INFO
Elkarrizketa
Ibai Zabala
Pilotari ohia

«Pilotari izatea ondo dago, baina edozerk ez du balio pilotari izatearren»

Ibai Zabalaren (Berriz, 1987) agurreko partida uztailaren 17an jokatu zen, Zornotzan. 13 urte eman ditu profesionaletan, 500 partidatik gora jokatuz. Pilotarien greban bere aletxoa ere jarri zuen. Pilotakideen eta lagunen esker ona jaso zuen, baita merezitako omenaldia ere. 

Argazkiak: Aritz LOIOLA / FOKU)

Sarri ahazten zaigun arren, txapelak eta garaipen handiak ez dira kirol batean arrastoa uzteko modu bakarrak eta Ibai Zabala izan daiteke horren adibiderik argienetako bat. Bere izaera eta nortasunari leial, pilota profesionalaren unerik kritikoenetako batean bere alea utzita esan die agur pilotalekuei, pilotazale eta kideen miresmena betirako irabazita.

Etapa bat amaitzen da eta berri bat hasi. Nola zaude?

Ondo, lasai. Nik ere aspaldi mentalizatua neukan egun hau helduko zela –ziurrenik, gainera, garai honetan–, eta lasai.

Orain urtebete egindako elkarrizketa batean esan zenidan bazenekiela zure ibilbidea motza bazen, grebarekin are motzagoa izango zela…

Ba, ondo definitu nuen, banekien motza izango zela adin bat dudalako eta motzagoa gertatu zena gertatu zelako. Baina lasai nago, prestatzen egon naiz momentu honetarako, abendu hasieratik ere irakasle lanean ibili naiz eta beste norabide bat hartzen bizitzan.

Txapelik ez duzu apenas, baina egun hauetan laudorio handiak ari zara jasotzen, jendeak baloratzen ditu beste gauza batzuk ere bai, ala?

Bai, eta poztekoa da. Esaten dut azken garai hauetan Ibai Zabala pilotaria baino, Ibai Zabala pertsona ari dela jendea gehiago baloratzen eta ni horrek asko pozten nau. Ni pilotari gisa ez naiz gogoratua izango. Hau da, inor ez dela akordatuko Ibai Zabala pilotariaz, ez naiz eta, inondik inora, figura bat izan. Maila apaleko pilotari bat izan naiz, baina nire pertsonarekin gogoratzen badira eta hori guztia kontuan hartzen bada, txapela beti da goxoa, baina txapela besteko mailan jartzen dudan zerbait da.

Zerbait ondo egin duzun seinale.

Bai, ondo egin dudana edo behintzat jendeak ondo hartu duena. Batzuei agian ez zitzaien gustatuko, baina nik uste dut oro har jendeak ondo hartu duela eta eskerrak ematea geratzen zait. Azken partidak jokatu ditudanean Leitzan, Iruñean, Zornotzan… publikoa sartu denetik hurbildu den jende pilotazale anonimo horiei eskerrak eman nahi nizkieke.

Hamahiru urte ere egin dituzu profesionaletan. Zoritxarrez, gutxik egiten dituzte 13 urte gaur egun.

Batez ere izar handi bat izan gabe. Nik uste pilotari lana nire partetik ondo bete izan dudala enpresan; segundan jokatu behar zenean segundan jokatu eta primeran tokatzen zenean primeran, beti maila txukun batean, eta azken urteetan beterano paper hori ere jokatuz. Nik uste enpresari nire aletxoa beti eman diodala eta hori dela horrenbeste urte mantentzearen arrazoia.

«Beti esaten dut pilotak beti izango nauela; pilotak, ez pilota profesionalak, ze gauza bi desberdin dira, jendeak ahaztu egiten duen arren, behar duenerako»

Garai batean enpresako pilotaria esaten zitzaion horren azken alea ote zaren…

Pilotari beteranorik behintzat ez da geratzen. Aimar, Oinatz eta ni besteengandik apur bat goratxoago gaude. Ni banoa, nahiko nuke Oinatzek jarraitzea, baina zoritxarrez hark ere ibilbide laburra dauka, eta Aimarrek, entzuten denez, urte amaierarako edo utziko du. Debutatu nuen garaian hainbat eta hainbat beterano zeuden eta gaur egun desagertzear edo desagertuta daude.

Aldagelan nabarituko da falta hori?

Nik uste baietz, beteranoak beti dauka pisu bat, eta ez partidetan bakarrik. Entrenamenduetan, aldagelan, paper hori norbaitek hartu behar du, adibide bat izan behar du, entrenamenduetan diziplina izan eta gero gazteei erakutsi eta ispilu egoki bat izan dezatela.

Gainera, azkenaldian kirol maila ere ona ari zinen ematen.

Askotan emaitzak gutxienekoak izaten dira, baina emaitzek ere lagundu egin naute zorionez. Aurten lehen mailan ordezko gisa ere jokatu nuen partida bat. Nire bikotekideak esaten zidan, ze berak ez zuen nik pilotan jokatzen jarraitzeko gogo askorik, «jaitsi martxa pixka bat, ze ea beste urte bat ematen dizuten eta disgustu bat izaten dugun».

Ez da erraza izango pilotari baten bikote izatea.

Ez da erraza, ez. Guretzat udak ez dira existitzen, asteburuetan gehienetan partida eta beti epe motzerako planetan ibiltzen gara. Datorren astean planen bat egiteko ez dakigu posible dugun asteko programazioa jakin arte eta gero askotan gertatzen da ostegun edo ostiralean deitu eta aste bukaeran jokatu behar izatea. Baina, hala ere, gu pribilegiatu batzuk gara eta hori da mundu eder edo polit horrek duen B alde hori. Ikusten ez dena eta ingurukoek sufritzen dutena.

Lesioek ere ez zaituzte batere lagundu, baduzu arantzatxo bat horrekin?

Bost ebakuntza izan dira: afizionatuetan bat eta profesionaletan lau. Bai, har hori badaukat barruan, izan direlako momentu asko primeran egonkortasun batez jokatzen hasi eta lesio bat etorri eta berriro eskailera horretan behera egiten duzula. Izan dudan zortea izan da beti eman diodala buelta, goranzko eta beheranzko bide horretan ibili naiz; eta esan horrek indartu ere egin nauela, ze ikusteak norbera jausi, baina gero berriro igotzeko kapaz badela, indarra ematen dio norberari.

«Banekien nire ibilbidea motza izango zela, adin bat dudalako, eta motzagoa, gertatu zena gertatu zelako»

Ibilbide honetan gehien gozatu duzun unea?

Gogoan dut uda bat, 2014koa uste dut izan zela, nire ibilbideko unerik onenetako bat. Ez dakit zenbat partida jarraian irabazi nituen, gero Zarautzen finala irabazi Aimarrekin, Irujo eta Zubietaren aurka, Bilbon finala jokatu, Donostian ere bai… uda oso betea izan zen, ondo jokatzen eta udak duen plus horrekin, beti jai giroan eta frontoia beteta.

Pilotak beste zenbait gauza ere emango zizkizun, ezta?

Gauza asko, eta ez bakarrik kirol mailari dagokionez. Nire bizitzako beste arloetan izan ditudan aukera asko pilotak zabaldu dizkit. Esan daiteke gaur egun aldizkari batzuetan –“Anboto”– idazten badut, hori hein handi batean pilotaria izan naizelako dela. Eta jende asko ezagutu dut, jende bikaina aldagelan, batzuekin bizitza osorako harreman bat izango dut, beste batzuekin gutxixeago, baina pozik nago ibilbide honekin guztiarekin, bere une gazi eta bere momentu onekin.

Gazien artean greba aipatu beharko genuke, baina aurrekoa ere ez zen gozoa izango. ELAko kide batek esan zidan, mobilizazio horren gogorrak erabaki zenituztenerako, zer ez ote zenuten pasatuko…

Hori da, beti esaten dut egunen batean kontatu beharko ditugula hilabete horietan gertatutakoak, baina orain ez da momentua, beste une baterako utziko dugu. Azken batean, beti gertatzen den zerbait da: zuk soka estutu eta estutu egiten baduzu, egunen batean apurtu egiten da. Niri garai hori bizitzea tokatu zitzaidan, aurrera pauso bat eman nuen, bere garaian azaldu nuen bezala, uste nuelako eman egin behar nuela eta nire izaeraz batera doan zerbait delako.

Halakoa naiz, onerako eta txarrerako, eta esan daiteke garai haiek gazitik eta gozotik izan zutela. Tentsio askoko une asko izan zirelako, baina gozotik ere izan zuten. Nik uste aurrekari bat utzi dugula hor eta ikustea, nahiz eta enpresako pilotaririk potoloenak kanpoan egon, gainontzekoen eskutik gauzak lortu ahal direla, nik uste dut bihar-etziko pilotariek kontuan eduki behar duten zerbait dela. Gazteei beti uzten diedan mezua da pilotari izatea ondo dagoela baina edozerk ez duela balio pilotari izatearren. Edozer ez da onartu behar.

Zure aletxoa utzi duzu pilotaren une garrantzitsu batean.

Bai, hor geratuko da, eta pozten naiz, ziurrenik nire pilotari ibilbidea baino luzaroago gogoratuko den zerbait izango da hori, ni saiatu nintzen gauzak ahalik eta ondoen egiten eta egon behar nuen lekuan egoten, eman behar zenean aurpegia ematen. Bere garaian esan nuen bezala, albo kalteak badatoz, ba hartu eta kontsekuentea izan, bizi honetan horixe izan behar da-eta, kontsekuente, batzuetan gazitik eta besteetan gozotik probatu eta aurrera.

Urtebete pasatuta, bada greba horrek denak ezertarako balio izan ez zuela dioenik.

Berdin jarraitzen dugula esaten duenak ez du ikusi nahi edo ez du onartu nahi. Batetik, ikusi delako hemen gauza bat direla enpresak, baina pilotariak garela protagonistak eta guk badugula gure indarra. Bestetik, nahiz eta izar nagusiren bat falta, taldeak badaukala indar hori eta gero, horrez gain, soldata minimo bat jarri dugu, zegoenetik gora, entrenamenduetan abantailak daude, lan egiteko aukera… Eta elkarte bat sortu da, noizean behin biltzen dena gauzak adosteko eta hori aurretik sekula ez da egin eta niretzat ikaragarria da. Pauso gehiago eman behar direla? Bai, noski, eta lortu den hori baino gauza gehiago lortu behar direla? Bai, noski, baina goazen pausoz. Ibilbide luzeko zerbait da.

Pilotariak ahaldundu egin direla esango nuke, eta elkar lagundu, kezkak elkarbanatu; eta arazoren bat bada taldearengana jo ahal izateko elkarte bat izatea sekulakoa da. Egin behar dena da hortik aurrera ibilbidea egiten jarraitu.

Elkarteko kideengandik ere agurtu naiz eta hori da utzi diedan mezua, ez daitezela jauzi orain arteko indibidualismo horretan, enpresek eta hori saldu dutelako beti, hau bakoitzaren kontu bat dela, bakoitza dela lehian aritzen dena. Baina hemen denak langileak gara, talde bat gara eta eskubide kontuei dagokienez, eskutik joan behar dute eta espero dut bide hori egiten jarraitzea, ze asko kosta zen eta batzuek sufritu egin dugu bide hori egitearren. Eta mesedez, hemendik urte batzuetara ez dezadala elkarte horren gainbehera ikusi.

«Grebaren ostean berdin jarraitzen dugula esaten duenak ez du ikusi nahi edo ez du onartu nahi»

Grebako zauriak ari dira sendatzen?

Tentsio handiko uneak pasatu genituen, greba bat bizi duen batek badaki zer den hau. Gu pilotariak izatearren ez gara besteak baino gehiago ez gutxiago, greban zeuden langile batzuk ginen. Zauri batzuk zabaldu ziren, baina beti esaten da denborak zauriak sendatzen dituela, nik uste herra horrekin bizitzeak ez duela ezer onik ekartzen eta pixkanaka-pixkana, eta alde guztiek euren partetik borondate ona erakutsiz, eta alde guztiek diodanean alde guztiek esaten dut, ba joango dira gauzak sendatzen. Ea elkarbizitza txukun bat lortzen den, bai pilotarien artean eta bai pilotari eta enpresen artean.

Argi zenuen zure pilotari ibilbidea hemen amaitzen zela?

Hori da, hainbatek esan izan dit badudala hainbat urtez gehiago jokatzeko gaia, baina hamahiru urte baino gehiago daramatzat profesionaletan, ume nintzenetik gutxi gorabehera 28 urte, eta badaukat gogoa beste gauza batzuk egiteko. Gainera, ez daukat lehia grinarik, hori gazteentzat uzten dut eta horrez gain, pixka bat erreta amaitu dut, batez ere azken etapa honetan. Hartuta neukan erabaki bat da eta mantentzen dut. Aurrekoan Lezoko txapelketa batetik deitu zidaten: «Badakit ez duzula jarraituko, baina badaezpada...». Asko eskertzen dut, baina hemen amaitu da. Beti esaten dut pilotak beti izango nauela; pilotak, ez pilota profesionalak, ze gauza bi desberdin dira, jendeak ahaztu egiten duen arren, behar duenerako. Ez naiz entrenatzaile bezala ikusten, azken batean nire irakasle bizitza hasi dut eta bide horretatik jarraituko dut, baina norbaitek nire laguntza behar badu pilota munduan, etor dadila nigana.

«Azken garai hauetan Ibai Zabala pilotaria baino, Ibai Zabala pertsona ari da jendea gehiago baloratzen eta ni horrek asko pozten nau»

Eta zer moduz irakasle lanetan?

Ondo, aurten lehen esperientzia euskara irakasle bezala Batxilergoan eta oso ondo, beste mundu bat. Irakasle baina ikasten, irakasle lez daramadan denbora labur horretan konturatu naiz irakasleak sekula ez diola uzten ikasteari, beti ikasten duzu zerbait berria, eta ez naiz bakarrik euskaraz edo irakasgaiaz ari, baizik eta gazteei zer gustatzen zaien, egoera desberdinak nola kudeatu, pertsonekin nola jokatu… alde horretatik ere zorteduna naiz, ze nire afizioak ofizio bihurtu ditut, pilota eta euskara.

Pandemiarekin, hasteko urterik onena ere ez zen izango…

Desberdina oso, musukoa eta abar. Badaude ikasle batzuk hainbat eta hainbat hilabete eurekin ibili naizenak eta euren aurpegiak ezagutzen ez ditudanak eta, beharbada, hemendik bi urtera kalean ikusi eta ezagutuko ez ditudanak. Ea hurrengo urtea nolakoa datorren.

 

Bere iritzia gordetzen ez duen kirolaria zara, eta ez zarete asko.

Nik uste desagertzear dagoen espezie bat baino gehiago, oraindik armairutik irten gabe dagoena garela. Bueno, beti izan naiz nahiko idealista, eta aktibista ere bai, eta beti esan izan dut ez naizela gordetzen. Ni naizen modukoa naiz, beti errespetuz jokatzen dut, gogoko duenak ondo eta ez duenak, ba ez dezala irakurri.

Enpresek eta ez dakit ba oso gustukoa izango duten hori?

Bai pilotan eta bai kirolean orokorrean, kirolari batzuek ezkutatu egiten dute alde hori, kontrako erreakzio bat izango delako, baina ez bakarrik euren klub edo enpresen aldetik. Argi dago enpresei beti gustatzen zaizkiela langile sumisoak eta pixka bat euren esanak %100ean eta ezer zalantzan jarri gabe betetzen dituzten horiek. Baina ez hori bakarrik, gero hedabideen kontu bat ere badago, ideia batzuk hedabide hegemoniko horiekiko ez dira bateragarriak, edo ez dira euren gustukoak, eta askotan, hedabide hauek duten indar horren eragin hori ez sufritzearren, kirolariak ezkutatu egiten dira. Nik ez dut bide hori hartu eta gustura. Eta ziur asko nik ere ezkutatuko nuen nire burua noizean behin, baina betiere saiatu naiz nire iritzia ematen, beti errespetutik.

«Gure aldarrikapenak lortzeko arrazoietako bat, beharbada, gu isiltzea izan zen, edo gure bilaketa hori etetea»

Eta musika kontua? Zertan da Baske Street Boys?

Berdin jarraituko dugu, urtean pare bat kontzertu edo hiru jotzen ditugu, orain pandemiarekin ez, baina azken batean hor bai ez dagoela ofiziorik, afizio hutsa da. Aurten hamalau urte egingo ditugu gure lehen kontzertua eman genuenetik, jo ditugun guztiak elkartasun jaialdiak edo kutsu politiko-soziala dutenetan izan dira eta sekula ez dugu zentimo bat kobratu, pixkatxo bat ideal kontua da. Ez dakit merezi dugun ere, hori bigarren galdera bat litzateke, baina guk pare bat ogitarteko eta garagardo batzuekin nahikoa dugu eta noizean behin jarraituko dugu zarata ateratzen.

Begi ona duzu, kultura, hezkuntza eta pilota: pandemiak gogor jo dituen hiru alor. Zein utzi du okerren?

Nik uste kultura irten dela kaltetuen. Hezkuntzak era batera edo bestera aurrera egin du, izan aurrez aurreko bide batetik edo urrutiko irakaskuntzan. Eta pilotarekin, ez gaitezen engaina: pilotak dirua irabazteari utziko zion, baina ez du dirurik galdu eta hori saltzen duenak, enpresak, barkatuko dit, baina kontrakoa esatea gezurra esatea da. Eta hor badaude eztabaidatu genitzakeen hainbat eta hainbat gauza. Gainera, diru publikotik bizi izan dira, hau da, denon dirutik. Eta horretaz gain, ETBk ematen dien erakusleiho horretatik saltzen duten publizitate horretatik guztitik. Eta hor diru asko, asko eta asko dago. Horregatik, greba garaian benetako kontuak zehatz-mehatz eskatzen genituenean, sekula ez genituen lortu. Gure aldarrikapenak lortzeko arrazoietako bat, beharbada, gu isiltzea izan zen, edo gure bilaketa hori etetea.

«Ez gaitezen engaina, pandemiarekin pilotak dirua irabazteari utziko zion, baina ez du dirurik galdu»

Militantziaz ere aritu zara; azkenaldian, euskarari oso bideratua.

Bai, bada denbora bat, lagun bati esan niola beti oso militantea izan naizela, egun ere banaiz, baina agian beti izan dudan militantzia politiko-sozial hori orain hizkuntzara bideratzen ari naiz. Militantzia hizkuntzara birbideratzen nabil, uste dudalako egoera nahiko latzean gaudela, nahiz eta hedabideetatik, gobernutik eta abarretatik beste gauza bat saldu. Euskara, Kike Amonarrizek atera duen liburuaren izenburuak dioen bezala, bere bidegurutzean dago. Ezagutzan eta gora goaz, baina erabileran ez, eta gainera, orain dela gutxi atera nuen artikulu batean esan nuen eskolako edo akademiako hizkuntza bat garatzen ari gara, eta ez egunerokotasunean erabiltzen den hizkuntza bizi bat.

Feminismoan egiten den bezala, eta feminismoan asko sinisten dut, hizkuntzan ere diskriminazio positiboa egiten dut beti. Batek baino gehiagok esaten dit askotan nazi xamarra naizela horretan, baina uste dut euskara ez dagoela inori biderik ixteko, zabaltzeko baino, eta lan gogorra daukagula horretan. Eta orain, momentu honetan egin beharreko lana da, ze pixkatxo bat haria galtzen utziz gero, beharbada, berandu izan daiteke.