INFO

9.536 tona harrapatuta itxi dute baxura ontziek hegaluzearen arrantzaldia

Iragan gauerdian itxi da azken urteotako hegaluzearen arrantzaldi laburrena. Orotara, 9.536 tona harrapatu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantza-ontziek.

Hegaluzearen aurtengo arrantzaldiko azken deskarga, Hondarribiko portuan. (IREKIA)

Arantxa Tapia Lakuako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, sektoreko hainbat ordezkarirekin batera, hegaluzearen 2021eko kanpaina itxi du, Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziei zegokien ia kuota osoa bete baita. Tapia Hondarribian izan da arrantzaldiaren azken deskarga eta arrainen salerosketarako enkantea bertatik bertara ikusteko.

Tapia, Lakuako arrantza-arloaren arduradunek, Bittor Oroz sailburuordeak eta Leandro Azkue zuzendariak, lagunduta egon da, eta azpimarratu du aurtengo udako zailtasunak zailtasun, euskal ontziek egin duten kanpaina «bikaina» izan dela eta sektoreak «profesionaltasunez eta arduraz» bete duela bere konpromisoa.

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantza-ontziek 9.536 tona hegaluze arrantzatu dituzte abuztuaren 16. honetako gauerdian itxi den arrantzaldiaren baitan. Azken urteotako kanpainarik laburrena izan da. Euskal ontzien kuota espainiar Estatuan harrapatu denaren %57 izan da. Lakuatik azaldu dutenez, «ehunekoa oraindik ere esanguratsua da, baina hegaluzearen arrantzak beheranzko joera du Euskadin, Asturiaseko eta Kantabriako ontziak ere modalitate horretan sartzen ari baitira aukera kontuak direla eta».

Alde batetik, espeziea kostaldetik hurbil arrantzatzen delako eta, bestetik, beste espezie batzuen arrantza, besteak beste, legatzarena, murriztu egin delako. Horren ondorioz, adierazitako ontziek beste espezie batzuen arrantza atsedenaldian uztea erabaki dute eta hegaluzearen arrantzan aritu dira.

Ildo horretan, euskal ontziek egin behar izan duten ahalegin gehigarria nabarmendu du Tapiak, gainerako lurraldeetako ontziekin «lehia bizian» lan egin behar izan baitute.

Bestalde, berretsi du hegaluzearen kuota banatu egin behar dela, ontziari, kofradiari edo autonomia-erkidegoari atxikita, ontziek aurrerantzean profesionaltasunez, behar bezala planifikatuta eta ondo antolatuta lan egin ahal izan dezaten, aurtengo estresik gabe.

Hegaluzea arrantza-sistema tradizionalez harrapatu dute, eta produktuaren trazabilitatea erabat bermatuta. Arrantzatzen den unetik, piezari Eusko Label zigilua jartzen diote, eta kalitatearen eta jatorriaren zigilu horrek adierazten du, besteak beste, pieza bakoitza zein ontzik harrapatu duen.

Zigilua jartze horrek sektorearen inplikazioa eskatzen du, arrandegietara joaten diren kontsumitzaileek ziurtasun osoz jakin dezaten erosten ari diren hegaluzea euskal arrantzaleek harrapatutakoa dela, hau da, bertoko hegaluzea dela eta kalitatezkoa.

Ontzi pelagikoak Ondarroan

Hegaluzea banan-banan harrapatzeko arte horrek ez du zerikusirik Irlandako ontziek erabiltzen dituzten sare pelagikoekin harrapatzeko sistema agresiboarekin, eta harrapatzen dituzten hegaluzeak udaz uda, baita aurten ere, Ondarroako portuan deskargatzen dituzte.

Lakuak behin berriro ere adierazi du ez dagoela ados arrantza-sistema horrekin, eta behin baino gehiagotan salatu izan du Espainiako Gobernuaren eta Europako Batzordearen aurrean.

2018. urtean EAEko Administrazioak dekretu bat onartu zuen bertoko portuetan deskarga horiek debekatzeko, baina Estatuko Administrazioak zintzilik utzi zuen lehia askearen kontuagatik.

Alde horretatik, Tapia sailburuak adierazi duenez, «arrantza pelagiko hori eragozteko dauden mugak ikusita, oraindik ere gehiago baloratu behar dugu Euskadiko arrantzaleen jarduna eta emaitza».

Sailburuak euskal ontziekiko konpromisoaren aldeko deia egin du, eta adierazi du administrazio gisa, gizarte gisa eta kontsumitzaile gisa, horren arabera jokatu eta arduraz kontsumitu beharra dagoela. «Ingurumenaren jasangarritasunaren aldeko konpromisoa eta sektoreari begirunea eta enpatia adieraztea da», esan du.