INFO

Askotariko familiak, hazkuntzaren erronketan libre erabaki nahian

Orain kontsulta publikoaren fasean dago eta urte amaierarako prest egotea espero dute espainiar Gobernuaren Familia Aniztasunaren Legea. Bertan, bertzeak bertze, gurasotasun baimenaren luzapena jasotzeko asmoa dute, lau hilabetetik seira. Hiru amaren ahotsa duzue hemen, nola moldatzen diren esanez.

Espainiar Gobernuak urte amaierarako prest izatea espero duen lege berriak familien aniztasuna bultzatu nahi du. (Getty)

Andrea Egia Asteasun bizi den diseinatzaileak bi umetxo ditu Aloña bikotearekin. Gurasotasun baimenez harago, haurra jaio ondoko urteetan ere zer landu ikusten du. «Lanaldien murrizketak ekonomikoki behar bezala ordaindu edo saritu beharko lirateke», dio, adibidez.

Nagore Belastegi kazetari legazpiarraren familia Egoitz bikotekideak, June txikiak eta hirurek osatzen dute. Ama izatearen esperientzia honetan, gobernuen babesari dagokionez zer aldatu behar den galdetuta, dirulaguntzen eskaerak errazago egin ahal izatea aipatu du. «Nire sentsazioa izan da trabak jartzen dituztela ditugun aukerak zeintzuk diren ez ezagutzeko edo bidean aspertzeko». Pandemia hasieran gelditu zen haurdun eta osasun arloko profesionalekin «oso esperientzia positiboa» izan duela kontatu du. Egiten duten lana txalotu, eta zaindu ditzatela eskatu die agintariei.

Laura Roux donostiarra da, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako teknikaria, eta urte asko daramatza komunikazioari eta gizarte sektoreari lotuta. Hiruko familia da berea ere: Emma eta Ava alabatxoen ama da. «Haurren eta generoaren ikuspegia duen guraso bakarreko familien legea aldarrikatzen dugu, ekitatean eta erantzukidetasun sozialean oinarritua. Beldur gara konponbide orokor bat ematearren legealdia berriro ere gure araudirik gabe amaituko ote den», azaldu du MSPE elkarteko kide gisa. «Adostasuna dago guraso bakarren familien erregulazioan eta haren urgentzian. Hori esparru zabalago batean integratzeak, eta agian adostasun gutxiagorekin integratzeak, luzatu egin ditzake premiazkoak diren gure familientzako neurriak», erantsi du.

 

Nagore Belastegi Martin: «Primeran etorri zaigu biok egotea momentu politetan zein gogorretan»

Amatasun baimena sei hilabetera luzatzea «guztiz beharrezkoa» iruditzen zaio Legazpiko ama berriari. Urteotan aitatasun baimenean eman diren aurrerapausoak txalotzen ditu, aiten «betebeharra baina eskubidea ere badelako» txikiak zaintzea, baina ez du ulertzen amatasun baimenean hamarkadetan ezer ez aldatu izana.

Egoitz senarrak, 9 hilabeteko June alabak eta hirurek osatzen dute Nagoreren familia. «Sei hilabeteak gutxienekoak bezala ikusten ditut, hasteko, erditu duen ama batek hilabete eta erdi behar duelako bere gorputza berreskuratzeko, hau da, medikuaren alta eskuratzeko», dio. Bestalde, «Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ama-esnearekin elikatzea gomendatzen du gutxienez lehen sei hilabeteetan. Eta ahal bada lehen bi urteetan. Nola da hori posible ama lau hilabetera lanera itzuli behar bada?».

«Baimena sei hilabetera luzatzean OMEren gomendioa betetzea errazagoa izango da, eta gainera, ondo antolatuz gero, lehen urtean umea haurtzaindegira bidaltzea ekidin daiteke, familiak hartutako erabakia hori bada».

Uste du beraien egoera ez dela zaila egon daitezkeen beste batzuekin alderatuta. «Nire bikotekideak eta nik, biok, egiten dugu lan eta, zorionez, soldata bat jaso dugu hilabetero azken urteetan. Aurrezki txiki batzuk baditugu eta horrek aukera eman dit eszedentzia hartzeko. Hasieran alabaren lehen hilabeteetan ezer ez galtzeko eta aitona-amonei lan kargarik ez emateko hartu banuen ere, gerora konturatu naiz garrantzitsua izan dela, baimena amaituta lanera itzuli izan banintz kontziliazioa oso zaila izango zelako. Titia une oro hartzen zuen, eta oraindik ere... Duela gutxira arte gauak oso gogorrak izan dira eta egunez bizi baino, biziraun egiten genuen, ia lorik egin gabe. Nola izango nintzen gai horrela lan egiteko!».

«Bestalde, zortea izan dugu bikotekideak baimena komeni bezala hartu ahal izan duelako. Horri esker, aitak denbora asko igaro ahal izan du umearekin, elkar ezagutu ahal izan dute eta txikia biekin sentitzen da eroso, nahiz eta bere altxorra titia den... Umeak urtebete egin arte bietako bat egongo da etxean».

Baimenak txandaka har zitzaketen arren, elkarrekin ahalik eta denbora gehien igarotzea erabaki dute. «Eta beste behin, hasieran disfrutatzeko bazen ere, azkenean oso ondo egin dugula konturatu gara. Lan honetan berriak garelako, edo ni urduria naizelako, edo umeak asko behar gaituelako, primeran etorri zaigu biak egotea momentu politetan zein gogorretan. Ahaztu egiten zaigu 24 orduko lana dela, eta, izaeraren arabera, ez duela beste ezer egiteko denborarik ematen».

 

Andrea Egia Olaizola: «Kontziliazioa gezur handia da»

Gurasotasun baimenaren luzapena «oso motz» gelditzen dela eta berandu datorrela uste du donostiarrak. «Inguruan ditugun herrialdeekin alderatzea besterik ez dago... Nire ustez, haurdunaldia ez da umea jaiotzean amaitzen. Exterogestación edo ‘kanpo haurdunaldia’ deitutako kontzeptuak defendatzen duen bezala, umeak ernaldu duen amarekin duen lotura eten ezina da, gutxienez, eta, kasuak kasu, erditu eta bederatzi hilabete pasatu arte. Horrekin ez dut esan nahi bederatzi hilabete nahikoak liratekeela, Estatuak bermatu beharko lituzkeela baizik».

Aloña emaztearekin eta Jule eta Katixa txikiekin osatu du familia Andreak, Asteasun. Lehen alaba berak ernaldu zuen orain hiru urte; sei hilabeteko txikia, aldiz, bikotekideak. Amatasun baimenaz aparte, umea jaio eta ondorengo urteetan zer landu badagoela defendatu du. «Lanaldien murrizketak ekonomikoki behar bezala ordaindu edo saritu beharko lirateke, norbere erabakiak modu librean hartzeko aukera emanez eta ez sistema kapitalista honi jaten emateko etengabeko produkzio kate honek sortzen dituen estutasunen baitan».

Eskubide berak izatetik urrun

Ez du uste bi ama izatea eskubide urritasunarekin lotzeko arrazoirik bizi izan dutenik. «Ez erditze ostean behintzat. Baina ama izatea pentsatu eta aurrera eramaten hasi ginenean, Donostiako Ospitaleko lehen kontsultan, ezkontzea gomendatu ziguten, bestela, ama ez biologikoak umearenganako lotura legala izan zezan adoptatu egin beharko luke-eta. Gure kasuan, bigarren umea ‘beste’ amak ernaldu duenez, berriro ere adopzio kontuak nahastuko lirateke. Zentzurik gabeko korapiloa sortzen du administrazioak, bikote heterosexualek, inolako froga gehigarririk gabe, umea erregistro zibilean inskribatzen dutenean ‘aita’ sinesgarritasun osoz izendatzen baitute. Agian ministroak sexu bereko bi pertsona ezkontzeko eskubidearekin bermatutzat ematen ditu beste eskubide guztiak, baina eskubideen parekatzetik oso urruti dago oraindik espainiar legedia».

Andrearentzat, kontziliazioa hitz «polit bezain hutsa» da. «Gezur handia». Izan ere, sistema honen baitan ez du ikusten familia batek behar bezala kontziliatzeko modurik. «Ordainpeko lana albo batera ezin utziz, lanaldi murriztuan gaude biak. Egia da nire lanean ez dudala zailtasun gehiegirik izan ordutegia murriztu eta gure beharretara ahalik eta gehien moldatzeko, lantaldearen egutegiaren eta produkzio fluxuen barruan mugitu behar dudalako, baina, bueno, betiere egoera idilikotik urrun. Bikotekideak negozio familiarra duen heinean, familia giroan lan egiten duen autonomo prekarioa izanik, etxekoen bizitza estutuz malgutu du bere ordutegia. Beraz, asteka, batek arratsaldez lan egiten duenean, besteak goizez egiten du eta beti dago bietako bat umeekin. Askotan brometan ‘ama bakarrak’ sentitzen garela esaten dugu, txantxaz mozorrotutako egia borobila zenbait egunetan».

Laura Roux Gil: «Lehen alabarekin ama izan nintzen; bigarrenarekin, familia gara»

Ama batek eta bi alabak osatutako familia da donostiarrarena. «Hiru urteko Emma bikotekide ohiarekin izan nuen, eta, ondoren, ama bakarra izatea erabaki nuen, 40 urterekin. Nire alabak aspalditik zeuden nire pentsamenduan eta bihotzean, beti argi izan nuen bi seme edo bi alaba nahi nituela, beraz, erabakia hartuta nuen eta 2020an gure familia osatzeko aukera izan nuen. Alaba txikia, Ava, intseminazio artifizialaren bidez jaio da, emaile anonimoarekin; ez du aitarik, emaile bat du».

«Lehen alabarekin, ama izan nintzen; bigarrenarekin, familia bihurtu ginen. Beste edozein ama bezala, nire alabak ere osasuntsu, zoriontsu eta maitasunean haziak izatea nahi dut. Horregatik, etorkizunean, naturaltasun osoz azalduko diet haien jatorria. Espero dut familia aniztasuna are gehiago normalizatuko dela alabak hazten direnean. Txikiari azalduko diot esperma emaile baten eskuzabaltasunari esker jaio zela eta neskatila desiratu bat izan zela. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet amets hau posible egiten duten emaile guztiei».

Laura lanean ari da eta, zalantzarik gabe, bere familiaren laguntza garrantzitsua izaten ari da. «Bereziki, amak eta kanpoko pertsona batek laguntzen didate neskatoak zaintzen. Edozein familiarentzat da erronka bi neska txiki izatea. Niretzat ere bai. Baina ama bakarra izan arren, egia esan, ez nintzen inoiz orain bezain lagundua sentitu».

Familiaren laguntza sarea, ama taldeak eta MSPE bikotekiderik gabe ama izatea aukeratu duten emakumeen elkartea ditu bidaiderik onenak. «Familia normala gara, bi neskato txikirekin, haien barreekin, jolasekin, errutinekin, parkearekin, kasketekin, barre gehiagorekin... Aita bat ez egoteak ez gaitu inola ere mugatzen. Haur txiki baten hazkuntzak dituen erronkak ditugu. Ni oso pozik nago! Bi neska alai dira, positiboak, indartsuak, ederrak, adierazkorrak. Maitatuak eta seguru sentitzen dira eta ez zaie ezer falta. Bi amatasunak desberdinak izan dira, baina ez alabetako batek aita duelako eta besteak emailea, amatasun bakoitza desberdina delako baizik. Batek hamalau hilabeterekin hasi zuen haurtzaindegia eta besteak laurekin. Amatasun ezberdinak, maitasun bera».