Hiru gazte atxilotuta goizaldean, Ertzaintzari botilak jaurtitzea egotzita
Hiru gazte atxilotu ditu Ertzaintzak gauerdian, bi Donostian eta Andoainen beste bat, «desordena publikoa» eta «atentatua» egotzita, ertzainei botila jaurtitzeaa leporatuta. Kasu bietan, Ertzaintzaren arabera, zalaparta eragiten ari ziren lagun taldeekin hasi dira istiluak.
26 eta 23 urteko bi gazte atxilotu dituzte larunbat honetan Donostian, eta 21 urteko beste bat Andoainen, «desordena publikoa eta atentatua» egotzita. Lakuako Segurtasun Sailaren arabera, «poliziak iraindu eta botilak botatzeagatik» egin dira atxiloketak. Aske utzi dituzte hirurak, epailaren aurrean deklaratzeko zain.
Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, goizaldeko hirurak aldera Bulebarrean lagun talde handi bat irainak egiten hasi da, Alde Zaharrean eta erdialdean ezarritako zaintza-dispositibo bereziaren barruan zeuden polizien aurka.
Ertzaintzaren arabera, zalaparta eragiten zuen taldeko lagun batek «botila bat bota die ertzainei». Azaldu dutenez, poliziek pertsona hori atzeman dute eta identifikatzen saiatu direnean, «beste gazte bat gerturatu da polizia lana oztopatzeko», eta «agente bati ere eraso egin dio». Hori dela eta, bi gazteak atxilotu dituzte, «desordena publikoa eragitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua» egotzita.
Bestalde, goizaldeko laurak baino pixka bat lehenago, Andoainen gazte talde bat ikusi dute «kalean edaten eta zaratak eragindako eragozpenak sortzen».
Ertzaintzak zabaldutako informazioaren arabera, osasun-araudia betetzen ez zuelako desegiteko eskatzean, «kideetako batek zeraman botila bat hautsi du eta ertzain baten aurka oldartu da». Hori dela eta, atxilotu egin dute.
Datozen orduetan, ertzain-etxean beharrezko izapideak egin ondoren, atxilotuak epailearen esku geratuko dira.