INFO

Behin betiko baimena eman diote AEBek Pfizerren txertoari, larrialdiko erabileraz haratago

AEBetako FDA Elikagaien eta Medikamentuen Administrazioak baimen osoa eman dio covidaren aurkako Pfizerren txertoari, orain arte larrialdiko erabilera baino ez baitzegoen onartua. Erabateko argi berdea jaso duen lehen txertoa da eta, urrats honekin, eszeptikoak konbentzitu nahi dituzte agintariek.

Pfizer eta BioNTech laborategiek garatutako txertoa. (Christof STACHE/AFP)

Ohar baten bitartez, Janet Woodcock FDA erregulatzailearen jarduneko komisionatuak azpimarratu du, behin betiko argi berdea emanda, estatubatuarrak ziur egon daitezkeela Pfizerren txertoak «segurtasunari, eraginkortasunari eta fabrikazioaren kalitateari dagokionez» estandar guztiak betetzen dituela.

«Pandemiaren aurkako borrokan une erabakigarria da hau gure herrialdearentzat, oso kontziente baikara txertoa birusaren aurkako gure armarik handienetakoa dela», esan du Woodcockek.

Orain Comirnaty deituko den Pfizerren txertoak abenduaren erdialdean lortu zuen AEBetan larrialdietarako baimena 16 urtetik gorakoentzat, eta maiatzean 12 urtetik gorakoentzat ere onartu zuten.

Eszeptikoei eta txertoen aurkakoei mezua

Prentsaurreko horretan bertan, Peter Marks FDAko Ebaluazio eta Ikerketa Biologikoko Zentroko zuzendariak azaldu du fase berri honek oraindik immunizatu ez diren herritarrengan konfiantza handiagoa sortzeko helburua duela.

«Txerto hau ebaluatzeko prozesu zorrotzak jarraitu ondoren, orain arte zain egon direnek txertoa hartzea espero dugu», adierazi du Marksek.

Era berean, argi berde horrek «baieztapen faltsuak» uxatzea espero duela esan du, hala nola, txertoek «ugalkortasunaren galera dakartela, mikrotxipak dauzkatela, gaixotasuna eragiten dutela eta milaka pertsona hil dituztela». «Utzidazue argi hitz egiten, baieztapen horiek ez dira egia: txerto bat jasotzeak bizia salba diezazuke», azpimarratu du.

Orain arte, AEBetan 170 milioi estatubatuarrek baino gehiagok jaso dute kobidaren aurkako txertoa, eta horietatik 92 milioik baino gehiagok Pfizerren seruma jaso dute.

Modernak, Pfizer bezalako ARN-Mezularia duen txertoa garatu duen beste farmazialariak, emandako informazioa aztertzen ari da orain FDA, honek ere onarpen osoa lor dezan, larrialdietarakoa baino ez baitu. Erabakiak asteak har ditzake.

Johnson & Johnsonek, AEBn larrialdietan erabiltzeko hirugarren txertoa garatu duenak (kasu honetan adenobirus batetik abiatuta, txerto tradizionalen gisan), laster baimena lortzeko eskaera aurkeztea espero da.

FDAren astelehen honetako erabakia azken hilabetean kasuek eta ospitaleratzeek gora egin duten bitartean eman da jakitera, delta aldaeraren hedapena dela eta.

FDAk, halaber, dagoeneko immunizatuta dauden pertsonei Pfizer eta Moderna txertoak indartzeko hirugarren dosi bat emateko aukera aztertzen ari da orain. Gobernuak irailaren 20an hasi nahi du hura jartzen, delta aldaeraren hedapenari aurre egiteko.