INFO

Ministro afganiarra izatetik Alemanian banatzaile bezala lan egitera

Sayed Sadaat Komunikazioko ministroa zen Afganistanen pasa den abenduan herrialdea utzi eta Alemaniara alde egin zuen arte. Bizikletaz janaria banatzen du orain Leipzig hirian.

Sayed Sadaat Afganistango ministro ohia, bizikleta helduta lanera joan aurretik. (Jens SCHLUETER/AFP)

Lanaldia sei ordukoa da astelehenetik ostiralera, eta eguerditik 22.00ak arte asteburuetan. Sayed Sadaat-ek kolore laranjadun uniforme bat darama, enpresaren bereizgarria, eta bere bezeroen eskaerak eramaten dituen motxila. Rider-a da orain, banatzailea.

«Ez da lotsarik izan behar, beste edozein lan bezala da», azaldu dio 50 urteko gizonak AFP agentziari Leipzigeko kaleetan, Alemaniako ekialdean.

Hala ere, trantsizioa gogorra izan zen berarentzat, eta talibanak boterera iritsi ondoren Alemaniako indarrek berriki ebakuatu dituzten milaka afganistanei ohartarazteko balio dezake Sadaat-en kontakizunak.

Afganoak dira, aspalditik, Alemanian bizi den migrante talde ugariena siriarren atzetik, 2015etik 210.000 asilo-eskaera inguru izan baitituzte.

Sayed Sadaat Kabulgo gobernua talibanek hartu baino hilabete batzuk lehenago iritsi zen. 2016 eta 2018 bitartean, Afganistango Komunikazio ministerioaren buru izan zen.

Gobernuaren barruko ustelkeriarekin nazkatuta zegoelako utzi zuen postua, eta telekomunikazioen sektoreko aholkulari-lana aurkitu zuen, azaldu duenez.

2020an, segurtasun falta zegoen Afganistanen. «Orduan, alde egitea erabaki nuen», dio.

Afganiar eta britainiar nazionalitateak dituen arren, 2020aren amaieran Alemanian kokatzea erabaki zuen, Brexitak Erresuma Batuko herritarrentzat ibilbide hori zaildu baino lehentxeago. Bestalde, nazionalitate britaniarra duenez, Sayed-ek ezin du eskatu errefuxiatu-estatutua, ez eta dagozkion prestazioak ere.

Sayed Sadaat Alemaniako Leipzig hirian elkarrizketa ematen. (Jens SCHLUETER/AFP)

Baina hizkuntza jakin gabe zaila da lana aurkitzea. Eta covid-19ren pandemiak eta konfinamendu-neurriek ez zioten ikaskuntza erraztu.

Orain, egunean lau ordu ematen ditu alemaniera ikasten, bizikletarekin atera aurretik, Lieferando enpresaren bidez janaria banatzeko.

15 euro kobratzen ditu orduko, eta bere beharrak asetzea lortzen du horrekin.

Aldi baterako egonaldia

Banatzailearen lanpostua «denboraldi mugatu baterako da, beste lanpostu bat aurkitu arte», dio.

Irribarretsu, lan honek sasoian jartzeko balio izan diola ospatu du, hilean 1.200 kilometro inguru bizikletaz eginez.

NATOk Afganistanen dituen tropak erretiratu ondoren, Sayed-ek uste du erabilgarria izan daitekeela Alemanian. «Gobernu alemaniarrari aholku eman diezaioket, eta saiatu afganiar herriak probetxua atera diezaion, lurraren irudi errealista eman baitezaket», esan du.

Oraingoz, ordea, ez du harremanik Gobernuarekin, beraz etxez etxeko janariaren banaketak du lehentasuna berarentzat.

Lanaldia hasi berria da, eta telefono mugikorrera lehen eskaerak sartzen hasi zaizkio. «Orain joan egin behar dut» esan eta agurtu egin da, euripean galdu baino lehen.