Erakusmahaiak itzuliko dira ‘online’ denda mantenduko duen 56. Durangoko Azokara
Atzerako kontaketa hasi da: Abenduaren 3tik 8ra izango den 56. Durangoko Azokara erakusmahaiak itzuliko dira. Ez da ohiko Azoka izango, edukiera osasun neurriei lotuta egongo baita, baina aurrez aurrekoaren aldeko apustua egin du Gerediaga elkarteak, iazko ‘online’ denda mantenduz, era berean.
Gauzak bere ‘onera’ itzultzen ari direla ematen du; pixkanaka eta buruhauste dexenterekin, baina badoaz. Horren adierazle, Gerediaga elkarteak eman duen albistea: astelehenean 56. Durangoko Azokako izen-ematea zabaldu da hurrengo edizioaren parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile nahiz autoekoizleek izena eman dezaten.
Irailaren 19ra bitartean bitartean dute horretarako epea eta durangokoazoka.eus webgunetik egin dezakete eskaera.
Edukierarekin gora eta behera
Aurtengoa, ‘trantsizioko’ urte bat legez aurreikusten da Azokako antolakuntzan. Publikoaren itzulera garrantzitsua oso baita, baina edukiera LABIk finkatutakoaren menpe dago. Egun indarrean dagoen dekretuaren arabera, mota honetako ekitaldietan neurriak zorrotzak dira: 1.600-5.000 pertsonen edukiera duten guneetan, barnean 800 pertsona onartzen da gehienez, eta 1.200 kanpoan. 5.000 pertsona edukiera baino gehiago dutenenen gunentzat, edukieraren %30.
Bestalde, azken aldaketaren ostean, egun antzokientzat finkatutako edukiera %60a izango litzateke... baina abendura bitartean gauzak alda daitezke.
Azokako antolakuntzatik argi dute normalitatera itzultzerako bidean, hauxe eman beharreko lehen urratsa izango litzatekeela. Zenbat erakusmahai alokatzeko interesa dagoen jakin nahiko dute eta, horren ondoren, edukiera eta egoeraren arabera, aurrez aurreko Azokara itzultzeko bidean aurrera joko lukete. Agian, esaterako, ikusleak txandaka sar daitezke Landakon.
‘Online’ salmenta eta beka
Beraz, abenduaren 3tik 8ra ospatuko den edizio berri hau erronkaz beterik dator. Horrez gain, iazko online salmentaren arrakasta ikusita, eta aforoa mugatua izan beharko denaren jakitun, online dendari ere eustea erabaki dute, parte-hartzaileei salmentarako aukera gehiago eskainiz eta bertaratu ezin diren kulturzaleei ere erosketa ahalbidetuz.
Beraz, aurten erakusmahaia alokatzen duten eragile guztiek, modu presentzial eta digitalean hartuko dute parte Durangoko Azokan.
Bestalde, kultur sorkuntza digitala ardatz duen Sormen Bekaren laugarren edizioan parte hartzeko epea zabalik dago eta irailaren 21an itxiko da. 15.000 euroko diru saria jasoko du irabazleak eta Durangoko Azokan emango da honen berri. Deialdiari buruzko informazio zehatza, webguneko Sormen Beka DA! atalean dago eskuragarri.