INFO

Tubacexeko gatazkan instituzioen papera gaitzetsi eta eskualdearen borroka txalotu du EH Bilduk

Tubacexeko lan gatazkan Aiaraldeko herritarrek «etorkizun duin baten alde sortu duten olatu eredugarria» txalotu du Oskar Matutek, Amurrion langileei bisita egiterakoan. Bestetik, Lakuak eta Arabako Aldundiaren jarreraren aurrean «ezinegona eta haserrea» adierazi du.

EH Bilduko Oska Matute Amurrion izan da Tubacexeko langileekin. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

EH Bilduko hainbat ordezkari greban dauden Tubacexeko langileekin bildu dira gaur Amurrion, lanpostuen defentsan 177 egun betetzen dituztenean «borroka eredugarri batean». «Aiaraldeko pentsiodunek, ostalariek, merkatariek, gazteek, zaintza-langileek, prekarizatuek oro har... olatu eredugarri bat sortu dute beren oinarrizko eskubideen eta haien seme-alabentzako etorkizun duin baten alde», nabarmendu du Oskar Matute parlamentariak. Atzo beharginek egindako agerraldian beste sektoreetako langile ugari izan ziren, olatu horri aurpegia ezarriz.

Aldiz, «ezinegona eta haserrea» adierazi dute Lakuak eta Arabako Aldundiak hartutako paperaren harira. «Instituzio hauetako arduradun nagusiek komunikabideetan egindako adierazpenek eta, besteak beste, polizia indarren erabilerak argi uzten dute, gatazkari irtenbidea ematen saiatu beharrean, langileen gaineko presioa areagotzen saiatzen ari direla», gehitu du Matutek.

Era berean, konponbidea Tubacex enpresako zuzendarien esku dagoela ekarri du gogora. «Kaleratutako langileak berriro onartzea eta Gizarte Segurantzan alta ematea da, Auzitegi Gorenari errekurtsoa kentzearekin batera, gatazkari amaiera eman eta elkar ulertzeko bide bakarra».

Duela hilabete EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratzeak eta enplegu erregulazioko espedienteak baliogabetu zituen.