INFO

EH Bildurentzat, Basque Culinary Centerren Groseko egoitzak «ez du ez hanka ez buru»

Eneko Goia alkateak Donostiako Gros auzoko Okendo kultur etxearen ondoan, Okendo-Alden zehazki, Basque Culinary Centerren (BCC) egoitza berriaren iragarpenak «ez du hanka ez buru», EH Bilduren aburuz. Auzoko «oraingo arazoak areagotzea baino ez baitu ekarriko», dio.

Okendo kultur etxearen ondoan kokatutako litzateke GOe proiektua. (imanol OTEGI / FOKU)

Joan den astean, Eneko Goiak iragarri zuenez, Tokiko Gobernu Batzarrak espedientea ireki du Basque Culinary Centerren GOe izeneko (Gastronomy Open Ecosystem) proiektuaren alde. Lehenengo urrats hau beharrezko da BCCk proiektua idazten has dadin.

BBCren bigarren egoitza Gros auzoko Okendo-Alde gunean kokatutako litzateke, Zubiri Manteoren parean, Okendo kultur etxearen ondoan, eta 5.500 m2 inguruko lursail batean garatuko da.

Alkateak gogorarazi zuenez, bere hamargarren urteurrena zela eta, BCCko zuzendaritzak berak GOe proiektua sustatzeko asmoa agertu zuen. Proiektu hori «talentua garatu, ikaslegoa eta ekintzaileak trebatzeko punta-puntako zentroa izango da, gastronomiaren balio-kate osorako irtenbideak eskainiko dituen sormena, berrikuntza eta talentuaren garapena sustatuko dituen lekua».

Gaur aditzera eman duen oharrean, ordea, Donostiako EH Bildu proiektu honen akatsak azpimarratu nahi izan digu. Basque Culinary Centerren bigarren egoitza Okendo-Alden jartzeko Goia alkateak egindako hautuak «Groseko gaur egungo arazoak areagotu besterik ez du egingo –dio oharrak–. Izan ere, Grosek etxebizitza premia larria du, eta neurri gabeko turistifikazio prozesu batean murgilduta dago; beraz, lursail hau, gazteentzako eta adinekoentzako apartamentuak eta kirol-eremua duen parke handi bat izango zituela iragarri ostean, orain Basque Culinary Centerren bigarren egoitza eraikitzeko erabiltzeak ez du ez hanka ez buru».

«Berriz ere, Eneko Goiaren errezetek ez diete auzotarren beharrei erantzuten; era berean, beste pauso bat dira mota honetako eraikuntzak eta azpiegiturak Donostiako auzo jakin batzuetan pilatzeko inertzia zaharrean. Groseko errealitatea hauxe da: bertako auzotar askok –zeresanik ez, gazteek– alde egin behar izaten dute ez dutelako etxebizitza duin baterako sarbidea. Datuak argiak dira: Donostian etxebizitza bat erostea zaila bada, are zailagoa da Grosen (% 18 garestiagoa); alokairuaren prezioa, bestalde, 1.300 euro ingurukoa da; babestutako etxebizitzarik ez dago, eta biztanle kopurua jaisten ari da etengabe (1.100 bizilagun galdu zituen Grosek 2010etik 2019ra bitartean, eta beste 177 2020ean). Modu paraleloan, gero eta pisu turistiko gehiago dago (300 inguru) eta gero eta hotel gehiago (Mariaren Bihotza eta Inmaculada ikastetxeetako proiektuak, azkenak)».

EAJk eta PSEk Gros auzoarentzat dituzten politika publikoak salatu ditu EH Bilduk, haren ustetan «turistifikazio prozesua areagotzea eta bizilagunak kanporatzen jarraitzea» delako.

Horregatik, EH Bilduren ustez, «ez du inongo logikarik» Okendo-Alden hasieran aurreikusitako proiektua (gazteentzako eta zaharrentzako apartamentuak) baztertzeak eta Nafarroako etorbidearen, Rodil pasealekuaren, Okendo kultur etxearen eta Zubiri-Manteo institutuaren arteko udal lursail hau Basque Culinary Centerren bigarren egoitza kokatzeak. «Are gutxiago, handik oso gertu, Udal Gobernuak orain arte hezkuntza zentro izandako bi eraikin (Mariaren Bihotza eta Inmaculada ikastetxea) hotel bihurtzea onartu duela kontuan hartzen badugu», diote.