INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Esnearen prezioa gutxieneko 0,70 euroan ezartzea galdegin dute EHNEk eta ENBAk

EHNEk eta ENBAk "Esne Martxa" egin dute Usurbilen eta Hernanin. Esnearen distribuzio kateei exijitu diete egokitu ditzatela euren salneurriak «esne kate osoko kostuak estaltzeko modukoak» izan daitezen eta, halaber, esnearen gutxieneko salneurria 0,70 euroan finkatzeko galdegin dute.

Traktoreak atera dituzte "Esne Martxa"ra esnearen prezio baxua salatzeko. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Hogei traktore eta dozenaka kotxek Usurbilgo Urbil merkatalgunetik Hernanirako martxa egin dute asteazken goizean, ENBA eta EHNE sindikatuen deialdiari batuta esnearen prezio baxuagatik protesta egiteko. Salatu dute distribuzio kate ezberdinek beren «salneurri baxuko politikarekin» esnearen ekoizpen katea «itotzen» dutela.

"Esne Martxa" deitu dioten ekimenak bertan hartu duten baserritarren produktuak saltzen dituzten dendak izan ditu jomuga. Urbil merkatalgunea lehenik eta Hernaniko saltokiak gero.

Galarretako gunean amaitu dute protesta eta, bertan, EHNE sindikatuko Garikoitz Nazabalek eta ENBAko Iñaki Goenagak hartu dute hitza. Sindikatuetako arduradunek kezkaz agertu dute esnearen sektoreak bizi duen «egoera larria» eta azken asteetan egindako lanaren berri eman diete ekimenera batu diren baserritarrei.

Gogoratu dute pasa den ekainaren 14an pentsuaren eta bestelako kostuen igoerak, argindarrarena kasurako, sortutako «itomena» salatu zutela Donostian eta, geroztik, bi sindikatuak distribuzio kate ezberdinekin jarri dira harremanetan «esne sektorearen egoera larriaren berri emateko».

«Hitz politak izan ditugu baina emaitzarik apenas, eta eman direnak, positiboak izan arren, oso motz geratzen dira esne ekoizleak bizi duten krisi sakona kontuan hartzen badugu», agertu dute Nazabal eta Goenagak.

«Katebegi ahulena»

Salatu dute distribuzio kate ezberdinek beren «salneurri baxuko politikarekin» esnearen ekoizpen katea «itotzen» dutela, berezi «katebegi ahulena den» ekoizlea, eta datuak eman dituzte egoera zein den ulertzeko: Espainiako Ministeritzako Prezioen Behatokiak egindako azterketak erakutsi du esnearen salneurria litroko 0,68 zentimokoa dela, hau da, Ministeritzak ezarritako preziotik zortzi eta hamar zentimo artea behera, aipatu pentsuaren igoera kontuan izan gabe. Bestalde, deitoratu dute Estatu espainiarrean saltzen den esnearen ia %45 0,65 euro azpitik saltzen dela.

Hala, EHNEk eta ENBAk distribuzio kateei exijitu diete egokitu ditzatela euren salneurriak, «esne kate osoko kostuak estaltzeko moduko salneurriak ezarriz eta bereziki, baserritarren errentagarritasuna bermatzeko». Halaber, esnearen gutxieneko salneurria 0,70 euroan finkatzeko galdegin dute.