Emaitzarik onena eman dien formula zukutzen jarraitu nahi dute enpresek Logroñon
Altuna III.a eta Lasok berriz ere elkarren kontra jokatuko dute kaiolan, Iruñekoaren errebantxa moduan. Ardoaren Desafioa ere elkarren aurka ariko dira, kasu honetan binaka, eta ez dute binakako torneoan parte hartuko.
Asko sinplifikatuta, gaurkoa bezalako zalantzaz beteriko egoeren aurrean, bi jarrera nagusi daude: egoera gauza berriak probatzeko aukera bezala hartu edo daukagun gutxi edo asko hori gordetzen saiatzekoa. Pilota enpresen kasuan argi dago bigarren aukera horren aldekoagoak direla eta uda amaitzeko, azken hilabeteetan emaitzarik onena eman dien formula erabiliko dute udari amaiera emango dion San Mateotako feriarako; hau da, Jokin Altuna eta Unai Laso elkarren aurka jartzearena.
Berez feriaren ardatza izaten den binakako torneotik at utzi dituzte amezketarra eta Bizkarreta-Gerendaingoa, baina jaialdiak egongo diren bost egunetatik bitan elkarren aurka ariko dira. Feria hasteko, San Mateo egunez, irailaren 21ean, kaiolan neurtuko dituzte indarrak, sanferminetako lau eta erdiko finalaren errebantxa gisa aurkeztu duten partidan. Udako bi partidarik onenak izan dira buruz buru bi pilotari hauek jokatu dituztenak, kaiolan Labriten eta kantxa osoan Donostian eta gauza bera egiteko moduan izango direnaren esperantzaz berriz ere partida bera programatu dute, bestelako aukerak baztertuz.
Lau egun beranduago, binaka ariko dira gipuzkoarra eta nafarra elkarren aurka, kasu honetan Ardoaren Desafioaren barruan, binaka. Martija izango du atzelari Altunak eta Ander Imaz Lasok. Desafioa osatzeko, Zabala eta Zubizarreta ariko dira lau eta erdian eta Dario eta Asier Agirre kantxa osoan.
Binakako torneoa
Normalean feriaren ardatza izaten den binakako torneorako ere ez da berritasun nabarmenik iragarri eta Iruñean egindakoaren bidetik jarraituko dute, enpresa bakoitzak bina bikote elkarren aurka jarriz finalerdietan, hau da, finalean enprea bakoitzeko bikote bana izango dela bermatuz. Aspek Ezkurdia-Rezusta, 2016an torneo hau elkarrekin irabazitako bikotea jarri dute, Victor-Zabaletaren aurka. Espero zen erroixarren batek lekua izango zuela ferian eta Eibarko enpresako arduradunek Victorren aldeko apustua egin dute, nahiz eta azkenaldian Dario sekualako emaitzak pilatzen ari den.
Baikok, bere aldetik, Olaizola II.a-Mariezkurrena eta Jaka-Albisu kantxaratuko ditu. Masterretik kanporatua, lizartzarra oso partida gutxi izaten ari da eta Logroñora arte ez dago inon iragarria, nahiz eta Baikok bere baitan duen azken azken txapelduna bera izan.
Binakako feria honetako finalerdiak hilaren 22 eta 23an jokatuko dira eta finala irailaren 26rako dago iragarria. Lehen bi jaialdiak arratsaldeko 19.15etarako daude iragarriak eta gainontzekoak asteburuetako ohiko ordutegian.