INFO

Donostiako Piratek beren jai ereduari eutsi diote, elkar zaintza lehenetsiz

Larunbat honetan, jaiak hastekoak ziren egunean, Donostiako Piratek elkarretaratzea egin dute beren jai eredu eta guneen alde. Bestalde, xehetasun gehiago eman dituzte elkar zaintza lehenetsiz antolatu duten Kabotajearen egitarauaren inguruan.

Martxan daude erakutsi dute Donostiako Piratek. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Aste Nagusia hastekoa zen egunean, larunbat honetan, 2003tik jai eredu herritarrak antolatzen dituzten Piratek martxan daudela erakutsi dute.

Alde batetik, elkarretaratzea egin dute beren eredu eta guneak defendatzeko. 12.30ean zen hitzordua, Portaletas parean, `Kaian aingura, Donostiatik mundura´ leloarekin.



Horretaz gain, lema berarekin, elkar zaintza lehenetsiz antolatu duten ekimenaren, Kabotajearen, egitarauaren berri ematen hasi dira twitterren. Kaimingaintxon izango dira ekintza guztiak, piraten txoko preziatua den Trinitate Plazan.

Ostegunean, abuztuak 19, hasiko dira, muralak margotuz eta tailerretan sormena landuz, 10.30ean. Jarraian, 12.30ean, agerraldi feminista egingo du Intziri neska* gazteen taldeak. Arratsalderako, mikrofono irekia (16.30ean) eta bertso musikatuak (19.30) dituzte antolatuak. Amaia Agirre, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Alaia Martin arituko dira kantuan.

Ostiralean, muxikoak eta erromeria izango dira eguerdian. Arratsaldean, aldiz, kuadrilla jolasak 15.45ean, Ibil Bedi ekimena 19.00etan, enkartelada 20.00etan, Konstituzio Plazatik hasita, eta amaitzeko, 20.30ean, Sara Zozayaren kontzertua.

Kuadrilla Jolasetan parte hartzeko watsapez eman behar da izena (638 895 945 zenbakian), taldekide kopurua eta izenak zehaztuz. Hona Piratek zabaldu duten mezua: «Kontxako badian lau ume galdu dira, eta zuen laguntza behar dugu lehenbailehen aurkitzeko. Umeak topatzeko mapa bat beharko duzue, eta mapa hori lortzeko beste kuadrillen aurka lehiatu beharko duzue. Umeak aurkitzen dituztenak sarituak izango dira! Aingurak jaso, zabaldu belak, prestatu jantziak eta denak parte hartzera!».

Muxikoetan, bertsoetan eta kontzertuetan izena emateko esteka twitterren jarri dute, @izanpirata kontuan.

Bizikrosa, herri bazkaria eta Naizen

Asteburuan sartuta, larunbatean kirol pixka bat egiteko aukera izango da bizikrosean, 11.00etan. Ibilbide luzeak 6,4 kilometro izango ditu eta laburrak, 3,2. Izen-ematea herrikrosa.eus-en egin daiteke.

Ondotik herri bazkaria izango da gozagarri. Herria, Marruma eta Platero tabernetan erosten ahalko dira txartelak. 17.00etan playback lehiaketa (kalepoza@gmail.com-en eman daiteke izena), 18.30ean Sareren manifestazioari harrera eta 20.00etan Dupla talde aguraindarraren kontzertua daude iragarrita.

Kabotajearen laugarren eta azken egunean haurrentzako jolasak izango dira 10.30ean eta Naizen adingabe transexualen familien elkartearen hitzaldia, 12.30ean.