INFO

‘Egun bat, herri bat’ kanpaina martxan Arbonako lur okupazioa sostengatzeko

Dagoneko 68 egun igaro dira ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak lursail bat okupatu zutenetik, Arbonan. Laborantza lurren salmenta espekulatiboari aurre egiteko xedez, 26 herritatik heldutako lagunak txandakatuko dira irailean zehar Berroetako okupazioari indarra emateko.

Laborariek okupatutako lurretan landutako baratzeak fruituak eman dituela agerian utzi dute gaurko agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

Dagoeneko 68 egun igaro dira ELB sindikatua eta Lurzaindia elkartearen ordezkariek Arbonan lur eremu bat okupatu zutenetik. Laborarientzat beharko luketen lurrak erosle aberatsen eskuetan erortzen direla salatzeko abian eman zuten ekimena.

Laborantzarako egokia den 15 hektareako lursaila hiru milioi euroan saldua izan da Arbonan. «Laborariek laborantxa lurrak prezio xuxen batean erosteko zailtasunak dituzten garai huntan, prezio ikaragarrietan egiten diren salmentak ez gaituzte axolagabe utzi behar», adierazi zuten orduan bi eragileek elkarrekin argitaratu zuten prentsa ohar baten bitartez.

Geroztik eragile anitzen sostengua jaso du mugimenduak. Eledun politikoen zein gizarte alorreko ordezkarien bisita jaso dute laborariek.

Izan ere, Arbonan gertatu den salmenta espekulatiboa kasu isolatua ez dela nabarmenduz ekimena zabaltzeko egitasmoa prestatu dute. Hala,  txandakako okupazio egutegia aurkeztu dute astelehen honetan.

Berroetako Okupazioaren Sostengu Taldea sortu dute

«Iparraldean egoera berdintsu badira xoko askotan» azaldu dute ‘Egun bat, herri bat’ lemapeko kanpaina aurkezteko deituriko prentsaurrekoan.

Herrika edo eskualdeka bilduko dira okupazioa hauspotzeko nahikeria duten lagunak.

Hala 26 herritatik heldutako lagunekin okupazioaren molde berdina plantan emanen dute laster Berroetako bidean kokatzen den lur eremuan.

«Iparraldeko biztanle frangok beren sustengu azkarra erakutsi diote ekintza honi, laborarien arranguraz haratago egoera honek jendartea hunkitzen duela erakutsiz», azaldu dute agerraldian.

Okupazioaren alde dagoen edozein herritarrek bere tokia hartu ahal dezan Arbonako ekimenean Berroetako Okupazioaren Sostengu Taldea (Bost) eratu berri dute.

Sustengu taldeak «laborantza lurrak laborariendako izan daitezen eta lurra merkantzia hutsa baino elikagaien emaile izan dadin» lan egingo du, espekulazioaren salaketa lan iraunkorra eginez.

Okupazioa hasi zenetik «beste hainbat salmenta espekulatibo martxan direla Ipar Euskal Herri osoan zehar salatuz» jende anitz hurbildu dela Arbonara azaldu dute agerraldian.

Laborarien ustez horrek erakusten du Arbonako lur okupazioa «mugimendu herrikoi zabal baten sinboloa bilakatu dela».

Horrendako, hain zuzen, herriz herri heldutako sostengua antolatzeko parioa egin dute. Herri bakoitzak 24 orenez okupazioa bermatzeko ardura hartuko du. Behin behineko zerrendan hiru lurraldetako 25 bat herri edo eskualde eta Nafarroa Garaiko bertze bat (Baztan-Lekaroz) agertzen dira.

Saferren prozedurari erantzuteko azken data, irailaren 16a

Agorrilean zehar, Arbonako lursaileko aurreko jabearekin zein erosle berriarekin harremanetan jardun badute ere, laborariek ez dutela akordiorik erdietsi azaldu dute prentsaurrekoan.

ELBk eta Lurzaindiak eskaintza pragmatikoa jarri zuten mahaigainean, jabeari etxaldea eta inguruko lurrak atxikiz gainerako eremu zabala laborien esku uzteko proposamena eginez. Momentuz ez dute erantzunik jaso.

Bestalde, laborantza lurren zaintzeko ardura duen Safer egituraren bidez plantan eman zen prozedurari erantzuteko azkeneko epea irailaren 16an amaituko da. Data horrendako erantzuna eman behar dute salerosketa operazioan parte hartu zuten pertsonek. Bata Parisen bizi da, bestea Suitzan.

Data horren inguruan sostengu kanpaina azkartzeko beharra nabarmendu dute Lurzaindia elkatea eta ELB sindikatuko kideek. Lurziandiaren Lur Besta Arbonako lurretan iraganen da aurten, irailaren 18an.