INFO

Asteazkenetik aurrera, aurrez hitzordurik hartu gabe txertatu ahalko da Nafarroan, Foremen

Asteazkenetik aurrera, Nafarroako biztanleek aldez aurretik hitzordurik hartu gabe jaso ahal izango dute covid-19aren aurkako txertoa. Foremeko txertaketa-puntuan eskainiko da aukera hau.

Foremeko txertaketa gunean jarriko dituzte txertoak aldez aurreko hitzordurik hartu gabe. (Iñigo URIZ/FOKU)

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, aldez aurreko hitzordurik gabe txertoa hartzeko aukera emateko erabakia Osasun Sailak txertaketa-prozesua ahalik eta gehien malgutzeko duen estrategiaren barruan sartzen da.

Helburua txertoek ematen duten babesa herritarren artean ahalik eta gehien hedatzea da, haien eraginkortasuna egiaztatuta baitago birusak eragindako kutsatzeen, ospitaleratzeen eta heriotzen prebentzioan, azken buletin epidemiologikoak baieztatzen duenez. Izan ere, gaur egun ZIUn dauden pertsonen %80k ez dute txertoaren dosirik jaso.

Une honetan, txertoa 12 urtetik gorako biztanleei ematen ari zaie, eta, guztira, txertoa jar dezaketen biztanleen % 77,2 babestea lortu da.

Hitzordurik gabeko txertaketaz gain, Osasunbideak aktibo mantentzen ditu aldez aurreko autozita-prozedura guztiak (online, posta bidez eta telefonoz), bai eta politika proaktiboa ere, hainbat arrazoirengatik txertorik hartu ez duten pertsonak immunizatzera joan daitezen.

Aldez aurreko hitzordurik gabe lehen dosia jasotzeko aukera hilaren 25ean irekiko dute, asteazkenean, eta asteko egun guztietan eskainiko dute, 8.30etik 19.00etara, Foremen ezarritako txertaketa-gunean. Nafarroan bizi diren 12 urtetik gorako pertsonek eska dezakete, baita aldi baterako bertan bizitzen ari direnak ere.

Txertoa hartzeko, bertaratzen diren pertsonek nortasuna egiaztatu beharko dute nortasun-agiri baten (NAN edo pasaportea) eta/edo osasun-txartel baten bidez. Txertaketa-puntuan bigarren dosirako data emango zaie, beharrezkoa izanez gero.

Immunizaziorako, RNA mezulariaren edo dosi bakarreko adenobirusaren txertoak erabiliko dira (Janssen). Azken hori 18 urtetik gorakoei eta beren egoera pertsonalagatik bigarren dosi bat ziurtatzerik ez duten pertsonei bakarrik emango zaie.