INFO

Auzo, ostalaritza eta gazte-elkarteekin hitz egiteko foroak eskatu dizkio EH Bilduk Mayari

Astelehenean Iruñeko Udaleko Covid-19 Batzordean eztabaidatzeko ekimenak aurkeztu ditu EH Bilduk. Besteak beste, auzo, ostalaritza eta gazte-elkarteekin hitz egiteko foroak eskatu dizkio Enrique Maya alkateari, gaueko aisialdirako irtenbideak adosteko.

EH Bildu Iruñeako Udal taldea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Iruñeko Udalak, terrazen sistema udazkenera zabaldu aurretik, Alde Zaharreko, Zabalguneko eta Ostalaritzako auzo-elkarteetako solaskideekin hitz egiteko eta entzuteko prozesua irekitzeko konpromisoa hartzea defendatuko du EH Bilduk, astelehenean, Covid-19 Batzordean.

Halaber, gazteen sektoreko elkarteekin elkarrizketa eta entzute prozesu bat irekitzea proposatuko dio koalizio subiranistak Enrique Maya alkateari, «gaueko aisialdirako alternatiba eta irtenbide adostuak bilatzeko».

Hala, EH Bilduk bi foro irekitzea proposatu du: bata, bi auzo horietako bizilagunak eta ostalariak bilduko dituena, terrazen gaia jorratzeko; eta bestea, Udalaren eta gazteen elkarteen artekoa, botiloi deiturikoei espazioak eta alternatibak eskaintzeko. EH Bilduren ustez, «azken ostegunetan, Alde Zaharreko kaleetan bizi izandakoak gainditu egiten du botiloi eta terrazei buruzko eztabaida, eta azterketa zabala eta partekatua eskatzen du».

Lehenengo elkarrizketa-prozesuari dagokionez, talde abertzaleak gogorarazi du terrazak ezartzeko edo handitzeko ezohiko neurriak «hasieratik osasun-egoerari eta 2020ko martxoaren 14a baino lehenagoko baldintzak berreskuratzeari lotuta egon ziren; beraz, gure ustez, egokia da neurri horiek aztertzea eta baloratu eguneratu behar diren ala ez» inplikatutako sektoreekin. Besteak beste, EH Bilduk Alde Zaharreko eta Zabalguneko ostalaritza elkarte nagusiak, AZ Ekimena edo Alde Zaharrean elkarrekin bizitzeko auzo plataformak aipatu ditu.

Bigarren foroari dagokionez, hau da, Udala eta gazte-elkarteak bildu behar dituenari, koalizio subiranistak honako hau defendatzen du: «Gazteek aisialdirako aukera anitz eta eskuragarririk ez izatea da une honetan arazorik handienetariko bat. Makro botiloien ugaritzeak, batzuetan guztion ongiaren aurkako jardunbide oso insolidarioa zapaltzeko ahaleginean sortutako istiluek, azpian dagoen pultsua eta gatazka islatzen dute, eta hori ez da poliziaren erantzun baten bidez konponduko», esan du EH Bilduk.

Egoera horren aurrean, erakunde publikoek zergatiak aztertzen, eskariak ezagutzen eta epe ertain eta luzerako irtenbideak bilatzen lagundu behar dutela uste du EH Bilduk. «Adierazpen politikoak onartzea ez da nahikoa, Iruñeko gazteen kezkak, egoera, beharrak eta eskaerak bertatik bertara ezagutu behar dira», argudiatu du.