Magnaren egitasmoa eta aldaketa klimatikoari aurre egitea ezin direla batu dio Erdiz Bizirik-ek
Erdizko paraje babestuan Magna enpresaren egitasmoari ateak zabaltzea eta aldaketa klimatikoaren aurre egin behar zaiola esatea ez direla bateragarriak gogoratu dio Erdiz Bizirik taldea Nafarroako Gobernuari.
Magna enpresak Erdizen zabaldu nahi duen meatzearen egitasmoaren aurrean men egitea eta aldaketa klimatikoari aurre egin behar dela esatea ezin direla batera egin esan dio Erdiz Bizirik plataformak Nafarroako Gobernuari.
Izan ere, joan den abuztuaren 3an Magnak Erdizen egin nahi duen proiektua aurkeztu zien Batzar Nagusiko kideei. «Proiektu honek ez du deus berririk ekartzen. Orain dela 14 urte bezalaxe Magnaren proiektuak Baztango hain garrantzitsua den Erdizeko parajea suntsitzea ekarriko luke», salatu du Erdiz Bizirik plataformak.
«Bileran herritarren ordezkariek egindako galderak saihestu zituzten eta nabarmen gelditu zen ez dutela inongo asmorik herritarren hitza errespetatzeko. Berriz ere multinazionalen intereserako den proiektu bat inposatu nahi digute gure bizimodua eta lurra suntsituz. Honekin berresten dute beraiek aipatzen duten prozesu parte hartzaile hau iruzurra bertzerik ez dela», nabarmendu du Erdiz Bizirik taldeak.
«Zubirin dauden 240 lanpostu defenditzen dutela diote baina badakigu multinazional hauen interesa kapitala pilatzea bertzerik ez dela. Proiektu honek sostengarriak ez diren lanpostuak mantentzearen truke mendez mende eta etorkizunean gure bizimodua ahalbidetzeko beharrezkoak diren lanpostuak desagerraraziko lituzke», salatu dute.
Gauzak horrela, egitasmo honen aurrean Nafarroako Gobernuak duen ardura nabarmendu dut Erdiz Bizirik-ek. «Joan den astean Nazio Batuetako klimaren inguruko txostenak nabarmen utzi du bizi dugun egoera arras larria dela. Magna bezalako enpresak, Nafarroan gehien kutxatzen dutenen artean egonda, dute egoera honen ardura nagusia. Beraz, Nafarroako etorkizunean ez du zentzurik horrelako enpresen jarduera mantentzea.
Nafarroako Gobernuari dagokio jarduera horien ordezkatzeko politikak bideratzea lanpostuak mantentzen diren bitartean. Ezin da onartu aldaketa klimatikoaren kontra dagoela erratea eta horrelako proiektu suntsitzaileak babestea», dio.
Horregatik, Magnaren egitasmoa gelditzeko eta lurra defenditzeko asmoa berretsi du Erdiz Bizirik plataformak.