INFO

Desalojoari elkartasunez erantzuteko deia egin du Arrotxapeako Gaztetxeak

Arrotxapeako Gaztetxeko kideek elkarretaratzea deitu dute ostegun goizean, desalojoaren egunean, gune autogestionatua defendatzeko.

Epaiketan zeuden gaztetxeko kideei sostengua adierazteko elkarretaratzea Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Irailaren 2an, ostegunean, utzaraziko du Poliziak Iruñeko Arrotxapea auzoko gaztetxea, 2016an ireki zen prozesu judizial luze baten amaiera tristea emanez.

Azken epaiketan jasotako epaiaren arabera, goizeko 9.00etan agertuko dira agenteak Artika kaleko 28. zenbakira, auzoko gazteek okupatu aurretik Carser autobusaren nabea zen eraikinera.

Zain izango dituzte, halere, auzoko hainbat gazte, Arrotxapeako Gaztetxeko kideek elkarretaratzea deitu baitute ostegunean 8.30ean gune autogestionatuaren defentsan.

Hustearen aurkako egunak mugituak izaten ari dira gaztetxearen inguruan. Joanes Velazquez gaztetxeko kideak esplikatu duenez, polizia-agenteak ez dira gaztetxeko ataritik mugitu igandeaz geroztik. «Astelehenean liskarrak egon ziren beraiekin bi gazte identifikatu zituztelako. Suposatzen da gaztetxearen inguruan dabilen edonor identifikatzeko agindua dutela. Baina guk gauzak ditugu barruan eta badugu eskubidea gauza horiek hartzeko. Azkenean, abokatuek poliziekin hitz egin zuten eta adostu zuten utziko zigutela sarten betiere identifikatu ostean. Gaztetxean zer sartzen dugun ere apuntatzen dute», esan du.

Prozesu judizial luzea

Ostegunean gauzatuko den desalojoak prozesu judizial luze bat du atzetik. 2016an okupatu zuten eraikina Arrotxapeako zenbait bizilagunek eta horietako hiru identifikatu zituen Poliziak okupazioaren lehenengo astean.

Lur-sailaren jabeek, hau da, Konpentsazio Batzordea osatzen duten La Caixa banketxeak, Iruñeko Udalak eta Talleres San Pedro enpresa pribatuak salaketa jarri zuten gazte hauen kontra, bost urte iraungo zituen prozesua hasiz.

Jabetza aldaketa bat ere egon da, ordea, azken urtean. La Caixari zegokion zati bat funts putre amerikar batek erosi du eta honek etxebizitzak egiteko proiektu bat aurkeztu zuen, hain justu gaztetxeak aldarrikatzen duenaren kontrakoa: «Auzoan etxebizitza huts pila bat daude eta uste dugu gaztetxearen proiektua askoz garrantzitsuagoa dela hau baino, erabilera anitz ditu antolakuntzarako eta auzoaren beharrak asetzeko», dio gaztetxeko kideak.

Lehen epaiketan, epaileak esan zuen ez zela administratiboki epaitu behar, modu zibilean baizik eta 2018an izan zen bigarren epaiketa. Orduan, «epaileak ikusi zuen kontraesan bat zegoela, hau da, alde batetik Iruñeko Udalak salaketa jarri zuela baina, bestetik, 2017an Udaleko bilkuran esan zuela ez zegoela ados gaztetxearen kontrako epaiketarekin», azaldu du Velazquezek.

Kontraesan hori argitzeko eskatu zion epaileak Udalari eta epaiketa atzeratu zuen. Hirugarren epaiketa 2020ko martxoan egin behar zen, baina pandemiak berriz ere data atzeratu ostean, aurtengo urtarrilean egin zen, azkenik.

Martxoan jaso zuten epaia Arrotxapeako gazteek. «Sententzia horretan agertzen zen irailaren 2an goizeko 9.00etan desalojatuko gintuztela eta auzoko hiru gazteak absolbituko dituztela», azaldu du Velazquezek.

Azken epaiketa horretan, gainera, gaztetxeko kideek hainbatetan salatu dute haien defentsa eskubidea urratu zela. Asanbladako kidearen ustez, azken epaiketarako izendatu zuten epaile berriak prozesua «gainetik kendu nahi zuen» eta desalojoarekin itxi. «Epaiketa honetan ez genuen defentsarako eskubiderik izan, inputatuek ezin izan zuten hitz egin, ezta abokatuek ere», gaitzetsi du.

Prozesu judizial malkartsuaz aparte, Arrotxapeako Gaztetxeko kideek isunen mehatxu etengabeei egin behar izan diete aurre, udal ordenantza batek jasotzen baitu auzo iruindarreko gune autogestionatu honetan edozein ekimen publiko egitea debekatuta dagoela. «Edozein hitzaldi edo kontzertu antolatuz gero, udaltzaingoa etor daiteke, gu identifikatu eta isunak jarri. Egia da momentuz ez dela ezer iritsi, agian desalojoarekin iritsiko dira», esan du gaztetxeko kideak.

Elkarretaratzea 8.30ean

«Gaztetxearen proiektua eta espazioa defendatzeko» elkarretaratzea egingo dute Arrotxapeako Gaztetxearen parean ostegunean, 8.30ean, eta «elkartasunezko antolakuntzara» batzeko egin diete gaztetxeko kideek iruindarrei.

Gaztetxearekin batera, Joanes Velazquezen ustez, auzoak galduko baitu ostegunean: «Uste dugu antolakuntzarako aukerarik gabe geratuko garela auzo mailan eta baita Iruñerria mailan ere, espazio erreferentea izan delako kolektibo ezberdinentzat».