian geratu baitzen Osasun Sailak ez dela betetzen ari 2018ko hitzarmena»: «Ordutik, langileen berri izan dugu eta komunikabideetan ikusi izan ditugu euren salaketak. Egoerak ez du hoberantz egin eta okerrera doala dirudi. Era berean, Osasun sailburuaren agerraldia eskatu genuen ere, baina gaur da eguna oraindik Legebiltzarrean ez dituela inolako azalpenik eman».

Aipaturiko lotura hitzarmena betetzen ari ez denaren beste adibide bat, koalizioaren esanetan, Osasun Sailak berak EH Bilduren informazio eskari bati emandako erantzunean «berretsia geratu zen».

Osasun Sailak Onkologikoa Fundazioarekin sinatuta duen atxikimendu hitzarmenean jasotzen da urtero kanpo auditoria bat egingo dela, eta EH Bilduk 2019 eta 2020ko auditoriak eskatu zituen Legebiltzarrean. «Osasun Sailaren erantzuna izan zen ez dituztela egin, covid-19aren ondorioz», esan du.

EH Bilduk jakinarazi du ekimen sorta aurkeztuko duela erakunde desberdinetan eta, azalpenak eskatzeaz gain, atxikimendu hitzarmenaren betetze maila aztertu eta berriro ere Onkologikoa Osakidetzan integratzeko urratsak azkartzeko exijituko duela, «bokazio eta jatorri publikoa duen Onkologikoa hiltzen ez uzteko eta bertan dauden osasun profesionalekin kontatu eta Osakidetzak dituen beharrei erantzuteko».