Abascal Arrasaten egongo da larunbatean, Parot askatzearen aldeko martxaren aurka
Eskuin espainiarra kanpaina zabala ari da antolatzen, espetxean jada 31 urte daramatzan Unai Parot askatzeko hurrengo larunbateko ekimenaren harira. Azken adierazgarria, Vox-eko agintari nagusi den Santiago Abascal Arrasatera etorriko dela. Eta ez da kontrako ekitaldi bakarra izango.
Jada espetxean 31 urte egin dituen Unai Parot askatzearen aldeko mobilizazioa jakitera eman zenetik, honen aurka egin dute PPk eta Voxek bereziki, 31 kilometrotako martxa hori «omenalditzat» hartuaz. Zenbait hedabidek ere puztu dute gezurretan oinarritutako kanpaina. Gaur astelehenean jakin denez, herri mobilizazioaren aurkako ekitaldia deitu du AVTko presidente izandako Francisco Jose Alcarazek (egun Vox-eko diputatuak), Arrasaten bertan, eta hitzordura etortzeko asmoa du alderdi ultraeskuindarraren buru den Santiago Abascalek.
Bere lehen aldarrikapena, edozein kasutan, herri martxa debekatua izatearena da. Horretarako burubelarri lanean egon dira azken asteotan alderdi hauek polizi elkarteekin batera. Auzitegi Nazionalera debeku esku jotzeaz gain, Denis Itxaso Gobernu espainoleko ordezkaria presionatzen ahalegindu dira.
Arrasateko hau ez da Parotek espetxean jarrai dezan antolatutako ekimen bakarra. PPk aurreratu duenez, ETAk eragindako biktimak bilduko ditu Donostian eta Estatuko beste zenbait puntutan. Carlos Iturgaizek igandean Vocento taldeko egunkarietan argitaratutako elkarrizketan adierazi duenez, kartzela da Unai Paroti dagokion toki bakarra. Noiz arte ez du argitu.
Bitartean, larunbateko ekimenaren prestaketekin aurrera egiten dute Arrasateko norbanako eta elkarteek, sostengua handia duelako 31 kilometrotako martxa honek. Aurreko astean gogora ekarri zutenez, «legea bete ezkero etxean beharko luke izan» Unai Parotek.