INFO

Pertsonen bizi kalitatea hobetzeko ‘Erlauntza’ proiektuan dabiltza Donostiako hainbat botika

Donostiako Udalaren egitasmoa da ‘Erlauntza’, herritarren autonomiari eta bizi kalitateari mesede egiteko sortua. Hiriko zazpi auzotako 15 botika ari dira bertan parte hartzen, diziplina anitzeko profesionalekin batera.

«Erlauntza» proiektuaren bileretako bat.

Komunitatearen osasunaren aldeko elkarlana da ‘Erlauntza’, Donostiako Udaleko Ingurugiro Saileko Osasuna Sustatzeko taldeak bultzatzen duena eta 2018tik sendotzen ari dena. Proiektuan lanean ari diren botikek balorazio oso baikorra egiten dute. Gaur egun Gipuzkoako Farmazilarien Elkargo Ofizialeko 15 farmazia dira, hiriko zazpi auzotan banatuta, tokian toki diziplina ezberdinetako profesionalekin elkarlanean ari direnak, jendearen bizi kalitatea eta autonomia hobetu, mantendu edota berreskuratzeko.

Bilera batzuen ondotik, 2018an ekin zion egitasmoak bere bideari. Egonkortu egin da eta orain Altza, Amara, Bidebieta, Egia, Gros, Intxaurrondo eta Parte Zaharrean dago martxan. Auzo horietan, enfoke ezberdinetatik lan egiten duten profesionalek, instituzio publiko nahiz pribatuetan, konfiantza handiko harreman bat lortu dute maiz elkartuz eta proiektuak partekatuz. Hala errazago egin dezakete lan helburu amankomun horretan: auzoan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzean.

Beste ekintza batzuen artean, osasun zentroetako saio klinikoetan parte hartzen dute botikek, eta zerbitzuen berri ematen diete herritarrei, osasun etxeekin komunikatzeko programarena, adibidez. Paziente zaurgarriak detektatu eta bideratzeko ekimena dute, eta medikazioaz, pixontziko arazoez eta beste osasun gai batzuez hitzaldi eta formakuntzak ematen dituzte.

Elkargoak ohar batean adierazi duenez, ekimen honek oso ondo egiten du bat Gobernu Batzordeak botika komunitarioaren paper soziala bultzatu eta sakontzeko duen xedearekin, dituen ezaugarriengatik (osasun profesionalen parte-hartzea, auzoetan presente egotea, erabiltzaileak ezagutzea eta eurengandik hurbil egotea…) eragin garrantzitsua izan dezakeelako inguruan.

Konfiantzazko harremanak oinarri

`Erlauntza´-n parte hartzen ari diren botikariek ere balantze ezin hobea egiten dute. Ane Otaegui Groseko Arrazola farmaziako langileak, adibidez, funtsezkoa ikusten du osasun profesional gisa beren lana egiteko osasun etxeekin edota gizarte zerbitzuekin erraz komunikatu ahal izatea eta auzotarrek botika ezagutzea. «Aukera bikaina da gure farmaziatik atera eta eskaintzen duguna eta etorkizunean eskaintzen ahalko duguna ezagutarazteko; arazoak detektatzerakoan, prebentzioan, osasunaren sustapenean eta abar. Osasunaren inguruko beste profesionalekin lan egiteko ere aparta da», esan du.

Egitasmoak auzoaren ikuspegi zabalagoa eman dio Otaeguiri, dauden beharrak eta garatzen diren proiektu eta ekintzak ezagutzeko aukera. Horri esker, ekintza horien berri ematen ahal die pazienteei, eta parte hartzea gomendatu. Gainera, oso ondo komunikatuta daude osasun etxearekin eta, hala, errazago eta azkarrago erantzuten diete zerbitzu sozialekin lotutako eskaerei.

Lierni Mendiaraz Egiako Mendiaraz Lasa botikako langileak erantsi du `Erlauntza´ bezalako proiektuak jendarte osoarentzat direla «aurrerapen bat» eta «pribilejioa» dela bertan inplikatuta egotea.

Partaideen gogo eta ilusioa azpimarratu ditu, baita auzoan sortutako sareen bidez herritarren bizi kalitatea hobetzeko dagoen benetako gaitasuna» ere. Horretarako oinarria konfiantzazko harremanak dira berarentzat.