Bera Berak Zuazori irabazi dio denboraldi-aurreko lehenengo lagunartekoan
Bera Bera aise nagusitu zaio Zuazori denboraldi-aurreko lehenengo lagunartekoan (26-38). Imanol Alvarezen taldea bigarren zati on batekin gailendu daLasesarren jokaturiko norgehiagokan. Maddi Aalla eta June Loidik beren talde ohiaren aurka jokatu dute aurrenekoz.
Nabaritu da bai Bera Berak lan-saio gehiago egin dituela orain arte. Donostiarrak zortzi entrenamendu eginda iritsi dira lehen lagunartekora, Zuazo aldiz astelehen honetan hasi zen lanean eta beraz, bost entrenamendu egin ditu lehen partida jokatu aurretik.
Prestaketa nabaritu den bezala, kalitate diferentzia ere aise nabaritu da. Izan ere, nahiz eta etxeko taldea aurretik zela iritsi den atsedenaldira, bigarren zatian erabat nagusitu dira donostiarrak. Hala, 12 goleko aldearekin bukatu da partida.
Laura Hernandez, zortzi golekin, izan da neurketako golegile nagusia. Bi taldeetako jokalari berriek ere bereganatu dituzte begiradak. Izan ere, egun Bera Beran dauden Maddi Aalla ateizanak eta June Loidi lehen lerroko jokalariak lehen aldiz lehiatu dira bere talde ohiaren aurka. Biak ala biak aritu dira hasieratik. Poloniok ere debuta egin du.
Aurreneko norgehiagoka izan arren, partidak abiadura izan du, erasoko jokaldiek defentsako estrategiak gaindituta. Imanol Alvarezek planteatu duen 5-1 defentsari koordinazioa falta zaiola ikusi da. Espero bezala, entrenatzaileek minutuak banatu dituzte jokalarien artean eta atsedenaldira Zuazo aurretik iritsi da (18-17).
Bigarrenean, Bera Berak 6-0 defentsa ezarri du, horrekin Zuazo arazoetan sartuz eta donostiarrek korrika egiteko aukera izan dute. Hamar minutuen faltan 24-29 aldea lortu dute, partida amaieran aldea handitu dute, prestakuntza fisikoa hobea dela-eta (26-38).