INFO

Kabotajea, elkar zaintza lehenesten duen Donostiako Piraten aurtengo ekimena

Aurten ere, bistan denez, ezin izango da Abordajerik egin ez eta Flamenka kaian montatu. Baina Donostiako Piratak ez daude geldirik eta lau eguneko egitaraua ari dira isten, hilaren 19tik 22ra. Aurretik, larunbat honetan, bere izaera eta gunea aldarrikatuko dituzte elkarretatatze baten bitartez.

Donostiako Piraten agerraldia, kofradia ezberdinen atorrak mahaian direla. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bigarren ustez, pandemia gaindi ezinezko ekaitza bilakatu da Donostiako Piratentzat. Hala ere, astelehen honetan jakinarazi dutenez, Kabotajea izena duen jarduna antolatzeari ekin diote, oraindik zehaztu ez duten egitarauaz. Hilaren 19tik 22ra luzatuko da, ostegunetik igandera beraz.

Aurretik, hurrengo larunbat honetan (Donostiako Aste Nagusia hastekoa zen egunean hain zuzen ere) elkarretaratzea egingo dute piratek Portaletan 12.30etan, bere izaera eta guneak «defendatu eta aldarrikatzeko».

Kabotajeari dagokionez, Piratek maitatutako Parte Zaharreko Trinitate Enparantza izango du gune nagusi. Musika jardunak, haurrentzako ekintzak, bertsolariak... zeozer aurreratu dute baina egutegi zehatza laster emango dute ezagutzera.

Beharreko osasun neurri guztiak gordez, helburua Piraten ekarpenari eustea da. Eta bide batez, gazteek hilabete honetan jasan duten kriminalizazioa eta polizi jazarpena salatu nahi izan dute gaurko agerraldian, Donostian bereziki larria izan baita zenbait momentutan.

Ekimen hau guztia eren baloreei eutsiz egingo dute Donostiako Piratek, eta honela, adingabe transexualen familiak biltzen dituen Naizen elkartea omenduko dute, abuztuaren 22ean hain juxtu ere.