Gurpildun aulkiko saskibaloiko euskaldunek final-laurdenak jokatuko dituzte Tokion
Asier Garcia, David Mouriz, Jordi Ruiz eta Manu Lorenzok txartela ziurtatu zuten dagoeneko azken-aurreko jardunalditik, baina Agurtzane Egiluz eta Beatriz Zudairek historia egin dute Espainiako selekzioarekin, igande honetan lehen saiklapena lortu baitute.
Gurpildun aulkiko saskibaloiko euskaldun guztiek, bai emakumezkoek eta bai gizonezkoek, Tokioko Paralinpiar Jokoetako final-laurdenak jokatuko dituzte. Asier Garcia, David Mouriz, Jordi Ruiz eta Manu Lorenzok txartela ziurtatu zuten, eta gaur bertan, Japoniaren aurka, beste garaipen bat erdietsi dute (79-61) sailkapen faseko azken neurketan.
Emakumezkoetan, Herbeheretako selekzioak, Munduko txapeldunak, ez dio aukerarik eman Agurtzane Egiluz eta Beatriz Zudaireren (4 puntu sartu ditu) taldeari, 24-63 galdu baitu Ariake Arenan jokatutako jardunaldiko lehen partidan. Hala ere, galdu arren, Abraham Carrionek zuzendutako taldeak historia egiten jarraitzen du, final-laurdenetarako txartela ziurtatuta baitute. Izan ere, larunbatean beste mugarri bat ezarri zuten gurpildun aulkiko saskibaloian, Aljeriari irabaziz (8-80), Paralinpiar Jokoetan eskuratzen duen lehen garaipena lortuz.
Espainia Paralinpiar Jokoetan estreinatu zen Bartzelona '92an, anfitrioi bezala gonbidatua, eta Kanada, Australia, Alemania, Japonia eta Frantziaren aurkako bere bost partidak galdu zituen, zortzigarren postuan amaituz.
29 urte geroago, Agurtzane Egiluz eta Beatriz Zudaireren taldeak 2019an Rotterdamen jokatutako Europako Txapelketan Tokion lehiatzeko txartela lortu zuen. Algeriaren aurkako garaipena, Jokoetako lehena, B multzoan dauden AEBen aurkako (egungo txapeldun paralinpiarra) eta Txinaren aurkako bi porroten ondoren etorri zen.
«Hasieran uste genuen Holanda indartsuena izango zela, eta Txina eta Estatu Batuak ez zirela erakutsi duten bezain indartsu egongo. Adibidez, Txinak Holandari irabazi zion, Munduko txapeldunari. Beraz, uste baino multzo indartsuagoa egokitu zaigu adierazi dio igande honetan Egiluzek Tokiora joan den Basque Teameko komunikazio taldeari.
B multzoko bost selekzioetatik lau final-laurdenetara igaroko dira eta gasteiztarraren taldeak poltsikoan du txartela. «Amets bat da. Gure lehen jokoak dira guztientzat. Nerbioak eduki ditugu, baina baita hemen egoteko gogoa ere. Ez dugu hemen egotearekin bakarrik konformatu nahi, historia egiten jarraitu eta final-laurdenak irabazi nahi ditugu finalerdietan sartu ahal izateko», azpimarratu du.
Finalerdietara iristeko, Basque Teameko kirolariak esan duenez, tiro-portzentajea hobetu behar dute eta batez ere, kontzentrazioari eutsi behar diote 40 minutuetan. «Ezin ditugu besoak jaitsi bi ekintza ondo ateratzen ez zaizkigunean», aitortu du Egiluzek.