Euskal Hezkuntzak behar duen eraldaketaren baitan EAErako proposamen zehatza egin du EH Bilduk
Egungo hezkuntza sistemak agortuta daudela eta herri honen erronkei erantzuteko gai ez direla iritzita, EH Bilduk euskal hezkuntza sistema publiko burujabea erdiesteko bidea marraztu du, eta heldu den larunbatean jorratuko dute koalizioaren ordezkariek. Tartean, EAErako trantsiziorako proposamena.
Hezkuntza sistema eta haren gaineko hausnarketek garrantzi handia izango dute hasi berri den ikasturtea. Hala adierazten dute azken egunetan egin izan diren hainbat adierazpenek, hala nola Lakuako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, edo Eusko Ikaskuntzak bideratuta iragan larunbatean Donostian izandako eztabaida saioa, nazio mailan gogoeta eta akordioa erdiesteko abian jarritako prozesuaren baitan kokatzen dena.
Eta, bide beretik, EH Bilduren Konferentzia Politikoak koalizioaren mahai politikoak onartutako hezkuntza sistema burujaberako proposamen berritua jorratuko du heldu den larunbatean, hain zuzen, hezkuntzarena herri honek duen erronkarik handienetakoa dela iritzita.
EH Bilduren baitan hilabeteak daramatzate gaia lantzen, Pello Otxandiano koalizioaren programa zuzendariak gaur eguerdian nabarmendu duenez. Bera izan da larunbateko hitzorduaren berri eman eta proposamenaren nondik norakoak eta testuingurua azaldu dituena, Bakartxo Ruiz eta Unai Urruzuno kideak ondoan zituela.
Adierazi duenez, beharrezkoa da berandu baino azkarrago «euskal hezkuntzaren gainean gogoeta estrategikoa» egitea, besteren artean, berezkoak dituen ahulguneei aurre egin eta aurrera begira dituen arriskuei erantzuteko. Azken hauen artean, jaiotze tasaren beherakada, segregazioa eta euskalduntzean ematen ari den atzerakada aipatu ditu.
Edonola ere, prentsaurrea pandemia garai hauetan «bere onena eman duten langileei esker ona» adieraziz hasi duen agerraldian, EH Bilduko kideak aipatu du somatu dutela Hezkuntza komunitatea osatzen duten eragileengan «aldaketarako gogoak» badaudela, eta nabarmendu du azken urteetan indar asko metatu dela eta eragile askok hausnarketak egin baitituzte norabide horretan.
Testuinguru horretan kokatu du Otxandianok, baita ere, Eusko Ikaskuntzak abiatutako egitasmoa, eta EH Bilduren «babes osoa» adierazi dio Euskal Hezkuntza Akordio Nazionala lortzeko asmo horri.
Akordioa erdiesteko prestutasuna
Hain zuzen, EAEko eta Nafarroako administrazioak bertan egiten ari den lanari begiratu beharko lioketela esan du, eta gaineratu du, egiturazko aldaketa hori gauzatzeko baldintza batzuk bertan garatuago daudela kontuan hartuta, badela garaia EAEn Hezkuntza Hitzarmena erdiesteko.
Haren esanetan, hitzarmen horrek hainbat ezaugarri bete beharko lituzke, hala nola, «herri ikuspegiz» garatzea; «eraldatzailea» izatea, jauzi kualitatibo bat eman dadin; bateratzailea izatea; eta, horrekin batera, euskal hezkuntza Europako herrialde aurreratuenen arrastoan jartzeko balio dezala.
Bere kidegoari proposamen honen harira lan egiteko mandatua emango duen EH Bilduk uste du Hezkuntza Hitzarmen hau modu erabat parte hartzailean lortu behar dela, eta balio behar duela datozen 20 urteetarako hezkuntza sistemaren oinarriak jartzeko.
Horretarako, eta kazetarien galderei erantzunez, gainontzeko alderdiekin akordioak hitzartzeko «erabateko prestutasuna» dutela nabarmendu du Otxandianok.