INFO

Osasun pasearen kontrako bostgarren manifestazio jendetsua Baionan

Milaka lagun bildu dira Baionan osasun pasearen kontrako jarrera erakusteko. Bosgarren asteburuz jarraian, «diktadura sanitarioa» salatu dute manifestariek.

Milaka lagun bildu dira Baionan osasun pasearen kontra. (Guillaume FAUVEAU)

Osasun pasearen kontrako bosgarren mobilizazioa jendetsua izan da gaur larunbatean Baionan. "Sud-Ouest" hedabideak egindako zenbaketaren arabera 3.500 herritar batu dira Lapurdiko hiriburuan «diktadura sanitarioa» salatzeko.

Azken aldian osasun pasearen kontrako mobilizazioak ugalduz joan dira eta baita parte hartzaile kopurua ere, denborak aurrera egin ahala, mobilizazioen aurrean entzungor eginaz, Gobernu frantsesak geroz eta neurri zorrotzagoak ezarri baititu.

Uztailaren 17an egin ziren Ipar Euskal Herrian osasun pasearen kontrako lehen mobilizazioak eta lau egun geroago, uztailaren 21ean, kultur-gune eta kiroldegietan osasun pasea derrigorrezkoa izango zela iragarri zuen Emmanuel Macron presidente frantsesak.

Ordutik, astebururo egin dira manifestazioak Lapurdiko hiriburuan, baita Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri desberdinetan ere. Esaterako, Donibane Garazin, Donibane Lohizunen eta Hendaian.

Langileak txertatzera behartu

Uztailaren 25ean Frantziako Senatuak adostutako testua onartu zuen Asanblea Nazionalak, osasun langileez gain, publikoari begira lan egiten dutenek ere osasun pasea izan behar dutela ohartaraziz. Ostatuetan, ibilbide luzeko garraioetan (trenak, abioiak, ontzia eta autobusak) edo farmazietan, esaterako, osasun pasea eskatzen dute abuztuaren 9tik eta neurri hau azaroaren 15 arte izango da indarrean.

Osasun pasea eskatzen den edozein lantegiko langileek ere derrigor izan beharko dute ziurtagiria abuztuaren 30etik aitzina. Horrela, txertatuak ez diren langileak zigortuak izango dira, lan eta soldata suspentsioarekin.

«Logika sinplea da, osasun pasea eskatzen den leku batean lan egiten baduzu, osasun pasea izan behar duzu, leku horretan kutsatze arriskurik ez dagoela ziurtatzeko, eta horrela ez bada, ezin izango duzu hor lan egin», nabarmendu zuen Elisabeth Bornek, Lan, Enplegu eta Laneratze ministroak.

Mobilizazioak Estatu frantsesean

Bosgarren asteburuz jarraian mobilizazio andana izan da Estatu frantsesean osasun pasearen kontra. Guztira 200 manifestazio baino gehiago ziren deituak eta aurreko mobilizazioetan baino jende gehiago espero zuten antolatzaileek. Besteen artean, Pauen 2.000 pertsona baino gehiago bildu dira goizean.

Uztailaren 17an mobilizazioak hasi zirenean 114.000 lagun atera ziren kalera osasun pasea derrigorrezko izatearen kontra mobilizatzeko. Frantziako Barne Sailaren arabera 237.000 manifestari izan ziren duela astebete (abuztuaren 7an), eta gaurko parte hartze handiagoa espero zen.